ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Korrika egitea

Sasoi betean

Nor bere kabuz ere izan daiteke atleta


Korrika egitea ariketa guztiz naturala da.


Badira ezaupide tekniko bereziak eta instalazio aproposak behar dituzten atletismo modalitateak, baina guztiek funtsean naturak hankabiko sortu zuen gizakiarentzat guztiz naturalak diren jarduerak daude. Pausoa bizkortu eta korrika egitea, esate baterako.

Arrazoi bat edo beste tarteko, beti egin izan du korrika gizakiak, baina duela 30 bat urte moda-modan jarri zenez geroztik, munduan gehien praktikatzen den kirola ere bada korrika egitea. Jarduerak arruntegia ematen zuelako-edo, hori ‘dotoretu’ nahirik footing esaten zitzaion hasieran Frantzian eta Espainian korrika egiteari. Hitzak ingeles kutsua izan arren, ingelesez mintzatzen direnek ez diote sekula horrela deitu, eta jogging hitza erabiltzen dute korrika egiteko modu berezi hori izendatzeko. Zein modu bereziz ari gara? Bada, plazer hutsagatik korrika egiteaz.

Adituek diotenez, 8 urtetik aurrera egin

daiteke korrika kirol gisara, baina aditu horiexek diote adinik egokiena 15 urtetik aurrera iristen dela, adin horretan heltzen baitira gihar eta artikulazioak osasunerako arriskurik gabe korrika egiteko behar duten heldutasunera.

Hain zuzen ere, artikulazioentzat eta sistema kardiobaskularrarrentzat da, batik bat, onuragarria korrika egitea, baina kirola gaizki praktikatuz gero, arazo nagusiak ere gorputzaren atal horietan sor daitezke.

Oso garrantzitsua da, hortaz, korrika egiten hastea erabaki aurretik behar bezala informatzea eta eskarmentua dutenei aholkuak eta gomendioak eskatzea. Horrek, bide batez, korrika egiteari leporatzen zaion eragozpen bat saihesteko bidea ematen du: ondo egiten bada, korrika egitea ez da batere aspergarria...


Gomendioaka

1
Gauza guztiak bezala, har ezazu patxadaz, korrika egiten hasi eta astebetera ez baitago maratoi bat egiterik. Aurreneko egunetan, egin ezazu zatitxo bat korrika eta beste bat arin ibiliz, eta ez lotsatu lehen asteetan korrikaldi laburrak egiten badituzu. Horrelaxe ikasiko duzu, besteak beste, zure gorputzak dituen sentsazioak identifikatzen, eta hori oso garrantzitsua da.

2
Aparteko osasun arazorik –bihotzekoak edota artikulazioetakoak, batik bat– ez duen edonork egin dezake korrika, ahalegina bere egoerara egokitzen badu. Guztiek, hasiberriek zein maila handikoek, arreta handiz zaindu behar dituzte hala ere bi puntu: hasierako beroketa eta ondorengo luzatze-ariketak.

3
Korrika egiteko ez da konpainia handirik behar, baina hobe da taldean irtetea bakarrik aritzea baino. Lagunekin batera bazoaz, horiekin solasean egin dezakezu korrika. Korrika zoazela ito gabe hitz egiteko gai bazara, ondo zoazen seinale...

4
Ekipamendua ere ez du apartekoa eskatzen korrika egiteak. Oinetakoak, ordea, oso garrantzitsuak dira, eta jantziek ere bi baldintza bete behar dituzte: izerdiari irteten utzi eta gorputza urra dezaketen osagairik ez izan. Gauez irteten bazara, ez ahaztu zure presentzia nabarmenarazten duten elementu islatzaileak

5
Korrika egiteari ekin aurretik horrek izan dezakeen eraginari buruzko zalantzaren bat baduzu, ez birritan pentsatu eta eskatu aholku medikuari edo adituren bati.