 |
|
 |
 |
Gazte asko biltzen da asteburuero Anoetako belodromoan, Automatismos Erreka pista denboraldiko probetan aritzeko. (Argazkia: Sara Santos)
|
Igor Uranga
Hiru hilabete, abendutik otsailera bitartean, irauten du pistako denboraldiak Donostiako belodromoan. Gipuzkoako txapelketak alde batera utzita, hamar bat proba antolatzen dira bertan, eta hor jarduten dute kadete, junior eta senior mailako neska-mutilek pistako txirrindularitzan lehian.
Aurten arazoak dituzte txirrindulariek belodromoan entrenatu eta lehiatu ahal izateko, eguraldi txarra egiten duenean pista busti egiten dela-eta. Edonola ere, laster batean arazo horiek konponduko direlakoan daude, eta pistako denboraldia aurrera eramateaz gain, datorrean otsailaren 12an Euskadiko Sei Orduak ere arazorik gabe burutzea espero dute.
Eduardo Soto Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko kidea arduratzen da Donostiako pistako denboraldiaz. Berak adierazi duenez, «Gipuzkoako pistako txirrindularitzaren egoera ez da ona. Txirrindulari eta talde gehientsuenek errepidera begira egiten dute lan, eta hori pena da, izan ere Gipuzkoako txirrindulari gaztetxo asko oso emaitza onak lortzen ari dira azkenaldian pistan, oso gutxi entrenatuta gainera».
Maezturen eragina
Pistako denboraldia udazken eta negu partean antolatzen dute Anoetan, «errepidean entrenatzeko aukera gutxiago dutela aprobetxatuz. Iluntzean eta eguraldi txarra izanez gero ere belodromoan entrenatu daitezkeenez, bada orduan etortzen dira pistara entrenatzera», dio Sotok.
|
Baina baikor egoteko arrazoiak ere badaude. Asier Maeztu donostiarrak 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan pistan lortutako dominak, esaterako, eragin zuzena izan omen du zaleen artean. «Jendeari gogotsu ikusten zaio pistako txirrindularitzan, eta aurten Automatismos Erreka pistako challengerako izena eman duten txirrindularien kopuruak gora egin du nabarmen. Aurreko urteetan normalean ez ginen ehun ziklistetara iristen, baina aurten 120 txirrindularik eman dute izena. Horrez gain, –dio Sotok– zikloturismotik pistako txirrindularitzara igaro diren txirrindulari bazuk ere baditugu aurten. Eta neurri handi batean, hori guztia Maezturen arrakastaren ondorioa dela esango nuke».
Proba ikusgarriak
Seniorrez gain, adin txikiagoko txirrindulari asko aritzen da pistan (kadete eta junior mailetan), eta askok kontrakoa pentsa badezake ere, txirrindularitzako modalitate hau ez omen da aspergarria. Pistan jirabiran ibiltzen dira, bai, «baina ez dira etengabe horretan aritzen, geratu gabe. Era guztietako ariketak egiten dira entrenamenduetan: errelebuka aritzen dira, peraltetik igota, geldialdiak egiten dituzte, erresistentzia lantzen da... Lasterketak, berriz, biziak eta oso ikusgarriak dira ez baitira oso luzeak. Amerikarra, puntuazioko probak, kanporaketak, keirin... proba bizi eta ederrak dira», azpimarratu du Eduardo Sotok. Donostiako belodromoaz gain, hemendik gertu, Berrizen, Zallan eta Tafallan ere badira belodromoak.
|
|
120 ziklistek eman dute izena aurten pistako denboraldia egiteko; aurreko urteetan ez ziren ehunera heltzen.
Eduardo Sotoren aburuz, «pistako txirrindularitzako probak ez dira aspergarriak, ikusgarriak baizik»
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |