Taldeko gipuzkoarrak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 15 2004/11 »  Taldeko gipuzkoarrak

Taldeko gipuzkoarrak

Aitor Vega

Sorlekua : Donostia.
Adina : 27 urte.
Altuera : 1,86 metro.
Postua : Eskolta.
Entrenatzailearen hitzak : «Ondo defendatzen du eta puntuak lortzeko erraztasuna ere badu; horiexek dira bere dohain nagusiak». Joko antolatzaile ere izan daiteke. Iaz EBA Ligako Don Benito taldean aritu zen.
Joseba Aranburu

Sorlekua : Donostia.
Adina : 23 urte.
Altuera : 2,04 metro.
Postua : Pibota.
Entrenatzailearen hitzak : «Josebak ondo daki fisikoki sasoian jartzen bada aintzat hartu beharreko jokalaria dela. Jokalari oso interesgarria da». Galizian bi denboraldi egin eta gero, iaz Menorcan aritu zen, LEB Ligan.
Aritz Martinez

Sorlekua : Donostia.
Adina : 22 urte.
Altuera : 2,01 metro.
Postua : Hegal-pibota.
Entrenatzailearen hitzak : «Maila honetan izena hartzen joan behar den jokalari gipuzkoarretako bat da». EBA Ligan jokatu du Leonen eta Galizian, eta iaz Atlético San Sebastián taldean jardun zuen.


Joseba Aranburu. Pibota


«Zale gipuzkoarrek saskibaloi partidak ikusteko ohitura hartu behar dute»


Hiru jokalari gipuzkoar bakarrik zaudete Donostiakoa den eta aurten jaio den talde batean. Ez al da gutxitxo?

Hala pentsa daiteke, eta gehiago egon zitezkeen; talde hau, ordea, azken momentuan gauzatu zenez, ezin izan da gehiagorik ekarri. Dena den, orain hiru gaude, baina posible da datorren urtean gehiago izatea. Iaz Menorcan jokatu nuen LEB Ligan, eta han ez zegoen bertako jokalaririk.

Atzerapausoa al da LEB Ligako Menorcako taldetik LEB2 mailako beste batera jaistea?

Ez, goragoko maila batean egon arren ez nuen jokatzen, eta orain, Donostian minutu dezente ditut. Aste guztian gogor entrenatzen zara, gero asteburuan, partidan, zure maila erakusteko, eta iaz ez nuen horretarako aukerarik izan.

Menorca eta Donostiako taldeen artean alde handiak nabaritu al dituzu?

Oso antzekoak dira. Egia da LEB1ean agian kalitate handiagoa dagoela, baina ez pentsa halako alderik dagoenik. LEB2an talde espirituarekin jokatzeak ematen ditu emaitza onak, eta horretan ondo gabiltza.

Momentuz, hiru gipuzkoarrak
hasierako bostekotik at zaudete. Espero al zenuen?

Bai. Gure postuetan titular dabiltzanek iaz minutu asko izan zituzten LEB Ligan eta, beraz, normala ikusten dut gure aurretik egotea. Nik badakit zein den nire lana, eta ez dut horretan arazorik.

Elitetik hurbil dagoen talde donostiar bat izatea garrantzitsua izango da gazte gipuzkoarren artean ilusioa areagotzeko, ezta?

Dudarik gabe. Ni umea nintzenean ilusioz gainezka joaten nintzen nagusien partidak ikustera Gasca kiroldegira, eta oraingo haur batek gurea bezalako talde batekin gauza bera pentsatzea espero dut. Horixe nahiko nuke behintzat...

Halako talde bat ez egotea izan al da azken urteotan Gipuzkoan eliteko jokalaririk ez ateratzeko arrazoia?

Ez dakit, arrazoietako bat izan daiteke. Dena den, jokalari gipuzkoar on bat ateratzen bada, kanpoko talde batek berehala fitxatzen du. Gipuzkoan saskibaloirako zaletasuna badago, baina gehiago izan behar dela ere egia da. Zaleek Gasca kiroldegian saskibaloi partidak ikusteko ohitura hartu behar dute, eta nik uste dut hori lortuko dela, pazientziarekin.