Hockeya: Maider Telleria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 13 2004/06 »  Hockeya: Maider Telleria

Hockeya: Maider Telleria
Atenasera begira

Okerrik ez bada, orrialde honetara bildu ditugun bi kirolari donostiarrek laugarren aldiz biziko dute aurten bertatik bertara giro olinpikoa. Espainiako hockey selekzioko kide gisa egongo da Atenasen Maider Telleria Realeko hockey-jokalaria, eta ziurtatuta du plaza iraileko Paralinpikoetan Richard Orive igerilariak. Gehituko ote dizkiote urrezko domina gehiago lehendik ere badituztenei?

MAIDER TELLERIA

HOCKEY-JOKALARIA

«Jendeak ez daki ondo

Olinpiadetara heltzea zer-nolako miraria den»




Zeelanda Berriaren aurka herrialde hartan jokatu zen preolinpikoan, Maiderrek sartu zuen garaipeneko gola.


Espainiako emakumeen hockey selekzioak iragan martxoan lortu zuen, Zeelanda Berrian jokatu zen preolinpikoan, Atenaserako txartela. Okerrik ez bada, Realeko jokalari Maider Telleria Atenasko Joko Olinpikoetara abiatuko den hamaseikoan egongo da. Bere laugarren Joko Olinpikoak izango dira eta, ametsa erabat gauzatzen bada, balentria hori lortu duen Estatuko lehen emakume hockeylaria izango da.

Kirolaren hitzordu nagusian parte hartzeko aukera handiak ditu, halaber, Club de Campo Madrilgo taldean jokatzen duen Maider Luengo atezain donostiarrak. Hala eta guztiz ere, azken ordura arte ezin azken hitza esan, zeren eta behin betiko zerrenda osatu gabe baitago, eta lesioen arriskua ere hortxe dute beti kirolariek.

Une honetan, selekzioarekin kontzentratuta dago Maider Telleria. Gogor eta lantsua izan du benetan azken urtea. Denboraldi bikaina egin du Realarekin: bigarren geratu dira Ohorezko Ligan Club de Camporen atzetik, denboraldi ia osoa lehen postuan igaro ondoren. Libre zituen egunak –atseden hartu du urtebetez lanean Zurriola ikastolako soinketa irakasle den Maiderrek– jokoak prestatzeko lanetan aritu den selekzioak hartu dizkio. Oporraldi labur-laburra izan du, hortaz, eta horrexegatik eskertzen diogu bereziki MUGIri eskaini dion tartetxoa.

Gauzak behar bezala joaten badira, zer suposatuko du zuretzat laugarren Joko Olinpikoetan parte hartzeak?

Komunikabideen eta jendearen arreta lortu ahal izateko lau Joko Olinpikotan parte hartu behar dela pentsatuko dut, hori gertatzen baita oso hedatuta ez dauden kiroletan eta, batik bat, emakumezkoon kirolean.

Oro har, jabetzen al gara horren garrantziaz?

Ezetz esango nuke. Espainiar Estatuan, esaterako, 500 hockey- jokalari lizentzia ditugu. Australian, berriz, 400.000. Han, hockey-jolakariak erabateko izarrak dira, hemen futbolariak diren bezala. Eta Australian bezalatsu Holandan, Argentinan eta, oro har, punta-puntan dauden gainerako herrialdeetan, gu profesionalak ere ez garen bitartean. Hala eta guztiz ere, ikasleak, familiakoak eta lagunak kenduta, jendea ez da jabetzen horietako selekzio bati irabazteak eta horiekin batera gailurrean egoteak duen garrantziaz.

« Estatuan 500 jokalari lizentzia daude; Australian, berriz, 400.000, eta horiei irabaztea zaila da oso...»


Estatuan hain jokalari gutxi izanda, bertako ligek ere aipatu dituzun herrialde horietakoek baino maila apalagoa izango dute... Nola lortzen duzue gailurrean egotea?

