Xakelariak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 12 2004/05 »  Xakelariak

Xakelariak

Iņigo Martin eta Leire Cruz

ĢXakelari gehienak nahiko despistatuak garaģ

Despistatuak direla esaterakoan, bat datoz 15 urteko Iņigo Martin eta 11 urte dituen Leire Cruz xakelariak. Baita beste gauza askotan ere. Horien eskutik saiatu gara xakea hobeto ezagutzen.


Sara Santos.
Ordu asko ematen dituzte taula aurrean dutela. Batere obsesionatu gabe, ordea...
ĢXakean neska gehiago aritzea nahi nuke, askotan neska bakarra naiz etaģ, dio Leirek


Iņigok Manteon ikasten du eta Leirek, berriz, Jesuitetan. Eskolan hasi ziren biak xakean, umetan, beste zenbait ikaskiderekin batera. Jokoa gogoko zutenez, eta ondo moldatzen zirenez, hurrengo urratsa Gros auzoan dagoen Euskadiko Xake Eskolan izena ematea izan zen. Azken sei urteotan ibilbide polita egin du Iņigok: lehiaketa ugaritan hartu du parte, Espainiako Txapelketa jokatzera ere iritsi da eta, adituen ustez, etorkizun handiko xakelaria da. Iņigo baino gazteagoa denez, urrats batzuk atzetik doa Leire, baina gero eta hobeto menderatzen ditu 5.000 urtetik gora dituen joko honen sekretuak.

Zuen ustez, zein dira xakelari on baten ezaugarriak?

Iņigo: Helburuak edukitzea eta anbizio handikoa nahiz lehiakorra izatea oso garrantzitsua da. Lehiaketan, anbizioa duenak irabazten du.

Leire: Ni ere oso lehiakorra naiz...

Iņigo: Pentsatzea ere oso garrantzitsua da, noski. Partida bat galtzen duzunean, partida goitik behera errepasatu eta gaizki egin duzuna aurkitu behar duzu, hurrengo batean akats bera ez egiteko.

Leire: Xakean aurkariaren kontra ez ezik zure akatsen kontra ere jokatzen duzu, eta akatsak galanki ordaintzen dira joko honetan.

Asko ikasi behar al da xakelari ona izateko? Jokaldi asko al dauzkazue buruz ikasita?

Leire: Ikasteak eta partidak ondo prestatzeak garrantzi handia du, bai. Taularen aurrean ezer prestatu gabe esertzen bazara, denbora galtzen hasten zara, urduri jartzen zara eta, azkenean, edozein moduz jokatzen duzu, eta hori arriskutsua da.

Iņigo: Oso erosoa eta praktikoa da - lehiaketetan, batez ere - ikastea, irekierak buruz jakitea eta partida aurrez prestatzea. Horrela, partidako denbora fitxak mugitzeko erabiltzen duzu, ez pentsatzeko... Eta, Leirek esan duen bezala, denbora ondo aprobetxatzea oso garrantzitsua da xakean. Dena den, uneren batean aurkariak beti egiten dizu liburuan ez datorren mugimenduren bat, eta une horretan pentsatzea tokatzen zaizu. Nik esaten dudan bezala, hori gertatzen denean liburua bukatu eta
xakea hasten da, eta inprobisatu behar hori ere oso praktikoa da. Hori da, hain zuzen, xakea.

Nola prestatzen zarete eta zenbat ordu ematen diozue egunero xakeari?

Iņigo: Nik ordenagailurako programekin eta liburuekin ikasten dut, eta jokatzen ditudan partidak errepasatzen eta aztertzen ere denbora dezente ematen dut. Orain, ordubete inguru ematen diot egunero xakeari, baina lasaiago nabilen beste bolada batzuetan ordu pare bat ere eskaintzen diot egunean.

Leire: Neuk ere, Xake Eskolako klaseez gain, ordubete inguru ematen dut egunean.

Egia al da aurkaria urduri jartzeko trukuak erabiltzen dituzuela?

Iņigo: Gerra psikologikoa asko erabiltzen da xakean, batez ere hastapenetan. Gero, aurrera egin ahala, garrantzitsuena jokatzen jakitea da, eta ez aurkaria urduri jartzea...

Xakean ikasi duzuen zerbait baliagarri gertatu al zaizue zuen bizitzan?

Leire: Nerbioak kontrolatzen jakitea, niretzat behintzat, oso baliagarria da azterketak heltzen direnean.

Iņigo: Ni lehen oso urduri jartzen nintzen azterketetan, baina orain ‘txertatuta’ nago... Xakelariok badakigu nerbioek ez dutela ezer onik ekartzen, eta eskolan ere oso praktikoa da hori. Gainera, xakean aritzeak beste gauza batzuk ikastea errazten dizula iruditzen zait: organizatuagoa zara, gehiago kontrolatzen dituzu gauzak.

Hala eta guztiz ere, Leirek eta Iņigok nahiko desorganizatuak eta oso despistatuak direla aitortzen dute, Iņigoren ustez xakelari ona izateko ia ezinbestekoa baita despistatu samarra izatea, batek daki zergatik... Biek diote, gainera, normal-normalak direla eta matematikekin ez direla batere ondo moldatzen. Eta beste zerbaitetan ere badaude ados: xakean jokatzen jarraitu nahi dute, baina horretarako aukera izango balute ere ez litzaieke gustatuko xakelari profesional izatea. Leire badu, haatik, eskaera berezi bat: ĢEa neska gehiago animatzen diren xakean jokatzera, askotan bakarra naiz eta...ģ.