ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Hitzorduak

Hitzorduak



Maiatzaren 22 eta 23an
eskalada ikastaroa


Eskaladan aurreneko urratsak egin nahi dituztenei zuzendutako hastapen mailako eskalada ikastaroa antolatu du maiatzerako Club Vasco de Campingek. Larunbat eta igandez, Santa Barbaran eta Uharte Arakilgo Aiztondon egingo dira saioak. Bazkide direnek 27 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek, berriz, 33 euro.

Izena emateko azken eguna maiatzaren 14a da. Interesaturik bazaude, hortaz,


jar zaitez lehenbailen harremanetan ikastaroa antolatzen duen elkartearekin.




Mendian lasai ibiltzea gogoko
dutenentzako irteerak


Oraingo honetan ere Club Vasco de Camping-ek antolatutako jarduera dakargu gogora, elkartearen baitan
sortu den senderismo taldeak bidali digun oharraren bidez.

Taldearen izena Poliki denez, antzemango duzue zein motatako ibilaldiak antolatzen dituzten. Normalean, nahiko jendetsuak izan ohi dira, eta nagusiek hartu ohi dute parte batik bat irteera hauetan. Horrelako ibilaldiak gogoko badituzu, jakin ezazu maiatzaren 23an Izkiko Natur Parkera joango dela taldea, eta ekainaren 5 eta 6an, berriz, Larrun mendira.

Argibide gehiago:
www.vascodecamping.org
info@vascodecamping.org
943 271 866




Kontuan hartzekoa

Federatu txartela



MUGIren apirileko zenbakia bete-betean mendizaletasunari eskaini diogunez, azken ohar hau ere gai horren ingurukoa da. Hain zuzen ere, MUGI irakurri ondoren mendira joaten hasteko asmoa baduzue, bada kontuan hartu beharko zenuketen zerbait: federatu txartela eskuratzea.

Donostia inguruko bidezidorretan ibiltzeko, federatu txartela edukitzea ez da ezinbestekoa, nahiz eta beti izan komenigarria istripu asegururen bat izatea, Mendi Federakundeak federatu txartelaren bidez eskaintzen duena zein besteren bat. Zuen asmoak handiagoak badira, ordea, pentsa ezazue birritan mendira asegururik gabe irten aurretik; hori gabe, izan ere, oso garesti atera daiteke edozein ezbehar.

Hainbat federatu txartel daude jarduera egingo den esparru geografikoaren arabera. Ustezko arriskua handitu ahala, noski, garestitu egiten da eta, hortaz, askoz merkeagoa da Estatuko mendietan burutzen diren jarduerak estaltzen dituena munduko gailur altuenetan gerta daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituena baino... Adinaren arabera ere desberdinak dira prezioak.

Har dezagun adibide gisa oinarrizkoena, espainiar Estatuan ibiltzeko balio duena. Federatu txartelari atxikitako aseguruak
honako jarduera hauek estaltzen ditu: mendizaletasuna, eskalatzea, rokodromoa, arroila-jaitsiera, espeleologia eta mendiko eskia eta, horiez gain, animalien haginkadak, izozketak, mendiko gaitzaren ondorioak... Zertxobait gehiago ordainduta, goi-mendiko eskia eta mendiko bizikleta ere sar daitezke estalitako jardueren barruan.

Aseguruak eskaintzen dituen zerbitzuen artean erreskatea, mediku eta farmazia asistentzia, erantzukizun zibila zein heriotzari edo erabateko elbarritasunari atxikitako kalteordainak aipa daitezke. Prezioei dagokienez –Estatu mailako txartela kontuan hartuta, betiere–, haur eta gazteentzako asegurua merkea dela esan daiteke. 1991z geroztik jaiotako haurrek 11,30 euro ordaindu behar dute urtean, eta 17,95 euro Pyrenaica aldizkari interesgarria jaso nahi badute. 1987tik 1990era bitartean jaiotako gazteek oso antzeko kopurua ordaindu behar dute: 11,90 eta 18,55 euro, hurrenez hurren. Kuota garestiena 1987a baino lehen jaiotako nagusiek ordaindu behar dutena da, 49,15 eurokoa baita aldizkaria barne.

Bada garrantzi handiko azken ohar bat ere: federatu txartela ez da Federakundean egiten, mendi elkarte edo klubetan baizik. Eta alor horretan ere aukera zabala duzue.


Zuen berrien zain gaude

MUGI zuekin guztiekin batera egin nahi dugu eta, horretarako, ezinbestekoak ditugu zuen ekarpenak.
Ikastetxeen, kluben, federazioen eta, oro har, kirolzale donostiar guztien esku-hartzea behar du MUGIk.
Hortaz, kontatzeko zerbait baduzue, esaguzue eta geu arduratuko gara horren berri emateaz:
Antolatzen dituzuen ekintzak: ikastaroak, txapelketak, bestelako jarduerak.
Zuen jarduerari loturiko berriak.
Erreportaje eta elkarrizketetarako gaiei buruzko iradokizunak.
Zuen iritziak.


Honako helbide hauetara bidal dezakezue informazioa, betiere MUGI erreferentzia argi ikusten dela:

Postaz:
MUGI
Donostiako Euskararen Udal Patronatua
Konstituzio plaza, 2. 20003 Donostia

Faxez:
MUGI
943 483 765

Posta elektronikoz:
MUGI
udala_euskara@donostia.org