ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Pertsonaia





Iker Fernandez



Futbola maite zuen hegalaria



Jaioteguna: 1977ko irailaren 9a.
Jaioterria: Donostia
Kirol ibilbidea: Snowboardeko Munduko Rankingean bigarren 2002 urtean.
Zaletasunak: futbola, skatea, surfa.

Donostiatik atera gabe aurki dezakegu mundu mailako elur gaineko izarra. Iker Fernandez du izena, 24 urte ditu eta iaz Salt Lake Cityko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen snowboardean. Dominaren bat eskuratzeko faboritoen artean zegoen, baina azkenean gauzak ez zitzaizkion behar bezala atera. Ikerrek ez du etsi nahi, ordea, eta hurrengo Olinpiadetan domina lortzeko asmoa erakutsi du. Ohol gainean jauziak eta txiribueltak egiten aparta da Iker Fernandez eta iaz, esate baterako, snowboardeko munduko sailkapeneko bigarren postuan amaitu zuen denboraldia.


Lau urte zituela hasi zen Iker eskiatzen, eta orduz geroztik ez da elurretatik urrundu. Dena den, 11 urte bete arte futbolean ere aritzen zen. Berak aipatu duenez, «hasieran hondartzan aritzen nintzen, eta ondoren Añorgan, futbol federatuan. Futbolari trebea nintzen, ukitu onekoa eta Realera iristea zen nire xedea, baina beti arazo berbera nuen: futbola edo snowboarda, bata edo bestea aukeratu behar...». Skatean eta surfean ere ibiltzen zen, futbolarekin eta snowboardarekin batera, eta azkenean elur gaineko kirolari heldu zion buru-belarri. Hamaika urterekin hasi zen modalitate horretan, eta ordurako Richard eta David bere anaiak ere ibiltzen ziren horretan. «Hasi nintzenean, eski-gunean zegoen ohol bakarretarikoa alokatzen nuen, eta han jarduten nuen bakar-bakarrik. Hasiera ez zen batere erraza izan: eskiatzaileek elurra kentzen niela eta arriskutsua nintzela esaten zidaten oihuka», dio Ikerrek.