ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Gutxik dute parte hartzeko aukera

Atenasera begira

Joko Olinpikoetara heltzea

ez da batere erraza kirolarientzat


Gutxieneko marka izan arren, Mikel Odriozola kanpoan utzi dute.

Oro har, kirol bakoitzak bere ibilbidea ezartzen du
Olinpiadetan parte hartu ahal izateko

Goi mailako kirolarien artean ere, gutxi dira jokoetan parte hartzeko aukera dutenak. Aurten, 10.500 kirolari bilduko dira soilik Atenasen, eta horien artean irabazteko batere aukerarik ez duten asko egongo dira. Esate baterako, aurten hartuko dute aurreneko aldiz parte Joko Olinpikoetan Kiribati uharteko eta Ekialdeko Timorreko atletek, eta Irakek ere edukiko ditu ordezkariak... Jokoetara heltzea, egia esan, askoz ere zailagoa da maila polita duten herrialdeetako kirolarientzat.

Oro har, ez dago irizpide bateraturik hautaketa egiteko. Banakako kiroletan, eta erlojuaren aurka neurtzen diren taldeko zenbaitetan, gutxieneko markak ezartzen dira eta, teorian, marka horiek dituzten kirolariek dute parte hartzeko aukera. Kirolari kopurua mugatua denez, marka gainditu duten kirolari asko dituzten herrialdeetan kirol bakoitzeko federazioak du taldea osatzeko eskubidea, eta hori ezusteko iturri ere izan daiteke. Horixe gertatu zaio Mikel Odriozola atleta errenteriarrari. 50 km martxan berak du Espainiako marka onentsuena, iaz lortua, eta erraz gainditzen du gutxieneko olinpikoa, baina federazioak ‘erreserba’ moduan utzi du Atenaserako, eta ez du erraza izango bigarren jokoetan parte hartzea. Horrez gain, Naroa Agirre pertika-jauzilariak ere badu gutxieneko marka. Oro har, dena den, atletek abuztura arte dute markak lortzeko epea eta, atletismoari dagokionez, federazioak maratoi eta martxa taldeen osaketaren berri eman du soilik. Ondoko orriotan ikus dezakezuenez, hiru kirol uztartzen dituen triatloian Ainhoa
Murua zarauztarrak duela aste batzuk lortu zuen txartela.

Beste banako kirol batzuetan –igeriketa, tenisa, banako gimnasia...– ere ezarritako marken edo puntuen aurka egin behar dute kirolariek sailkatzeko. Atleta euskaldunei dagokienez, Almudena Cidek aukerak ditu bere hirugarren jokoetan egoteko, baina beste gimnasta batekin berdinduta dago, eta hori argitu egin behar da Espainiak duen plaza bakarra nork duen jakiteko.

Taldeko kirol ezagunenetan Olinpiaden aurretiko torneoak antolatzen dira sailkapena lortzeko. Horrela sailkatu dira Atenaserako gizon zein emakumeen hockey, saskibaloi eta eskubaloi selekzioak, eta gizonezkoen waterpolo selekzioa. Sistema bera erabilita, kanpoan geratu dira futbola eta boleibola. Sailkatu diren taldeko kirolen kasuan, ordea, selekzio guztiak ez daude oraindik erabat osatuta, eta baliteke berri pozgarriren bat heltzea Gipuzkoara.

Taldeko kirolekin jarraituz, gimnasia erritmikoan sailkatuta dago Espainia –banaka ariko den gimnasta hautatzea falta da–, eta gimnasia artistikoan bi taldeak sailkatu dira, emakume eta gizonena. Kirol horietan ez ezik, badminton, txirrindularitza, eskrima, halterofilia, hipika, judo, borroka greko-erromatar, piraguismo, arraun, taekowndo, tenis, mahai tenis, arku tiro, tiro olinpiko eta belan hartuko du parte Espainiak.

Muga eta zailtasun horiek ikusita, gipuzkoarren meritua ez al da aintzat hartzekoa?