Gipuzkoarrak olinpiadetan


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 13 2004/06 »  Gipuzkoarrak olinpiadetan

Gipuzkoarrak olinpiadetan
Atenasera begira

Gipuzkoarrek ere egin dute historia olinpikoa


Diego Garcia, Barcelona 92 eta atlanta 96n hartu zuen parte.

1896 urteaz geroztiko Joko Olinpikoetan parte hartu duten milaka kirolarien artean, gizon eta emakume talde txiki bat baino ez dira maila horretara heldu direk gipuzkoarrak. Euren lerrotxoak utzi dituzte idatzita, ordea, Olinpiaden historian; baten batzuk urre, zilar eta brontze koloreko lerroak...

Gipuzkoako kirolari gutxi batzuk eskuan edo eskuratzear dituzte Atenaserako txartelak, eta horietako zenbaitentzat Aro Modernoko XVIII. Joko Olinpikoak ez dira aurrenekoak izango. Eta aurrekari faltan ere ez dira izango, gipuzkoar ugarik baitakite zer den jokoetan izatea. Orriotan gipuzkoarrek idatzi duten historia olinpikoaren zatitxoa berreskuratu nahi dugu, historian atzera eginez. Baliteke baten bat ahantzi izana, baina aipatuko ditugun guztiak izan dira.


Emakumeen hockey selekzioan beti dute presentzia garrantzitsua gipuzkoarrek. Bartzelonako urrea eta Atlantako azken postua elkarrekin bizi izan zituzten argazkian agertzen diren Nagore Gabellanesek eta Teresa Motosek.

XX. mende hasierako aitzindariak

Joko Olinpikoak 1896an berpiztu baziren ere, 1920an Anberesen egin ziren jokoetan hartu zuten parte estreinakoz gipuzkoarrek, hura izan baitzen Espainiarentzat ere lehen Olinpiada. Ignazio Mendizabal, Diego Ordoñez, Ignazio Mugerza eta Miguel García Onsalo atletek osatu zuten gipuzkoarren ordezkaritza nagusia, baina lehen domina, zilarrezkoa, Patrizio Arabolaza eta Mariano Arrate futbolariek ekarri zuten. Selekzio hartan, hain handia zen euskaldunen partaidetza, kontzentrazioa Irunen egin zen. Handik lau urtera Parisen egin jokoetan ere atleta gipuzkoar ugari izan ziren –kroslariak asko–, futbolari bakarra –Real Unioneko Ganborena– eta hiru pilotari: Garate, Sagarra eta Santamaria. Pilota ez zen kirol ofiziala, eta Espainiak eta Frantziak aurkeztu zuten soilik taldea; lehia nahiko urria izan zen, eta 17 urte zituen Jose Andres Garate villabonarrak urrezko domina erdietsi zuen. Domina, ordea, ez zen sekula etxera heldu, Irungo neska bati oparitu baitzion bidean.


Luis Felipe Areta, 60ko hamarkadako atleta.

Urria izan zen, halaber, Amsterdamen 1928 urtean egin ziren jokoetan Gipuzkoako ordezkaritza, eta hutsa, berriz, Los Angelesen (1932). Espainia gerran zegoenez, gipuzkoarrek ez zuten parte hartu Berlingoetan (1936). Juan Bautista Adarraga atleta hernaniarra eta Juan del Campo hockey-jokalari zumaiarra izan ziren gipuzkoar bakarrak Londresen 1948an egin jokoetan; eta, 19 urte zituela, kartutxoak bere poltsikotik ordaindu behar izan zituen Antonio Vega tiratzailea izan zen gipuzkoar bakarra Helsinkin (1952). Espainiak ez zuen talderik bidali Melbournera (1956). Erroman (1960), berriz, ordezkaritza zabala izan zuen Gipuzkoak. Han hasi zuen Luis Felipe Areta Pipe atletak hurrengo bi Olinpiadetarako bidea (Tokio 64 eta Mexiko 68), eta handik ekarri zuten brontzea hockey taldeko kide Pedro Muruak eta Luis Mari Usozek. Urkikoen zortzikoa ere saiatu zen arraunean, baita Emilio Gurrutxaga belan ere. Eta Errandonea txirrindulariak, errepiderako sailkatzea zail ikusirik, pistarako sailkatzea lortu zuen...

Seigarren postua lortu zuen Aretak jauzian Tokion 1964an, eta podiumetik hurbil geratu zen Jose Manuel Lasa txirrindularia; Perurena ere joan zen, baina ez zen lehiatu.

1968an Mexikon jokatu zuen Santi Zabaleta saskibaloi-jokalariak jarraitzen du Gipuzkoak diziplina horretan Olinpiadetara bidali duen kirolari bakarra izaten. Migel Mari Lasa txirrindularia izan zuen lagun.

