ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Eskalatzen ikasteko


Eskalatzen ikasteko

aukera handia dago



Mendiarekin zerikusia duten jarduera gehienak lotura estua dute, baina zalantzarik gabe esan daiteke gazteen artean arrakasta handiena duenetako bat eskalada dela. Aukera ugari dituzue ikasteko.


Eskalada ikuspegi desberdinetatik har daiteke aintzat. Ezaugarri jakin batzuek dituzten mendietara igotzeko ezinbestekoa da eskalatzen jakitea. Horrez gain, oinez ere igo daitezkeen mendiak beste bide batzuetatik igotzeko eta, horrenbestez, mendiaren aurpegi desberdinak ezagutzeko balio du. Kirol autonomo bezala ere egin daiteke, noski.

Gauza baterako zein besterako erabili, eskalada kirol oso teknikoa da, eta gogoak ezer gutxirako balio du funtsezko teknikak menderatzen ez badituzu, eta ezinbesteko materialak erabiltzen ez badakizu. Eskalatzen, beraz, ikasi egin behar da.

Eta eskalatzen ikasteko aukera ugari daude gurean. Hiruzpalau eskalada eskola daude Gipuzkoan eta, aurreko orrialdeetan aipatu bezala,
Gipuzkoako Mendi Federakundeak zein hainbat mendi elkartek maiz antolatzen dituzte maila guztietara egokitutako ikastaroak.

Rokodromoa toki guztiz aproposa da aurreneko urratsak egiteko. Donostian, Fortuna Kirol Elkarteak kudeatzen duen sekulako rokodromoa dugu Pio Baroja kiroldegian eta elkarteak berak ikastaro ugari antolatzen ditu bertan. Bost urtetik gorako haurrak has daitezke rokodromoarekin lehen harremana izaten astebeteko ikastaroan, eta hilabeteko zein hiru hileko hastapen eta hobekuntzarako ikastaroak ere badaude. Horiei, 9-16 urtekoei zuzendutako goi-mendirako hastapen ikastaroa gehitu behar zaie, eskalada eta beste jarduera batzuk uztartzen dituena. Fortunak, dena den, ikastetxeei zein lagun-taldeei egokitutako ikastaroak ere antola ditzake, norberaren neurri-neurrira.


Fortuna Kirol Elkartea
Pio Baroja Udal Kiroldegia.
Pio Baroja, 17 - Donostia.
943 21 49 00 telefonoa