![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
«Kirolariaren atzetik, pertsona onak egon behar du»

Igor Uranga
Pertika jauzia, luzera jauzia, abiadura lasterketak, pentatloia... denetarik egin duzu. Oraindik ez al duzu, bada, guztiz erabaki zer egin nahi duzun?
Bai, bai. Duela hiru urtetik pertika jauzian nabil buru-belarri. Taldearekin Ligan bi lehiaketatan aritzea egokitzen zait, eta horregatik luzera jauzian ere aritzen naiz. Hasieran denetarik probatu nuen, eta luzera jauzia eta jauzi hirukoitza nituen gustukoenak, baina pertika ezagutu nuenetik horretantxe nabil.
Gaitasun edo ezaugarri jakin batzuk behar dira horretan aritzeko?
Ausardia behar da, baina nire entrenatzaileak dioen bezala: «Nahiago dut beldurra duen jendea eta hori gaindituko duena, suizida izatea baino». Garrantzitsuena da sentitzen duzun beldur hori ondo bideratzea, kontrolatzen jakitea; hori oso garrantzitsua da pertika-jauzilariarentzat. Horrez gain, indarra, abiadura ere oso garrantzizkoak dira, eta altua bazara, hobe.
Zein adinetan komeni da modalitatea horretan hastea?
Atletismoan zenbat eta gazteago hasi, orduan eta hobeto. Pertika jauzia gustatzen bazaizu, hasieran astean behin entrenatzen hasiko zara, gero bitan... Zenbat eta gazteagoa izanda, gainera, lehenago aipatutako beldur hori ez da sentitzen. Nazioartean, elite mailan dabiltzan pertikalari gehienak 21-23 urteren bueltakoak dira.
Dana Cervantes Espainian zure aurkari nagusia denak aurrea hartu dizu aurten proba guztietan, eta zure errekorra ere apurtu du. Mendeku gogoz zaude?
Bai horixe. Onartzen dut berak aurrea hartzen didanean izorratu egiten nauela, baina horrexek berak indarra ematen dit hurrengorako. Pista estalian ni baino hobeto ibili da aurten, baina orain atari zabalean gauzak aldatzea espero dut. Aurten, aste berean hiru bat errekor apurtu ditugu bion artean, eta horrek, agian, geure arteko pikea areagotu duela pentsaraz dezake, baina ez da horrela. Hedabideek bion arteko lehia hori puztu egin dute; baina tira, futbolaz hitz egin beharrean pertika jauziaz hitz egiteko balio badu...
4,45 metro da zure errekorra. Zenbat gehiago salta dezakezu?
Ez dakit, baina dezente gehiago.
Atenasen Joko Olinpikoak dira aurten. Han al duzu burua?
Olinpiadetan egoteko 4,40 metro saltatzea eskatzen dute, eta altuera hori erraz gainditu beharko nuke; ezin dut hutsik egin. Duela bi urte, altuera hori gainditu nuen, iaz 4,45 metro; gainera, fisikoki duela bi urte baino askoz hobeto nago. Beraz, altuera hori eta gehiago gainditzeko ez nuke arazorik izan behar.
Norbaitek pentsa dezake elitera iritsi zarela oso neska aritzen delako kirol honetan.
|
Arrazoia du, hein batean. Hasieran oso neska gutxi genbiltzan, markak ez ziren aipagarriak, baina egun askoz emakume gehiago ari gara, eta markak izugarri hobetu dira. Onenak 5 metroko jauziak egiten hasi dira, eta hori gizonezkoen 6 metroekin pareka daiteke. Hori lortu dutenak oso gutxi dira, ordea.
Ekinaren ekinez, edonor irits al daiteke elitera?
Bai, baina gutxieneko baldintzak ere behar dira. Asko saiatu arren, modalitate jakin baterako ez baduzu balio, alferrik ariko zara.
Eta goi mailan zaudenean, bizitza goitik behera aldatu behar al da?
Nik ez dut aldatu. Hasieran astean hiru bat egunetan entrenatzen zarenean, ez duzu bizitza aldatu behar, lagunekin ateratzen jarrai dezakezu... Gora egin ahala entrenamenduak areagotu egiten dira, eta neu behintzat igande goizetan ere entrenatzen naiz. Horrek esan nahi du larunbat gauetan ezin naizela atera, baina gauza guztiak negozia daitezke. Nik, ordea, ez dut batere ilusiorik gauez kalera ateratzeko, ilusioz gainezka nago nire kirol helburuak lortzeko. Gainera, oso gazterik hasi nintzen nire mutil-lagunarekin ateratzen, eta beraz ez dut inoiz halako lotura esturik izan koadrilarekin. Gauez neu ere atera izan naiz parrandan, baina ez zait asko kostatu gau giro hori uztea.
