ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Barandiaran lizeoa

Ikastetxez ikastetxe, Barandiaran Lizeoan

Monitore harrobia ere baden ikastetxea


Barandiaran Lizeoa eta Zurriola Ikastolaren arteko Kirol Topaketa martxoaren 10ean egin zuten.


Barandiaran Lizeoko ikasle gazteenek 12 urte dituzte, eta DBHko lehen urtean daude. Zaharrenei erreparatzen badiegu, 30 urtetik gorakoren bat ere aurki genezake, eta ez ikasturteak ezin gaindituta dabilelako, ikastetxeak eskaintzen dituen Goi Mailako Heziketa Zikloetan matrikulatuta dagoelako baizik. Izan ere, DBH osoa, modalitate desberdinetako batxilergoak eta 18 urtetik gorakoei gordetako Goi Mailako zikloak eskaintzen ditu duela 30 urte artean lehen hezkuntza baino ez zuten Donostiako zenbait ikastolaren ekimen bateratu gisara sortu zen lizeo honek.

Eta izaera berezi hori kirol jardueretan ere islatzen da. Lizar Irazusta irakasleak argitu digunez, soinketa eskoletan, jolas-orduetan eta euren kabuz ez ezik, ikastetxeak eskaintzen dizkien eskolaz kanpoko kirol jardueretan ere egin dezakete kirola Barandiaran Lizeoko ikasleek. Baina eskaintza hori berezia denik ezin uka: bakarra ez bada ere, eskolaz kanpoko kirol jardueretan futbolari tartea egiten ez dion ikastetxe bakarretakoa izango da. Baina ez pentsa Barandiaran Lizeoa futbolaren aurkako kanpainaren batean murgilduta dagoenik, ezta gutxiago ere. Gertatzen dena oso bestelakoa da... Hain zuzen ere, Barandiaran Lizeoko ikasle guzti-guztiak, ezinbestean, aurretik beste ikastetxeren batean ibilitakoak dira, eta taldeko kirolen batera –futbolera edo saskibaloira– engantxatzea lortu dutenek jatorriko ikastetxeetako lagunekin jokatzen jarraitzen dute askotan. Barandiaran Lizeoak, bestalde, ez dio aparteko garrantzirik ematen ikasleen artean kirolaren lehia-dimentsioa sustatzeari eta bai, horren ordez, kirolaren alde atsegin, ludiko eta bizi osorakoa nabarmentzeari.
Hortaz, alor horretako eskaintza, eskolaz kanpoko kirolari dagokionez, nahiko ludikoa izan ohi da, eta ikasturte honetan lizeoko ikasleek eskalada, aerobica eta igeriketa izan dituzte aukeran.

Nekez ikusiko duzue sailkapenen goiko postuetan Barandiaran Lizeoko talderik. Horren ordez, kirola egiten primeran pasatzen duten neska-mutilak aurkituko dituzue. Jarrera horren isla zuzena duela aste batzuk Zurriola Ikastolako adiskideekin batera egin zuten Kirol Topaketa izan zen. Altzako kiroldegian, jolas eta festa giroko egun aparta igaro zuten guztiek, kirolaren lehia kutsua baztertu eta horren alde dibertigarrenaz gozatuz. Iaz ekin zioten estreinakoz beste batzuentzat eredugarria izan daitekeen jarduera honi, eta aurten aurkitu omen dute hori eratzeko modu egokia; hala, datorren urtekoa noiz helduko zain daude... Aurtengo Topaketan atera argazkiak erabili ditugu orrialdeok alaitzeko.

Kirolaren alde hori nabarmentzen ikasten dute, beste gauza askoren artean, Barandiaran Lizeoak eskaintzen duen Goi Mailako Heziketa Zikloetako batean izena eman eta Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapenean trebatutako goi mailako kirol teknikari bilakatzen direnek. Ziklo horretako ikasleak edota ikasketak burututa dituzten teknikariak dira, hain zuzen, Donostiako gainerako ikastetxe ugaritan lanean diharduten monitore asko eta asko. Horiek ereiten ari diren haziak balioko ahal du behin eta berriro hizpide dugun arazo bat –14-15 urteen bueltan gertatzen den etena– konponbidean jartzeko...

www.barandiaranlizeoa.com




Ikasleen artean, gazteenen artean batik bat, ez zaio garrantzi berezirik ematen kirol lehia sustatzeari Goi Mailako Kirol Teknikariak prestatzen dituen heziketa zikloa ere badu Barandiaran Lizeoak