Etorkizuneko kirolariak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 13 2004/06 »  Etorkizuneko kirolariak

Etorkizuneko kirolariak
Atenasera begira

Hauetakoren bat helduko da


Foru Aldundiak antolatuta, abenduan egin ohi den Gipuzkoako Kirolaren Omenaldiko Galan etorkizuneko kirolariek ere badute tartea. Duela urte batzuetako galako argazki honetan agertzen den Abraham Olano, esate baterako, Etorkizuneko Kirolari izan zen gaztetxotan, eta beste horrenbeste esan daiteke izen handiko kirolari gipuzkoar askotaz.

Joko Olinpikoetarako bidea luzea eta zaila da, eta gaztetan hasi ohi dira kirolariak bide hori egiten. Gipuzkoan bada maila handiko kirolari gazteei zuzendutako egitasmo berezia. Seguruenik, horretara bildutakoren bat helduko da etorkizunean jokoetara.

1987 urteaz geroztik, Euskadiko Kirolaren Legeak ematen dizkion eskumenak gauzatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuneko Kirolariak izeneko egitasmoa du abian. Egitasmo horren xedea goi mailako kirolera heltzeko aukera izan dezaketen kirolari gazteei behar duten laguntza eta babesa ematea da. Batetik, emaitza bikainak lortzeak merezi duen aintzatespena lortzen dute kirolari horiek, urtero egin ohi den Gipuzkoako Kirolaren Omenaldiko Galan omenalditxoa –diploma, oparitxo eta guzti...– jasota. Bestetik, kirolari horien emaitzak hobetzeko, laguntza ekonomikoak eta doako zerbitzu bereziak eskaintzen zaizkie: adibidez, ondoko orrialdean aipatzen den EKOZ zerbitzua.


Maitane Andueza kadete mailako munduko trialsin txapeldunordea.

Egitasmoa kadete eta jubenil mailako kirolarientzat da; hau da, 14 urtetik 19 urtera bitartekoentzat. Banakako zein taldekako kiroletan aritu, zenbait irizpide teknikoren arabera finkatutako baldintzak bete behar dituzte kirolariek. Taldekako kiroletan aritzen direnek bete behar duten oinarrizko baldintza noizbait Estatuko selekzio ofizialarekin aritzeko deituak izatea da. Banakako kiroletan dihardutenek, berriz, honako hiru merezimendu hauetako bat bete behar dute gutxienez: Estatuko selekzio ofizialarekin aritu izana; bere kategorian Espainiako txapelketan lehenengo postua edo bigarrena lortu izana edo, egoera jakin batzuetan bakarrik, dagokion lurralde federazioak aurkeztutako ordezko irizpideen arabera aurreko bi baldintzei dagokien kirol maila dutela bermatzea.

Etorkizuneko kirolari izatea, beraz, ez da batere erraza zeren eta, aipatu baldintzak bete ondoren, azterketa fisiko bat ere egiten baitzaio hautagaiari, goi mailako kirolari izatera heltzeko egoera fisiko egokia duela egiaztatzeko.

Adin tarte horretan jarraitzen duen kirolariak urtez urte mailari eusten badio, izendapena berritzea eska dezake. Berriztapena lortzeko, besteak beste, aurreko urtean finkatutako helburuak bete dituztela egiaztatu beharko dute. Dena den, baten batek arazo bereziren bat izan badu –lesio bat, adibidez–, posible da izendapena berriztatzea aipatu baldintza bete gabe. Foru Aldundiak eskaintzen duen laguntza ez da bateragarria Kirol Kontseilu Nagusiak urtero ateratzen duen goi mailako kirolarien zerrendan egotearekin, eta Gipuzkoako klubetan izena emanda dauden kirolariak izendatu ahal izango dira soilik etorkizuneko kirolari egitasmo honen baitan.
Izen handiko kirolariak

Aurten kirol desberdin ugaritan diharduten 143 neska-mutilek lortu edo berritu dute Etorkizuneko Kirolari izendapena. Egitasmoaren helburuetako batekin bat eginez, MUGIk ere egin nahi izan die omenalditxoa, guztien izenak argitaratuta. Zerrendan badira oso-oso ezagunak ez diren eta praktikatzaile gutxi dituzten kirolak, eta baita oso hedatuak ere. Deigarria da, halaber, atletismoak, piraguismoak edo arraunak duten presentzia zabala. Kirol horietan gipuzkoarrek emaitza bikainak lortzen dituzten seinale...

Baina, agian, laguntza zertan datzan jakin nahiko duzue, ezta? Bada, goiko laukian azaltzen dugun zerbitzuaz gain, diru-laguntza ere jasotzen dute izendatuek: gutxi gorabehera, 500 bat euro urtean. Diru hori kirol maila hobetzeko egiten diren gastuei aurre egiteko erabili behar dute, eta beti klubaren edo federazioaren bidez eskatu behar dira. Besteak beste, teknifikatze jarduerak burutzeko, mediku azterketak egiteko, entrenamendu osagarriak egiteko edota materiala erosteko erabil dezakete diru hori.

Eurei zuzendutako zerbitzu bereziak eta 500 euroko laguntza jaso ohi dute Etorkizuneko Kirolariek

Joko Olinpikoetan parte hartu duten kirolari gipuzkoar asko Etorkizuneko Kirolari izan ziren bere garaian


Ekimena aspaldikoa denez, atzera begiratzeko modua ere ematen du. Eta atzera begiratuz gero izen handiko kirolari ugari aurki ditzakegu uneren batean Etorkizuneko Kirolari izandakoen artean.


Aritz Aranburu surflari zarauztarra.

Horrexegatik esan dugu hauetakoren bat helduko dela seguruenik Joko Olinpikoetara. Izan ere, adibide gutxi batzuk aipatzeko, Joko Olinpikoetan parte hartzea zer den badakiten kirolari gipuzkoar ugari aurkitu ditugu azken urteetako zerrendetan. Konparazio batera , Abraham Olano, Sergio Rey boxeolaria, Esteban Arakama eta Maria Eizmendi piraguistak, Nagore Gabellanes hockey- jokalaria, Mikel Odriozola atleta, Josu Olalla eskubaloi-jokalaria... Patxi Usobiaga munduko eskalatzaile onentsuenak eta Aldeondo, Lopez Rekarte eta Asier Riesgo futbolariak ere aurkitu ditugu zerrendan.