Goenkalen ikusi izan zaitugu...
Aurpegi berriak sartu nahi zituztela-eta deitu zidaten. Egun batean gimnasioko eszena bat grabatu genuen, eta bukaeran gustura geratu zirela-eta ea jarraipen halako bat egiteko prest nengoen galdetu zidaten. Lehenengo grabazioan ondo pasatu nuen, eta hor nabil saltsan. Dena dela, aitortu beharra dut ez zaidala batere gustatzen neure burua telebistan ikustea, lotsatu egiten naiz. Ez naiz inoiz Goenkaleren jarraitzailea izan, eta orain hor azaltzen naizenean lotsa sentitzen dut. Kamera aurrean aritzea ez zait gehiegi kostatzen, ez nau inpresionatzen, baina antzeztea gehiago kostatzen zait, zailagoa da; zer esanik ez, jarraitu beharreko testua aurrean duzunean. Paper txiki eta errazak jartzen dizkidate, ordea, eta horrek dena errazten du. Piper egin dudanean, ezin izan dudanean grabaziora joan, ondo portatu dira, ez dira haserretzen.
Aktore izan nahi?
Ez dut planteatu ere egin. Ondo pasatzen ari naiz grabazioetan, baina ez dut beste ezertan pentsatzen.
Ospearen zama nabaritzen hasita?
Ez, baina barregura edo grazia egiten dit Anoetan umeak, gaztetxoak niregana erdi lotsatuta hurbiltzen direnean. Kirol emaitza guztien gainetik pertsona zintzoa, jatorra izaten saiatzen naiz. Entrenatzaileak sarritan esaten dit kirolariaren atzetik pertsona zintzo eta jatorrak egon behar duela. Izan ere, eliteko kirola uzten denean, jendea pertsonarekin geratzen da, ez kirolariarekin.
|
|
|
|
Dana Cervantes eta Naroa Agirre
Bata –Dana Cervates– malagarra eta bestea –Naroa Agirre– donostiarra. Bien arteko lehia gogorra da, eta iaz euskalduna nagusitu bazen ere, aurten, momentuz, andaluziarra hobeto dabil.
|
Kate motzean Gehien miresten duzun kirolaria:
Sergei Bubka pertika-jauzilari ohia. Eredugarria. Gauzak ez zaizkizunean ondo ateratzen, zer egiten duzu?
Normalean alboan dudanari errua egotzi, baina gero konturatzen naiz nirea izan dela errua. Oporretako leku bat:
Hondartza duen edozein leku. Janari bat:
Italiar janaria, pasta. Ikusteko, gizonezkoen kirola ala emakumezkoena?
Ikuskizun ederra bada, biena. Operación Triunfomaniaren jarraitzailea al zara?
Lehenengo edizioa pixka bat jarraitu nuen. Bartzelonan, unibertsitateko pisukideekin ikusten nuen. Baina handik aurrera, ez dut gehiago ikusi. Ez Operación Triunfo ez Gran Hermano ere, entzun? Gogokoen duzun Donostiako txokoa: Pasealeku Berria olatuak daudenean. Realeko zein jokalarirekin afalduko zenuke gustura asko?
Kapitainarekin, Aranzabalekin. Film bat:
Te doy mis ojos. Telebistako saio bat:
Los Serrano eta Goenkale, jakina. Amets bat:
Joko Olinpikoetan domina bat lortzea. |
Argazki albuma
3 urterekin mendian |
Baserritarrez, 4 urterekin |
Ez pentsa Naroa Agirre umetako bi argazki hauetan bezain serioa eta lotsatia denik, gaur egun. Alderantziz, hiztuna ez ezik, irribarre zabalekoa ere bada. Arantxa eta Karlos gurasoek mendira eramaten zuten txikitatik. Bestetik, donostiarra izaki, santotomasetan baserritarrez janzten zuten, jakina,
Pertika jauziari ekin aurretik, Naroa Agirre luzera jauzian hasi zen, eta egun ere jarraitzen du. Goiko argazkia 1997ko apirilekoa da, eta 17 urte baizik ez zituen Naroak. Urte hartan, 6,14 metroko jauzia egin zuen.
Pertika jauziari buru-belarri heldurik, errekorrak bata bestearen atzetik etorri dira. Iazko uztailean, 4,41 metroko jauziarekin Espainiako errekor berria jarri zuen, ondoren ondu egin zuten marka alegia.
Hasteko, luzera jauzia |
Espainiako errekorra |
|
|