![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
Xabier Fernandez eta Iker Martinez belan urrea lortu zuten bi kirolariak, Ibarran egin zieten omenaldian. |
|
Igor Uranga
Bikaina. Halakoxea izan zen kirolari gipuzkoarren lana Atenasko Olinpiar Jokoetan. Hamaikak hartu zuten parte, eta horietatik hiru dominarekin etorri dira: Iker Martinez eta Xabier Fernandez belan –49er klasean–, eta Asier Maeztu pistako txirrindularitzan, taldekako jazarpen proban. Gipuzkoa bezalako probintzia txiki batentzat Olinpiar Jokoetan halako emaitzak lortzea arrakasta itzela da. Iker Martinez hondarribiarra eta Xabier Fernandez ibartarra domina bat eskuratzeko faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Azken bi Munduko Txapelketak irabazita, urrea eskuratzeko kiniela guztietan zeuden, eta azken estropadan apur bat sufritu bazuten ere, garaipenak ez zien ihes egin. Bi txapeldun horiez gain, Asier Maeztu donostiarraren balentria aipatu behar dugu, brontzezko domina lortu baitzuen pistako txirrindularitzan, taldekako jazarpen proban hain zuzen. Horrenbestez, azken Munduko Txapelketan erdietsiriko emaitza berdindu zuen Maeztuk, Escobar, Torrent eta Castaño taldekideekin batera. Horiek izan dira gipuzkoarren dominak jokoetan. Baina zorte apur bat gehiagorekin, gehiago ere lor zitezkeen. Hala, Ion Belaustegi eskubaloilari donostiarrak aukera handiak izan zituen. Final-laurdenetan, ordea, Espainiako selekzioak galdu egin zuen Alemaniaren aurka, penalti jaurtiketetan. Belaustegik, alabaina, lan ona egin zuen, txapelketan guztira 18 gol sartuta. Esme Lopez pasaitarra eta Zumarragako Susana Fraile ere finalaurrekoetan sartzear izan ziren emakumeen eskubaloian, baina azkenean, Ukrainak ateak itxi zizkien. Bi jokalarien artean 26 gol egin zituzten, eta Fraile golegile onenetarikoa izan zen. |
Ezusteko handienetakoa, berriz, Naroa Agirre pertika-jauzilariak eman zuen; finalean sartzea lortu zuen, eta 4,40 metroko jauzia eginda seigarren sailkatu zen, baita diploma olinpikoa eskuratu ere. Eva Mirones arraunlari pasaitarrak ere lan ona egin zuen, eta scull bikoitzean finalaurrekoetan izan zen. Ainhoa Murua triatloilari zarauztarra, halaber, txukun aritu zen: 24. geratu zen. Probaz gozatzeaz gain, amaitzea zuen helburu, eta lortu zuen, bai.
Gipuzkoarren ‘orban’ bakarra emakumeen belar-hockeyan egon daiteke. Maider Telleria eta Maider Luengo donostiarrek jardun zuten, eta hasieran dominaren bat lortzeko itxaropenez joan baziren ere, azkenean partidu guztiak galduta bueltatu behar izan zuten etxera. Guztira, 34 euskal kirolari lehiatu ziren Atenasen, eta gipuzkoarren lan bikainaz aparte, Maria Quintanal bilbotarrak lortutako domina nabarmendu behar da, euskal kirolarien laugarrena; kasu honetan zilarrezkoa izan zen, tiro olinpikoan. Diploma olinpiko gehiago ere eskuratu zituzten euskal ordezkariek, hots, lehen zortzien artean geratzea: Almudena Cid gimnasta gasteiztarra zortzigarren sailkatu zen; Joane Somarribak erlojupekoan eta errepideko proban diploma bana lortu zuen; eta Kenji Uematsu bizkaitarrak, halaber, diploma eskuratu zuen judoan. Euskal kirolariak alde batera utzita, joko hauetan bi izen nabarmendu behar dira: Michael Phelps igerilari estatubatuarra eta Hicham El Guerrouj atleta marokoarra. Lehenengoak zortzi domina irabazi ditu –sei urrezkoak–, eta marokoarrak, ostera, 1.500 eta 5.000 metroetako lasterketak irabazi zituen atletismoan. |
Zenbakietan
10.000 milioi euro kostatu
dira Olinpiar Jokoak.
202 herrialdetako 11.099 atletak hartu dute parte.
|
35 urrezko domina irabazi dituzte AEBek.
25 doping kasu, inoiz izan
den kopuru handiena.
|
Paralinpiar Jokoetan ere primeran
|
|
Sara Carracelas, Arkaitz Garcia, Carlos Molina, Richard Orive (igeriketa); Iñigo Garcia (atletismoa); Amador Granado (txirrindularitza) eta Yolanda Martin (boccia), horiexek izan dira Atenasko Paralinpiar Jokoetan lehiatu diren kirolari gipuzkoarrak. Han izatea bakarrik garaipen handia da eurentzat, baina batzuentzat hori aski ez, eta domina bat baino gehiago eskuratzea lortu dute; hain zuzen, Sara Carracelas errenteriarra izan da izar distiratsuena. Errenteriarrak urrezko hiru domina irabazi ditu 50 metro crowl eta bizkar estiloetan, eta 100 metro crawlean. Richard Orive donostiarrak, berriz, beste bi domina eskuratu ditu: 100 metro crawlean brontzezkoa eta zilarrezkoa estilo bereko 200 metroetan. Guztira, hamabost euskal atleta izan dira Paralinpiar Jokoetan, baita hamabi domina eskuratu ere. Hala, kirolari gipuzkoarrek eta, oro har, euskal ordezkari guztiek argi utzi dute nazioartean maila bikaina dutela. 4.000 atleta aritu dira Atenasko Paralinpiar Jokoetan, 143 herrialderen ordezkari. Kopuruan eta kalitatean gora egiten ari dira Paralinpiar Jokoak. Hurrengo hitzordua, Pekinen, hemendik lau urtera. |
|
|