Elurrik gabe eskiatuz


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 15 2004/11 »  Elurrik gabe eskiatuz

Egin ezazu saioa




Donostiako roll-ski topaketa.


Gurpil gaineko eskia edo roll-skia ez duzue ezagutuko oraindik zuetariko askok, baina Euskal Herrian, eta Gipuzkoan bereziki, zale dezente izateaz gain, lasterketa bat baino gehiago antolatzen dira.

Duela 25 urte hasi ziren iraupen-eskiko talde eta selekzioak ordura arte ezezaguna zen kirol modalitate hau praktikatzen; elurrik ez zegoenean entrenatzea zen gurpil gaineko eskiaren edo roll-skiaren helburua. Eskiatzeko bastoi batzuk hartuta eta bi gurpil besterik ez zituzen patinak hanka banatan jarrita hasi ziren errepidean ibiltzen.

Pixkanaka, ordea, kirol hau hazten joan da, eta egun kirol modalitate independentea bihurtu da, iraupen-eskiaren atzaparretatik at dagoena hain zuzen. Espainia, Europa nahiz munduko txapelketak antolatzen dira jada roll-skian, eta Euskal Herrian bertan gero eta klub gehiagotan daude roll-ski taldeak. Zaleak ere ugaldu egin dira gurean, eta urte osoan gurpil gaineko eski probak antolatzen dira han-hemenka:
ekainean Eibarren; urrian Donostian, Hernanin eta Erronkarin; eta datorren azaroaren 21ean Errenterian bertan ere Bizaraineko Igoera jokatuko da. Infantilek, jubenilek, juniorrek, nagusiek... maila guztietakoek jarduten dute.

Zaletasuna egon badago, beraz, geure artean, nahiz eta oraindik kirol ezezagun samarra izan. Izan ere, roll-skia ez da praktikatzeko kirol zaila; ilusioa eta gogoa izatearekin nahikoa dela diote kirol hau probatu dutenek, eta materiala ere klubetan uzten dute normalean. Gaztetxoei kirol honen arra barren-barreneraino sartzen omen zaie probatu eta berehala. Rool-skia gertutik ezagutu nahi duzuenok honako telefono hauetara dei dezakezue:



Vasco de Camping Elkartea.
943-271866. Donostia.
G.M. Urdaburu.
943-527879. Errenteria.
Eibar Kirol taldea.
943-111904, 943-201904.




Arabiar Emirerri Batuetako txin-txin hotsa

Roll-skiak duen abantaila handienetarikoa edozein lekutan eta edozein urte sasoitan praktika daitekeela da. Izan ere, herri edo hiri barneko zirkuituetan egin daiteke. Errelebuen lasterketak, kanporaketak, denak batera irtendako lasterketak, banakako erlojupekoak... Hainbat lehiaketa mota eskaintzen ditu kirol honek.
Proba ikusgarriak izan ohi dira eta antolatzeko errazak, gainera. Esaterako, abiadura-patinajean edo txirrindularitzan egiten den bezala, criteriumak antola daitezke. Nazioartean zirkuitu profesional asko eta lasterketa garrantzitsuak daude. Hala, duela zenbait hilabete Arabiar Emirerri Batuetan asfaltozko mihi luze bat jarri zuten basamortuaren erdian roll-skia egiteko. Sekulako diru-sariak banatu zituzten, gainera, bertan.