Protagonista
«Txirrindulari profesionala izatea da nire ametsa»
*Hamaika urte zituela hasi zen txirrindularitzan Sergio de Lis. Aurretik saskibaloian eta trialean ibilia zen 16 urteko donostiar hau. Espainiako txapeldunordea da pistako ziklismoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizun Oneko Kirolaria izendatu zuen 2002an.*
Ziklismoan hasi aurretik, saskibaloian ondo moldatzen omen zinen.
Saskibaloian hasi aurretik motorrean ere ibili nintzen, trialean, 5 urterekin. Aita horretan aritzen zen, eta nik ere trialeko proba batean parte hartu nuen Katalunian, 9 urte nituela. Ordurako saskibaloian ere jokatzen hasia nintzen, 7 urterekin.
Hain gazterik motorrean ibiltzen hasteak ez al zizun arazorik eman?
Orduan erabilzen nuen motorra 49 cc-koa zen, handiegia niretzat, eta martxak aldatzeko orduan-eta izaten nituen, bai, arazoak.
Zer dela-eta pasatu zinen motorretik bizikletara?
Hasieran saskibaloia eta txirrindularitza tartekatzen nituen, baina azkenean bata edo bestearen arteko aukera egin behar izan zuen, eta ziklismoa hautatu nuen.
Pistan eta errepidean aritzen zara. ziklo-krosa falta zaizu bakarrik...
Ez dut inoiz probatu, baina tentatzen nau, bai... Gertatzen dena da pistako denboraldia eta ziklo-krosekoa garai berean izaten direla, eta ez da posible biak egitea.
Errepideko eta pistako ziklismoaren artean zein duzu nahiago?
Biak gustatzen zaizkit, eta biak egin ditzaket, pistako denboraldia amaitzen denean hasten baitira errepideko lasterketak.
Pistako txirrindularitzatik bizimodua ateratzeko modurik izango bazenu, prest egongo al zinateke «pistard» profesionala bilakatzeko?
Bi txirrindularitza mota horiek ditut helburu, pistakoa zein errepidekoa. Errepidean gaizki ibiltzen banaiz, pistara itzuliko naiz, eta alderantziz. Bakar baten ordez bi modalitateak praktikatuz gauza asko ikasten dira.
Espainiako txapeldunorde izan zara pistan. Espero al zenuen horrelakorik?
Ezusteko galanta izan zen niretzat! Lehenengo kanporaketan 200 metro korritu behar ziren. Txanda asko egin ziren, eta lehenengo zortziak sailkatzen ziren finalerako. Finalean uste baino hobeto aritu eta bigarren postuan geratu nintzen.
Beraz, esprinterra zara.
Oso ondo moldatzen naiz esprintetan; eta, bestela gainontzean, txukun aritzen naiz. Gorputzaldi onean ez nagoenean, esprinter oso ona naiz, eta sasoi betean nagoenean aldapan gora ere primeran ibiltzen naiz.
Jalabert bezalako txirrindulari konpletoa ala Cipollini bezalako esprinter bikaina?
Biak gustatzen zaizkit. Cipollini asko gustatzen zait, eta Jalabert, berriz... Bera bezalakoa izatea asko gustatuko litzaidake. Jalabertek duen adina izan (34 urte) eta halako irabazle senari eustea ere...! Nabaritzen zaio txirrindularitza asko gustatzen zaiola. Cipollini, berriz, erregea da, onena; karisma berezia du. Olano ere asko gustatzen zait; kritika asko jaso ditu Indurainekin konparatu nahi izan dutelako beti, baina nahiko nuke nik bere palmaresa izan. Horiek beste galaxia batekoak dira, eta hemendik urte pare batera ikusiko da gora irits naitekeen ala ez.
Zein da zure ametsa?
Txirrindularitzatik bizitzea eta urte askoan jarraitzea profesional bezala. Oso zaila da profesionaletara iristea, baina ez banaiz heltzen ere ez zait mundua buru gainera eroriko.
12 urterekin 48a zen zure oinetakoen zenbakia. Halako oin handiek ez al dizute molestatzen pedalei eragiteko orduan?
Zapatilak aurkitzeko makina bat komeria izan ditut. Ziklismoan hasi nintzenean, zapatilak Elxetik ekartzen nituen, eta berehala apurtzen ziren, gainera. Orain oin handia duten ziklista gehiago daude, eta ez daukat arazorik. Umetan oina oso luzea eta estua nuen, eta ezin nuen 48 zenbakiko zapatila normala jantzi. Duela bi urtera arte, zapatila oinean ondo geratzeko bi plantilla eta bi galtzerdi pare janzten nituen...
|
| |
 |
 |
|