Egia da hockeyak jokalari eta tradizio gehiago dituen herrialdeetan, oro har, maila handiagoa duela eta gure txapelketen maila, ezinbestean, apalagoa dela. Estatura azken urteetan jokalari argentinar asko etorri dira, eta horrek maila hobetu du; baina, hala eta guztiz ere, aldea dago, eta alde hori selekzioarekin asko entrenatuz eta nazioarteko lehiaketa askotan parte hartuz gainditzen saiatzen gara.

Bartzelonatik Atenasera, hamabi urteren buruan, lau Joko Olinpiko.
Bakoitzetik, zer gorde duzu gogoan?

Bartzelonakoak nire aurreneko jokoak izan ziren. Selekzioko gazteena nintzen, azkena heldu nintzena, eta asko ikasi nuen hortik dirurik atera ez arren izugarri profesionalak ziren emakume haiengandik. Ilusio izugarria zuen taldeak, diziplina handia, eta urrea lortu genuen. 1996an, Atlantan, azkenak geratu ginen, baina han ere asko ikasi nuen. Hain zuzen ere, jokoen aurretik hartutako zenbait erabakiren ondorioz giro txarra zegoen, eta horrek porrota ekarri zuen, taldearen erregaia gure arteko giro ona baita ezbairik gabe. Sydneyk, ostera, oroitzapen gazi-gozoa utzi zidan. Oso ondo geunden, lan izugarri gogorra egin genuen, baina azkenean laugarren geratu ginen, dominaren atarian. Sailkapen oso ona izan zen aurretik soilik Holanda, Australia eta Argentina bezalako potentziak geneuzkala kontuan hartuta, baina laugarren postua okerrenetakoa dela diogu kirolariok, eta negar asko egin genuen. Oro har, jokoek badute beste berezitasun bat guretzat. Gure taldeekin jokatzen ditugun partiduak oso jende gutxiren aurrean jokatzen ditugu, lagunartean kasik. Jokoetan, alabaina, jendez gainezka dauden estadio izugarrietan aritzen gara, eta gu ez gaude horretara ohituta. Bereziki prestatu beharra izaten dugu, horri guztiari aurre egin ahal izateko. Batez ere, zarata da arazoa, maiz arazoak ematen baititu kontzentratzeko.



Eta, Atenasera begira, zer inpresio duzue?

Inpresio onak ditugu. Oso gogor ari gara lanean, gure arteko giroa bikaina da eta orain arteko emaitzak ere pozgarriak izan dira. Joko gogorrak izango dira, hala ere. Atenasen, abuztuan, sekulako beroa egingo du, eta partiduren batzuk seguruenik goizeko 7etan jokatu beharko ditugu, gure bizimodua zeharo aldatuta. Badirudi, batzuetan, horrelako gauzak antolatzerakoan kirolariak ez gaituztela kontuan hartzen...

Bartzelonan gazteena izan zinen eta Atenasen, berriz, beteranoenetakoa izango zara. Asko aldatzen al ditu horrek gauzak?

Bai, dezente. Normalean, joko batzuetatik besteetara talde erdia-edo aldatzen da, eta beti sartzen dira jokalari berriak. Askoz zorrotzago epaitzen gaituzte beteranoak. Esperientzia urriagoa dutenei errazago barkatzen zaizkie akatsak, ikasten ari direlako eta ikasteko astia dutelako. Guk, berriz, badakigu akats bat eginez gero taldetik kanpo gera gaitezkeela. Aldi berean, erantzukizun handiagoa dugu taldean bertan. Baina, geroz eta gogorragoa izan arren, nik behintzat sekulako ilusioarekin jarraitzen dut, eta ilusio horrekin egiten diot aurre prestakuntzaren gogortasunari. Hockey-jokalariok ilusioagatik jokatzen dugu, ez diruagatik. Guretzat eta gure ingurukoentzat jokatzen dugu, eta lau urtetik behin fokoen azpian egotea sekulakoa da guretzat. Lan oso gogorra egin behar dugu mailari eusteko, baina zelaira irteten garenean oso ondo pasatzen dugu, gogoko duguna egiten dugu eta. Eta, nire ustez, horixe da kirola, ez beste kasu batzuetan ikusten dena...