ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Protagonista

LORE EIZAGIRRE Surflaria





«Marrazo bat alboan nuelakoan

ziztu batean atera nintzen behin uretatik»



Zarauzko surflari asko bezala, zeu ere txikitatik hasi al zinen surfean?

Duela hiru urte hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen Zarautzen, eta orain Euskal Herrian aritzen naiz, Europako Zirkuituko probaren batean ere lehiatu naizen arren, Angelun. Han konturatu nintzen Europan oso surflari onak daudela.

Zergatik surfa eta ez bodyboard?

Bodyboard ez dut inoiz probatu. Zarauzko Surf Eskolako ikastaro batean izena eman nuen urte batean, asko gustatu zitzaidan surfa, eta handik urtebetera berriro beste ikastaro bat egin nuen. Azkenerako, surfak bete-betean harrapatu ninduen.

Zure adineko neska asko al dabiltza lehiatzen Zarautzen?

16 urte ditut, eta nire adineko beste inor ez dago. Euskadiko Zirkuitua egiten, ordea, ni baino urtebete gazteagoa den beste neska zarauztar bat ere badabil. Hortik aurrera, denak zaharragoak dira. Zarauztik kanpo, ostera, nire adineko oso neska gutxi ikusi ditut Gipuzkoan.

Beraz, neska guztiak batera lehiatzen al zarete?

Bai. Euskadiko Zirkuituan ez gaude neska asko, eta adin ezberdineko surflariak batera aritzen gara maila berean. Zarauzko Nesken Surf Biltzarrean, 16 urtetik beherako mailan izena emateko aukera nuen, eta irabaztea lortu nuen. Nagusien mailan ere lehiatu nintzen, baita finalaurrekoetarako sailkatu ere.

Zarauzkoa omen da Euskal Herriko surf harrobi onena. Ados al zaude?
Ez da nire herria delako... baina nik baietz esango nuke; txikitatik ume asko hasten da Zarautzen surfean. Ikastaro asko antolatzen dira, dutxatzeko lekua bertan dago eta horrek asko errazten du surfean aritzea.

Ez al duzu inoiz beldurrik pasatu uretan surf egiten?

Sarritan. Olatu handiak daudenean, batzuetan ez zara seguru sentitzen. Behin batean, surf egiten ari nintzela, nire parean uretatik hegats bat ateratzen zela konturatu nintzen. Marrazoa zelakoan, ziztu batean atera nintzen uretatik. Ingurukoei kontatu nien zer ikusi nuen, eta denek erotzat jo ninduten. Handik gutxira jakin nuen izurdea izan zela ikusi nuena. Beldurra edo sustoa, ordea, inork ez zidan gainetik kendu!

Zein da ezagutzen duzun leku onena surf egiteko, eta zergatik?

Mundaka, nahiz eta ni neu oraindik ez naizen han sartu.

Zergatik, ordea?

Ikustearekin nahikoa dut momentuz; ez naiz ausartzen oraindik han surf egitera. Denek diote Euskal Herriko leku onena dela, eta tira, laster han ibiltzea espero dut.

Surflariek beti arropa jakin bat eramaten duzuela esaten da beti.

Arropari ez diot garrantzirik ematen, baina babesle bat dut, Rip Curl. Marka horrek ematen dit arropa guztia, eta nolabait arropa mota hori janztera behartuta nago; behartuta baina gustura, asko gustatzen zait eta. Oinetakoak, berokia, neoprenozko trajea, azpiko arropak... denetarik dut.


Nor da?



Adina: 16 urte.

Sorlekua: Zarautz.

Ikasketak: Batxilergoko lehen urtea egiten ari da Zarauzko Oteiza L. Politeknikoan.

Iruzkina: Zarauzko Nesken Surf Biltzarreko irabazlea 16 urtez azpikoetan. Profesional izatea du helburu.