Neguko kirolak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 16 2004/12 »  Neguko kirolak

Euskal Herrira iritsi den neguko kirol berriena da curlinga, eta Donostian praktika daiteke.


Igor Uranga

Abendu hasieran ireki zituzten euren ateak eski-estazio gehienek, eta asko eta asko dira Euskal Herritik elurraz gozatzera horietara joango direnak. Eski alpinoa, snowboarda, iraupen-eskia, lera txakurrekin, erraketekin zeharkaldiak egitea... modalitate asko praktikatzeko aukera izango da hemendik aurrera.







Eski alpinoa da neguko kirol ezagunena, erregea eta tradizioz zale gehien erakarri dituena. Nagusitasun horri eusten dio oraindik ere, baina azken urteotan snowboarda zale kopuru handiagoa biltzen ari da, gazteen artean batez ere. Ohol gainean mugitzeko ematen duen askatasunak eta modalitate honek bere baitan duen bizitzaren inguruko filosofiak eski alpinoa gainditu du hein batean. Snowboarda aspalditik modan dagoela dirudi, eta hori dela eta eski alpinoko eskiek nahiz fijazioek ere garapen nabarmena izan dute eskiatzaileei mugimendu askatasun handiagoa eskaini ahal izateko, oholak bezalaxe, hain zuzen.

Snowboardak, gainera, goi mailako kirolari bat baino gehiago eman du azkenaldian Gipuzkoan. Hala, Iker Fernandez donostiarra azken Neguko Olinpiar Jokoetan aritu zen, eta dominaren bat lortzeko faboritoen artean ere izan zen, nahiz eta azkenean gauzak ez zitzaizkion uste bezala atera. Ibon Idigoras zarauztarra ere goi mailan dabil.

Modalitate horrez gain, iraupen-eskiak ere jarraitzaile asko ditu Gipuzkoan. Izan ere, Nafarroa aldean edo Ipar Euskal Herrian modalitate hori praktikatzeko aukera dago. Ikastetxe askotan eskaintzen da urtero iraupen-eskia gure ingurunean egiteko aukera.


Era berean, urrutira joan gabe ere, oinetan erraketak jarri eta elurretan zeharkaldi ederrak egin daitezke. Edo bestela, diru nahiz denbora gehiago kentzen duen beste kirol bat ere aukera daiteke: lera lasterketena. Hots, modalitate honetan txakurrek egiten diote tira lerari, eta Gipuzkoan nahiz Euskal Herrian oro har gero eta zale gehiago ditu. Kirol garestia bezain ederra da, eta elurretan ez ezik mendian ere antolatzen dira lasterketak, Elgoibarren eta Bergaran esaterako; duela gutxi Donostiako Zurriola hondartzan ere erakustaldi bat egin zuten.



Eta izotz gainekoak, zer?

Neguko kirolez hitz egiterakoan, betiere elurra etorri ohi zaigu burura, baina badira beste batzuk donostiarrek bertatik bertara dituztenak, gainera: izotz gaineko kirolak. Donostian, Gasteizen eta Angelun izotz jauregiak daude, eta horietan aisialdiko patinajea, patinaje artistikoa eta izotz hockeya bezalako neguko kirolak praktika daitezke.

Patinaje artistikoko ikastaroak nahiz ikuskizunak antolatzen dira Txuri Urdin izotz jauregian.



Donostiako Txuri Urdin izotz jauregian curlinga ere egin daiteke. Kirolariak hogei bat kiloko harria jaurtikitzen du izotz gainean, eta irrist eginez, 40 metrora dagoen diana batetik ahalik eta hurbilen uzten saiatu behar da. Ez da kirol zaila, eta adin guztietako jendeak egin dezake. Gauza bera esan daiteke patinaje ar-tistikoari eta izotz hockeyari buruz. Adituen iritziz, hiru urterekin jada patinatzen ikas daiteke, eta handik bizpahiru urtera izotz hockeyan edo patinaje artistikoan has zaitezke. Neguko kirol asko dago, beraz; orain aukera egitea besterik ez zaizu falta.






Aurrekoa| |Hasiera| |Hurrengoa