|
Baloi obalatua, jokalari ausart eta gogotsuentzat
|
|
Bera Berako lehen taldeko kapitaina da Gorka Bueno 32 urteko jokalari donostiarra. Bere aitak eta osaba batek ere jokatzen zuten errugbian, eta hortik omen datorkio zaletasuna. 15 urteko Beñat Gorrotxategik, berriz, duela urtebete ezagutu zuen kirol hau.
|
Familiatik datorkio Gorka Buenori errugbirako zaletasuna. «Nire aitak eta osaba batek duela 30 bat urte Atlético San Sebastián taldearekin jokatzen zuten, eta txiki-txikitatik errugbi kontuak etxean entzun izan ditut. Nire aitak erakutsi zidan kirol honetan jokatzen, eta berehala sartu ninduen errugbi eskola batean». Futbola eta saskibaloia ere praktikatu izan ditu 32 urteko jokalari honek, «baina errugbia ezagutu bezain laster, gainerako kirolak utzi eta, ikusten duzu, buru-belarri errugbian nabil, oso gustura gainera».
Beñat Gorrotxategik 15 urte ditu, Bera Berako kadete mailako taldean dabil, eta duela urtebete pasa ezagutu zuen kirol hau. «Futbolean ibiltzen nintzen, baina Bera Berako errugbi eskolakoak etorri ziren ikastaro batzuen berri ematera. Kirol hau probatu, gustatu eta hor segitzen dut. Nirekin batera hasi ziren beste ikaskide batzuk errugbian, eta gehienok elkarrekin jarraitzen dugu».
Bera Berako lehen taldea Espainiako Ohorezko Ligan ari da, eta une honetan puntan dabil. Buenoren ustez, «taldea elitean finkatzen ari da, eta duela urte batzuk baino askoz egoera hobean gaude. Bidaia batzuk hegazkinez egiten ditugu, eta horrek asko laguntzen du, asko errazten ditu gauzak». Beñatek, berriz, zera dio: «Oso urruti ikusten dut horra goraino iristea, baina nahiko nuke, nola ez, elitean jokatzea; dena den, oraindik asko daukat ikasteko».
Goi mailara iristea ez da batere erraza, eta bide zail horretan, Gorkak teknika ondo ikastea aholkatu dio Beñati. «15 urterekin, garrantzitsuena teknika ondo menderatzea da, behar bezala barneratzea –dio Gorkak.
|
Partidak jokatuz hartzen da esperientzia eta alde fisikoa ere ordu asko sartuta eta gogor entrenatuta lortzen da. Paseak nola eman, ostikoak ondo jotzen, plakaketak egiten... hori guztia orain ikasi behar du ondo; gainerako guztia, etorriko da».
Beñatek aitortu du errugbia ez dela ikasteko erraza. «Orain ari naiz horretan. Plakaketak ondo egiten orain hasi naiz ikasten, eta horrez gain, paseak emateko orduan, ostikoak emateko orduan, distantziak ondo neurtzea asko kostatzen ari zait». Gorkak, albotik: «Badakizu nola ikasten den asko, Beñat? Telebistaz errugbiko partidak ikusita. Digital Plusek eta Frantziako Telebistak goi mailako hainbat partidu eskaintzen dituzte, eta jokalari onenen mugimenduak ikusiz asko ikasten da. Gazteek, batez ere, berehala barneratzen dituzte mugimendu horiek, eta ondoren, ikusi duten hori entrenamenduetan egiten saiatzen dira; hori oso garrantzitsua da».
Biek onartu dute errugbian aritzeko ausardia puntu bat behar dela. «Gogotsu aritu behar duzu beti, izan ere zu baino askoz indartsuago den aurkari bati plakaketa bat egin behar badiozu, esate baterako, konbentzituta egin behar duzu hori, bestela min har dezakezu», dio Beñatek. «Gure taldean oso indartsuak diren bi jokalari ditugu. Horietako bat arraunketa utzi eta duela hiru bat astetik dabil gurekin, eta momentuz gainerako guztiak aurretik eramaten ditu; geraezina da!».
Gorkak aipatu duenez, «plakatzeko eta defendatzeko %80 gogoa eta gainerako %20 teknika da. Teknikak min ez hartzeko balio du, eta hori ondo menderatuta aurkaria handiagoa eta indartsuagoa bada ere, azkenean lurrera botako duzu, zezen baten tankerakoa ez bada behintzat».
|
|
|
Beñat Gorrotxategi
Sorlekua : Donostia.
Ikastetxea : Peñaflorida institutua.
Adina : 15 urte.
Iruzkina : duela urtebete hasi zen errugbian, eta Gorka Bueno bezala, joko-zabaltzailea da, «nahiz eta oraindik kirol honen oinarrizko alderdiak ikasten ari naizen».
|
Gorka Bueno
Sorlekua : Donostia.
Adina : 32 urte.
Iruzkina : Spyro Bera Berako kapitaina da, Espainiako Ohorezko Mailako taldean jokatzen du eta klubaren historian estreinakoz Europako Pen Parker Shield Txapelketan dihardu. Anoetan jokatuko dute abenduaren 11n kanporaketako itzuliko lehia
Carrera talde italiarraren aurka.
|
|