ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Asier Maeztu

PISTAKO TXIRRINDULARI DONOSTIARRA



Maeztu bere dominarekin.

«Nire dominak pistako

txirrindularitza

bultzatzeko balio

izatea espero dut»



« Pistako probak errepidekoak

baino askoz ikusgarriagoak

izan ohi dira»



I.U.

Olinpiar Jokoetan domina bat lortzeak zerbait aldatu al du zure bizitzan?

Domina olinpikoa lortu nuenetik, ekintza publiko eta elkarrizketa asko izan ditut, baina bizitza aldatu... ez zait aldatu. Jendeak gehiago ezagutzen nau kalean, baina ez da neurriz kanpoko ezer. Horrez gain, dominak segurtasuna eman dit batez ere. Orain arte egindako lan guztia ondo bideratuta zegoela esan nahi du, eta hobetuz noala. Halaber, beka bati esker bizi gara pistan gabiltzanok, eta domina honekin beste bi urterako luzatuko didate beka; horrek lasaitasun handia ematen dit, bai.

2008ko Pekingo Olinpiar Jokoei begira lasai lan egiteko balio izango dizu?

Beka bi urterako da, eta bitartean munduko txapelketetan maila ona eman beharko dut hemendik bi urtera beka eman diezadaten berriro. Hori gertatuz gero, orduan hasiko nintzateke Pekingo Olinpiar Jokoetan pentsatzen, ez lehenago.

Irudikatzen zenituen bezalako Olinpiar Jokoak izan al dira?

Lehiaketan, espero nuena gertatu da. Bagenekien britainiarrak eta australiarrak aurretik izango genituela. Azken Mundialean brontzea lortu genuen, eta oraingoan ere postu hori errepikatzea zen gure asmoa. Olinpiar Jokoen giroari dagokionez, dena primeran joan da, eta antolaketa oso ona izan da.

Zer egiten zenuen egun normal batean?

Ezer gutxi. Jaiki, gosaldu eta, errepideko bizikleta hartuta, belodromoraino joaten ginen. 15 bat kilometro genituen gu ginen lekutik instalazioraino. Belodromotik Olinpiar Hirira, berriz, trenez itzultzen ginen. Hirira iritsi, erabilitako arropa zikina hartu eta garbitegira eramaten genuen, gero bazkaltzera joateko.
Bazkalostean siesta egin, eta arratsaldean berriz ere entrenatzera. Gure aisialdia, ostera, atseden hartzen eta Interneten nabigatzen ematen genuen.

Beste herrialde batzuetako kirolariak ezagutzeko aukera ematen al dute Olinpiar Jokoek?

Olinpiar Hiriko autobusa hartzerakoan nahiz jantokietan, herrialde askotako kirolariekin egoteko aukera genuen. Ingelesez badakizu jende askorekin harremana izateko aukera duzu, baina ni, batez ere, kubatarrekin, kolonbiarrekin eta Hego Amerikako kirolariekin ibiltzen nintzen; gaztelaniaz hitz eginez ondo ulertzen genuen elkar. Italiarrekin ere ondo moldatzen nintzen.

Zure domina pistako txirrindularitza bultzatzeko baliagarri izango dela uste duzu?

Hala espero dut. Nire esku dagoen guztia egingo dut hori horrela izan dadin, eta pistako txirrindularitzak Euskal Herrian bultzada izan dezan. Jende askorentzat irtenbide polita izan daiteke txirrindularitzaren modalitate hau, eta aurten, gainera, errepidean bezala taldeek Munduko Kopako probetan aritzeko aukera izango dute. Orain arte herrialde bat ordezkatuz egiten zen hori, baina orain taldeek Munduko Kopan aritzeko aukera izango dute. Hala, Euskaltelek, adibidez, pistako Munduko Kopan aritzeko txirrindulariak eraman ditzake. Hori oso garrantzitsua litzateke, baina horretarako dirua sartu behar da. Harrobiarentzat irteera ona da hori, eta maila ere nabarmen hobetuko litzateke.

Errepideko txirrindularitzaren gerizpean egon izan da beti pistakoa, baina errrepidekoaren aldean zein abantaila ditu pistako txirrindularitzak?

Hasteko, belodromoan egiten denez, pistako txirrindularitza errepidekoa baino seguruagoa da, auto batek harrapatzeko arriskurik ez dago. Horrez gain, pistako probak laburragoak dira, eta horrek ikusgarriagoa izatea dakar: askoz dinamikoagoa da errepidekoekin konparatuz.