Igor Uranga
«Gure lehen helburua Gasca pabiloia goraino betetzea da, ahalik eta zale kopuru handiena biltzea Bruesa Gipuzkoa Basketek etxean jokatzen dituen partidetan». Miguel Santos klub horretako presidentearen hitzak dira horiek, baina ez du ezkutatu luzera begira Gipuzkoa Basketen helburua ACB Ligan jokatzea izan daitekeela (LEB2 Ligan dabil orain). «Eguneroko lanean pentsatu behar dugu bakarrik, partidaz partida joan, eta zorte apur bat izanez gero, LEB Ligara igotzen saiatuko gara. Hori lortuz gero hasiko ginateke pixkanaka ACB Ligan pentsatzen; dena den, hori oraindik oso urrun ikusten dut».
Ez litzateke Donostiako gizonezkoen talde bat Espainiako saskibaloiko liga gorenean aritu den aurreneko aldia izango. Zuetako gehienek ez zenuten ziur aski ezagutuko baina 1975-76 denboraldian, Dicoproga taldeak horixe erdietsi zuen. Handik urtebetera Dicoprogak Askatuak izena hartu zuen, eta 1977-78 denboraldian Korac Kopa Europako txapelketan jardun zuen. 1988-89 denboraldian aritu zen Askatuak azkeneko aldiz lehen mailan.
Orduz geroztik, punta-puntako gizonezkoen beste talderik ez da Donostian izan, eta galdutako denbora hori guztia errekuperatu nahian sortu da Bruesa Gipuzkoa Basket. Aurten jaio da kluba, eta lau urterako proiektua ziurtatu du gutxienez, «Gipuzkoako saskibaloiaren erreferentzia bihurtzeko», dio Santosek. Talde berria izan arren, gazteekin ere lan egiteko asmo sendoa du. «Harrobiari dagokionez –dio Santosek–,
|
Gipuzkoako klubei euren jokalariekin lan egiten utzi behar zaie, izan ere gazteak euren betiko klubetan daude ondoen. Alde horretatik, guk geuk talde gipuzkoar guztiekin harremanak estutuko ditugu, eta horietan maila ematen duten jokalari orok izango du lekua Bruesa Gipuzkoa Basketen».
Ikastetxeekin ere ahalegin berezia egin nahi du talde honek. Miguel Santosek dioenez, «tarteka-marteka ikastetxe ezberdinetara joango gara saskibaloiaren inguruko hitzaldiak eskaini eta entrenamenduak egitera. Haur eta gaztetxoek gure taldeko jokalariekin harreman zuzena izatea nahi dugu, Gasteizko Tau Baskoniak egiten duen bezala. Azken batean, herritarrengandik hurbil egon nahi dugu, gero, kantxan, euren berotasuna nabaritzeko».
Bruesa Gipuzkoa Basket taldeari dagokionez, plantilla osatzen duten hamar jokalarietatik hiru gipuzkoarrak dira eta bat bizkaitarra. Zenbaiten iritziz, etxeko jokalari gutxi dago. Honi buruz zera dio Gipuzkoa Basketeko presidenteak: «Plantillaren %30 gipuzkoarra izatea oso ondo dago, beste probintzia batzuetan ez dute halako proportziorik. ACBn, Bilbao Basketek bizkaitar bakarra du, Gasteizko Tauk euskal jokalari bat bera ere ez du... Alde horretatik, erraz atera gara irabazle. Zenbait saskibaloilari gipuzkoar kanpoan dabiltza, eta horien jarraipena egiten ari gara. Aranbarri, Iker Lopez, Iker Urrezti... LEB edo LEB2an dabiltza, eta posible da datorren urtean hemen izatea. Gure asmoa taldea gipuzkoarrago egitea da, ahal den neurrian behintzat».
|