ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Gaurkoa eta biharkoa

Esme Lopez eta Naiara Elgarresta



«Emakumeen eskubaloia

gizonezkoena baino askoz ikusgarriagoa da»

Esme Lopez: «Etorkizun oparoa du Naiarak; ikusten da eskubaloiaren harra barruan duela, bizi-bizirik»
Naiara Elgarresta: «Entrenamendu batean iaz, Esme markatzen aritu nintzen defentsan, baina ezin hura geldiarazi...»

Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartu du Esme Lopez Akaba Bera Berako eskubaloilari bikainak. Naiara Elgarresta 17 urteko jokalari gazteak, berriz, Esme iritsi den tokira heltzearekin amesten du.



Donostiarrak izan ez arren, hiri honekin lotura estu-estua dute Esme Lopez eta Naiara Elgarresta eskubaloilariek. Biek ala biek Akaba Bera Bera Donostiako taldean jokatzen dute: Esme elitean dabil eta Naiarak, berriz, bertan egon nahi du; Esme Olinpiar Jokoetan izan da, eta Naiarak bertan egon nahiko luke.

Estreinako aldiz izan da Esme Lopez Olinpiar Jokoetan, eta aipatu digunez, «taldearen emaitzarekin gustura geratu ez arren, jokoen handitasunarekin ikaragarri gozatu dut; ezin da, ez, beste ezerekin konparatu. Atrakzio parke arrunt bat Eurodisneyrekin konparatzea bezala da, berdin-berdin. Telebistan ikusi dituzun hainbat kirolari denak batera bertatik bertara ikustea gauza handia da».

Olinpiar Jokoak aipatu orduko, berriz, Naiara Elgarrestari dir-dir egiten diote begiek. «Inbidia handia ematen dit Esmek, behin baino gehiagotan amestu dut Olinpiar Jokoetan egotearekin, baina badakit hori ezinezkoa dela».«Zergatik diozu, bada, hori? –ondotik Esmek. Zure adina nuenean horixe esaten nuen, baina ikusten duzu... Lortu dut han egotea, eta zuk ere lor dezakezu».

Naiara, hain justu, kantxetatik at dago uneonetan, apirilean izandako lesioa dela eta. «Partidu batean belauneko lokailu gurutzatuak hautsi zitzaizkidan; hala, ekainean ebakuntza egin zidaten eta orain errehabilitazioan nabil». Agian berriz pasatu beharko du ebakuntza-gelatik, «eta ez dakit noiz izango naizen jokatzeko moduan», dio 17 urteko urretxuarrak atsekabetuta.

Lesioagatik kezkatuta

«Animo, neska –Esmek–, alde batetik zorionekoa zu hain gazterik izateagatik halako lesio larri bat. Lesio hori bera niri gertatuz gero, daukadan adinarekin, aurrera egiteko arazo eta duda gehiago izango nituzke. Zu, ordea, oso gaztea zara, ilusio handia duzu, eta antzematen zaizu eskubaloiaren harra barruan daramazula». Naiarak hori entzun orduko: «Bai, irrikitan nago berriz baloia hartu eta eskubaloian jokatzen hasteko, baina orain pazientzia eduki beharko». Esme Lopezek berak aitortu digu lesioekin zorte handia izan duela. «Bajan eman dudan denbora gehiena haurdunaldiagatik izan zen –seme bat du. Gisa horretan, giharrak ahalik eta gehien sendotzeko eta lesioak saihestearren, lan handia egin dut urte hauetan».
29 urte ditu Lopezek eta 9 urterekin hasi zen eskubaloian jokatzen, «Pasaian hasieran, eta urtebete geroago Bera Berara joan nintzen. 10 urterekin Donostiara jo, eta oraindik ez dute lortu bertatik bidaltzea...». Naiara, ostera, Zumarragako Urola taldean hasi zen, «eta 15 urterekin Bera Berak fitxatu ninduen. Futbolean ere aritua naiz, baina eskubaloia probatu orduko futbola alde batera utzi, eta eskubaloian nabil buru-belarri; oso gustura, gainera».

Jokalari konpletoa

Naiarak ezker lateralean jokatzen du normalean, «eta defentsan baino erasoan hobeto moldatzen naiz». Esmek hauxe dio: «Oso jokalari konpletoa da, lateralean zein hegaleko postuan joka dezake, eta bietan primeran aritzen da. Edonon jokatzeko arazorik ez duela esan nahi du horrek, jarrera oso ona duela, eta ikasteko erraztasun handia. Etorkizun oparoa du, gora egitea ala ez bere esku dago».

Naiarak adierazi digunez, oraintsu arte Esme Lopez eta Bera Berako jokalariak idolotzat zituen. «Orain, berriz, haiekin entrenatzen aritu naiz. Gogoan dut iaz Esme bera markatzen ibili nintzela denfentsan entrenamendu batean, eta ezin nuen inondik inora geldiarazi. Aingira baten antzera egiten zidan ihes!».

Bestalde, Esme Lopezek argi utzi nahi izan dio Naiarari gora iristeko irrika eta ilusio handia izan behar duela, «eta dakitenen esana aintzat hartu behar duela. Izan ere, jokalari batzuek uste dute dena dakitela, baina ez da horrela, apaltasun handiz ibili behar da». Pasai Antxokoaren arabera, «kirol honek jendea ezagutzeko aukera ematen du, gauzak partekatu eta momentu onak zein txarrak elkarrekin bizitzeko».

Esme kexu ageri da, ordea, emakumeen eskubaloiak ez duelako laguntza handirik jasotzen hedabide nahiz babesleetatik. «Gure eskubaloia ez dela errentagarria diote, baina nire ustez eurek ez dakite saltzen. Emakumeen eskubaloia gizonezkoena baino askoz ikusgarriagoa da». Gainera, gizonezkoen aldean, emakumeek elitera iristeko sakrifizio bikoitza egin behar dute. «Gizonezko gehienak profesionalak dira, baina kalitatezko neska askok ezin dute eskubaloian jarraitu ezin dituztelako ikasketak edo euren lana utzi».


Nortzuk dira?



Esme Lopez

Sorlekua: Pasai Antxo.
Adina: 29 urte.
Taldea: Akaba Bera Bera.
Postua: eskuin hegalekoa.
Palmaresa: 2003ko Munduko Txapelketan bosgarren; 1998ko eta 2000ko Europako Txapelketan, 12. eta 13. hurrenez hurren.
Naiara Elgarresta

Sorlekua: Urretxu.
Adina: 17 urte.
Taldea: Akaba Bera Bera.
Postua: ezker laterala.
Ikasketak: Donostiako Seminarioan Batxilergoa ikasten ari da.