Agenda


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 12 2004/05 »  Agenda

Agenda

Kontuan hartzekoa

Donostia mendiko bizikletaz



Donostiar askok ezagutu ere ez dugu egiten gure hiriaren landa eremua. Hala eta guztiz ere, nekazaritza kutsua gordetzen duten paraje ugari daude hiriaren inguruetan, nahiz eta apurka-apurka horiek ere desagertzen joan.

Club Vasco de Campingek ekimen berezia antolatu du hurrengo asteburuetan Donostiako landa ingurua hobeto ezagutzeko, eta lau irteera antolatu ditu mendiko bizikletaz egiteko. Hain zuzen, egun Donostiako landa auzo guztietan daude bizikletaz ibiltzeko errepide eta pistak, eta auto gutxi ibiltzen dira bide horietan. Mendiko bizikleta, beraz, egokia da oso bazter horiek ezagutzeko.

Lehenengo irteera-ziklo honetarako, Igeldo hautatu du Club Vasco de Campingek. Mendia zeharkatzen duten pistak aprobexatuz, lau ibilbide osatu dituzte. Ibilbide guztiek 25 bat kilometro dituzte, eta ordu pare bat behar da horiek burutzeko. Aldapatsuak badira ere ez dira zailak, eta egungo mendiko bizikletek dituzten garapenak kontuan izanda, bizikleta mota hori zertxobait menderatzen duenak batere arazorik gabe egin ditzake.

Aurreneko irteera larunbat batez egin zuten, maiatzaren 22an, Igeldo mendiaren iparraldean barna.
Maiatzaren 29an, halaber, iparraldea korrituko dute, eta ekainaren 5ean erdialdea. Ziklo honetako azken irteera ekainaren 12an egingo da, Faroko kamioaren eta Pilotegi bidearen inguruan alegia. Txango guztiak Kontxako bidegorritik abiatuko dira, Club Nauticoren parean, goizaldeko 9etan.

Ekimen hau, azken finean, aurreneko urrats bat baino ez da, sustapen jarduera bat, eta okerrik ez bada antzeko irteera gehiago antolatuko dituzte etorkizunean. Donostiako paraje ezezagunenak ezagutzeko ez ezik, txirrindularien prestakuntza hobetzeko ere lagungarriak izango dira eta, horri esker, aurrerantzean erronka handiagoei aurre egin ahal izateko ere egokiak.

Edonork har dezake parte irteera hauetan, baina antolatzaileek zenbat jende bilduko den aurrez jakin dezaten, komenigarria da izena elkartearen egoitzan edo telefonoz ematea.

Argibide gehiago:

Club Vasco de Camping www.vascodecamping.org
943 27 18 66
Iparragirre, 8. 18:00etatik 20:30era.


Ibilaldia



Maiatzaren 29 eta 30ean

Irati udaberrian

Urte osoan dira ederrak Iratiko basoak, baina udazkena eta udaberria dira Europako pagadi handienetakoa ezagutzeko une egokiena. Eta horixe proposatzen du Club Vasco de Campingek: Irati udaberrian ezagutzea. Maiatzaren azken asteburuan egingo duten bi eguneko txangoa esperientzia duten mendizaleei zuzenduta dago, 7-8 orduko ibilaldiak egingo baitituzte egunero.

Zailtasun ertain-handiko irteera da, hortaz, eta sasoi onean egin behar da mendi ibilaldia arazorik gabe burutzeko. Bestalde, komenigarria da federatuta egotea, eta argi uzten dute antolatzaileek ez dutela euren gain hartzen ibilaldian gerta daitezkeen ezbeharren erantzukizuna.

Bi eguneko ibilaldi honetan parte hartuko dutenek Orontzeko aterpetxean egingo dute lo. Bidaia, ostatua eta gidariak barne, txangoak 50 euroko prezioa du bazkideentzat, eta 62koa bazkide ez direnentzat, eta izena elkartean eman behar da.

Txango hau, esan bezala, ez da egokia mendian ibiltzeko ohiturarik ez dutenentzat, baina ez ahaztu Iratik beste aukera asko eskaintzen dituela, eta ibilaldi eder eta errazak egin daitezkeela bertan, ondo seinaleztaturiko bide ugari baitaude basoan barna.


MUGIren ekaineko zenbakia berezia izango da: bikoitza, batik bat udako kirol ekitaldi nagusi izango diren Joko Olinpikoei eskainia eta 2003-2004 ikasturteko azkena...

Udan kirol jarduera ugari antolatzen direnez, ahalik eta agenda osatuena eskaini nahiko genizueke. Hori dela eta, esaiguzue zer ari zareten prestatzen udarako. Kontaiguzue, oro har, zer duzuen esku artean, eta bidal itzazue zuen iradokizunak.

Beti bezala, oso beharrezkoak ditugu zuen ekarpenak donostiar kirolariei zerbitzu ahalik eta onena eskaintzeko eta, zuen iritzia kontuan hartuz, MUGI hobetzeko.
Honako helbide hauetara bidal dezakezue informazioa, betiere MUGI erreferentzia argi ikusten dela:

Postaz:
MUGI
Donostiako Euskararen Udal Patronatua
Konstituzio plaza, 2. 20003 Donostia

Faxez:
MUGI
943 483 765

Posta elektronikoz:
MUGI
udala_euskara@donostia.org