1972an, atentatu baten ondorioz odolez zipriztindu ziren Municheko jokoetan Josetxo Alustiza eta Luis Alberto Carrela hockey-jolakariak nabarmendu ziren, eta Santos Labaka izan zen jokoetan parte hartu zuen lehen eskubaloi-jokalaria. Zabala izan zen ordezkaritza Montrealen (1976): Azkue tiratzailea, Moran txirrindularia, podiumetik hurbil geratu zen
Benavides donostiarra belan, Ramon Cid atleta gaztea eta, futbolean, Arconada eta Espainiako selekzioaren gol bat egin zuen Idigoras.

AEBen presentzia gabe jokatu ziren Moskuko Joko Olinpikoetan (1980), eskubaloi selekzioarekin bosgarren sailkatu ziren Pagoaga, Albisu, Uria eta Novoa izan ziren emaitza onenak lortu zituztenak. Korta arraunlaria Moskuko metroa ikusteko ilusioarekin joan zen oroitzapen onik utzi ez zuen Olinpiada hartara, baina hori ere ez zuen lortu. Futbolean, berriz, Gajate aritu zen.

1984an Los Angelesen jokatu Olinpiadak ez ditu ahaztuko Moskun laugarren izan zen eta Seulen ere jardun zuen Luis Mari Lasurtegi arraunlariak. Fernando Climentekin, zilarrezko domina lortu zuen. Hiru Olinpiada horietan hartu zuen parte, halaber, Jose Ramon Oiarzabal arraunlari oiartzuarrak. Los Angelesen, estreinakoz eta oraingoz azkenekoz, gipuzkoar igerilari bat aritu zen: Harri Garmendia. Ez zuen ezer handirik lortu, ordea. Horixe esan liteke ordu aldaketarekin arazoak izan zituen Pedro Alegre piraguista irundarraz eta probarik korritu ez zuen Juan Jose Prado atleta donostiarraz.


Jose Ramon Oiarzabalek Moskuko eta Los Angeleskoetan hartu zuen parte.

1988an Seulen egin jokoek kultura guztiz desberdina ezagutzeko parada eman zien Lasurtegi eta Oiarzabali nahiz azkenean korrika egiteko aukerarik izan ez zuen Blanca Lacambra Gasteizen hazitako donostiarrari. Valentin Rocandio atleta donostiarrari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Lehen borrokaldian eliminatu bazuten ere, Antonio Caballero arrasatearrak ez du ahaztuko lehen boxeolari olinpiko gipuzkoarra izan zela, eta Agirre, Segurola eta Urbieta arraunlariek ere gogoan izango dute kirolarien eta federazioaren arteko giro txarra. Uria eta Zuñiga eskubaloi-jokalariek eta Aldanondo, Caballero, Isasa eta Martiarenak osatu zuten ordezkaritza.

Bartzelona 92n, Espainiak domina ugari lortu zituen. Gipuzkoarren kasuan, emakumeen presentzia aipatu behar da. Hockeyan urrea lortu zuten Maider Telleria, Teresa Motos eta Nagore Gabellanesek, eta eskubaloi-jokalariak ere izan ziren –Jasone Diaz de Gereñu, Karmele Makazaga eta Amaia Ugartemendia, baita Maria Eizmendi eta Cristina Martinez piraguista donostiarrak eta Ainhoa Artolazabal txirrindulari tolosarra ere. Atletismoan, Amaia Andres eta maratoian 9. postua lortu zuen Diego Garcia aipatu behar dira, eta futbolean urrea lortu zuten Lasa eta Billabona. Altuna, Andueza, Azkue, Cano eta Urbieta arraunlariak, Etxaniz piraguista, Larrañaga, Irizar, Sagarzazu eta Pagoaga eskubaloi-jokalariak, aurreneko segundoan KO utzi zuten Sergio Rey boxeolaria, eta eskubaloi selekzioko kide Aitor Etxaburu eta Iñaki Urdangarin izan ziren Gipuzkoako gainerako ordezkariak.

Atlantatik, brontzea ekarri zuten eskubaloian Moskun eta Seulen ere egon den Etxaburuk, Urdangarinek eta Josu Olaiak, eta zilarrezko domina erlojupekoa Indurainen atzetik amaitu zuen Olanok; txirrindularitza taldeko kide izan ziren Izaskun Bengoa eta Jokin Mujika ere. Esteban Arakama, Izaskun Aranburu eta Maria Eizmendi piraguistek eta Nagore Gabellanes, Elena Urkizu eta Maider Telleria hockey-jokalariek osatu zuten Atlantan gipuzkoarren taldea.


Juan Mari Lasurtegi arraunlariak zilarrezko domina lortu zuen Los Angelesen.

Sydneyn, berriz izan ziren Olalla eta Urdangarin, baita Maider Telleria, Eena Urkizu, Izaskun Aranburu, Maria Eizmendi, Esteban Arakama eta Olanok. Lehen jokoak izan ziren, berriz, Mikel Odriozola atleta eta Jon Erguin piraguistarentzat.