ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Triatloia: Ainhoa Murua

Atenasera begira

Ainhoa Murua triatloilari zarauztarra eta Oier Aizpurua piraguista zumaiarra txanpon beraren bi aldeak dira. Lehenengoak Atenasko Joko Olinpikoetan aritzeko txartela eskuratu du; Oier, berriz, segundo bat baino gutxiagotik atarian geratu da, eta azken orduko gonbidapena jaso ezean, etxetik ikusiko beharko ditu jokoak. Arrakasta eta porrotaren arteko muga zein mehea den jabetzeko adibide argiak dira bi kirolariok.

AINHOA MURUAZ

TRIATLOILARIA

«Lasterketaz gozatzea da nire helburua Joko Olinpikoetan»


Atsedenalditxo baten ostean, uztailean Frantziako Pirinioetan kontzentratuko da Ainhoa, Atenasko hitzordua behar bezala prestatzeko.


I.U.

Olinpiadetako txartela lortzea asko kostatu al zaizu?

Iaztik nabil Joko Olinpikoetan pentsatzen. Lortzeko aukera hori bazegoela jabetuta, aurten ere oso goiz hasi naiz entrenatzen eta lehiatzen, helburu horri begira. Eta azkenean lortu dut, kostata bada ere.

« Bizikleta proba gogorra izango da, eta bero handia egingo duenez, korrika gorriak ikusiko ditugu»

« Parte hartu nuen lehen triatloian helmugatik gertu ziplo erori, eta ospitalean esnatu nintzen»


Duela sei urte hasi zinen triatloian, eta aurten Olinpiadetan ariko zara. Ez al da dena azkarregi joan?

Egia esan, bai. Triatloiari heldu aurretik igeriketan ibili nintzen, eta korrika ere ibiltzen nintzen zertxobait; horrek, egia esan, gauzak apur bat erraztu dizkit. Triatloian hasi naizenez geroztik, korrika eta bizikleta gainean maila hobetzen saiatu naiz batez ere.


2003an antolatutako Onditzen Oroimenezko Donostiako Triatloian garaile izan zen.

Eta Joko Olinpikoetarako zein helburu dituzu?

Helburu nagusia lortu dut, eta orain ahalik eta ondoen entrenatzea eta lehiaketa egunean dudan maila ematea da nire asmoa. Baina ororen gainetik gozatu egin nahi dut: gozatu triatloiarekin eta gozatu Joko Olinpikoetan izateak dakarren guztiarekin.

Ibilbideari, beroari... zeri diozu beldur handiena Olinpiadetan?

Atenasko ibilbidea iaztik ezagutzen dut; bizikletaz egin beharrekoa oso gogorra da, eta ziur aski bero handia egingo duenez, korrikako proba izango da sufrituena. Gorriak ikusiko ditugu, zaude ziur.

Espainiako selekzioan Pilar Hidalgo eta Ana Burgos izango dituzu aurretik. Zer moduzkoa da zuen arteko harremana?

Ona. Sarritan elkarrekin bidaiatzen dugu hirurok, eta azkenerako gauza asko partekatzen ditugu. Pilar, egia esan, lagun handia dut.

Nerea eta Ainara ahizpekin igeriketan aritzen omen zinen.

Hirurak ibiltzen ginen, bai.

Eta nor zen onena?

Nerea, ahizpa zaharrena.

Ahizpek ba al dizute inbidiarik?

Gazteenak –Ainarak– ez dut uste, baina zaharrenak –Nereak– oraindik inbidia pixka bat duela (barrez) uste dut. Tarteka esaten dit triatloi batean parte hartuko duela, baina oraindik ez du ezer egin...

Triatloiko lehen entrenamenduak egiteko, aitari bizikleta kendu omen zenion. Hala al da?

Triatloian hasi baino lehenagotik ere, aita bizikletaz ibiltzen zen asteburuetan, niri asko gustatzen zitzaidan, eta batzuetan kendu egiten nion. Hasieran, Gasteizen entrenatzen nintzenean, aitari kentzen nion bizikleta, neurea erosi nuen arte.

Korritu zenuen lehenengo triatloian ospitalean amaitu omen zenuen. Zer gertatu zitzaizun?
Lehenengo triatloia izan zen, eta agian ez nintzen behar bezala entrenatu; baina, horrez gain, bero handia egiten zuen. Extremadurako Coria herrian aritu nintzen, eta gogoan dut helmugarako 50 metro falta zirela, lurrera ziplo erori eta ospitalean esnatu nintzela.

Amak ez omen zuen ezer jakin.

Iaz azaldu nion triatloi hartan gertatutakoa. Hura lehen triatloia izanik, eta amari zerbait esaten banion, akabo triatloia niretzat. Horregatik, ezer ez esatea erabaki nuen.

Esperientzia txar hark ez al zizun triatloian aritzeko gogoa kendu?

Ez. Lasterketako giroa eta lasterketa bera gustatu egin zitzaizkidan; buelta gehiagorik ez nion eman gertatutakoari, eta aurrera jo nuen.

Kanpotik dirudien bezain gogorra al da triatloia?

Eman nahi duzun mailaren araberakoa da hori. Aurrean ibiltzeko asko entrenatu behar da –beste edozein kiroletan bezala–, baina amaitzera irtenez gero, ez da halako prestakuntzarik behar. Egia da, era berean, hiru kirol direla eta horrek denbora dezente kentzen duela.

Zure entrenatzailea Australian omen dago. Hori ez al da oztopoa zure prestakuntza eta entrenamendua antolatzeko orduan?

Gainean egotea hobe izango da batzuentzat, baina hori norberaren araberakoa da. Triatloilariok esaten diguten guztia egiten dugu, diziplina handikoak gara, eta horregatik, beharbada, beste kirol batzuetan baino gazte gutxiago dabil. Alde horretatik, ez dut arazorik eta nire sentsazioak uneoro azaltzen dizkiot posta elektronikoz. Ia egunero hitz egiten dugu elkarrekin.

Triatloia badirudi jende helduarentzako kirola dela. Umetan edo 12-13 urteko gaztetxoa zarenean, ez omen da komeni triatloia egitea.

Normalean trialoian hasten den jendea beste kirol batzuetatik dator: igeriketatik, arraunketatik... Hori, pixkanaka bada ere aldatzen ari da, jende gazteagoa dator, baina ez dakit zer den egokiena.

Olinpiadetan Eneko Llanos ariko da zurekin batera, beste euskal ordezkaria. Euskal atleten maila Espainiako onena al da?

Mutiletan Eneko eta Hektor Llanos gasteiztarrek maila bikaina dute, eta nesketan hiru bat bagaude, baina Galizian eta Katalunian ere oso onak daude. Egia da, ordea, Euskal Herrian maila ona dugula.

Triatloiak bizimodua aldatu dizu?

Adiskideekin kalera ateratzeko orduan izugarri mugatzen zaitu, eta udan ez naiz batere ateratzen kalera. Lagunekin ibiltzeko denbora gutxi izaten dut, eta zaila da horretara ohitzea.



Nor da?

Izena : Ainhoa Murua.
Sorlekua : Zarautz.
Altuera eta pisua : 1,60 metro eta 47 kilo.
Taldea : SVC Triathlon.
Palmaresa : Aurten, Valentziako Europako Txapelketan 13. eta Mexikon egin zen Munduko Kopako proban 8. geratu zen; iaz, berriz, 8. Portugalgo Munduko Kopako proban, eta 13. Madrilgoan. Onditzen Oroimenezko Donostiako Triatloia ere irabazi zuen. Horrez gain, Getaria-Zarutz igeriketa zeharkaldia irabazia da.