Martin Barandiaran


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 17 2005/01 »  Martin Barandiaran

Martin Barandiaran Txirrindularia. 16 urte

Martin Barandiaran bizikleta eskuetan duela, Donostiako belodromoan. (Argazkia: S.S.)

«Bizkaitarrak gipuzkoarron aurretik izaten ditugu normalean, pistan»

Beste askok bezala, pistako txirrindularitza errepidekoa prestatzeko egiten al duzu?

Gustatzen zaidalako batez ere aritzen naiz pistako txirrindularitzan, baina errepideko denboraldia prestatzeko ere aproposa da. Bi modalitateak ditut gustuko, baina une honetan errepideko lasterketarik ez dugunez, pistan apur bat ibiltzeko aprobetxatzen dut.

Txirrindularitzako beste modalitate batzuekin alderatuz, zailagoa al da pistako txirrindularitza?

Ziklo-krosean ibilitakoa naiz, eta horrekin eta errepideko ziklismoarekin alderatuz, pistakoa teknikoagoa eta arriskutsuagoa da. Bizikleta ondo menperatzea oso garrantzitsua da, baita beldurrik ez izatea ere.

Ezustekorik izan al duzu inoiz?

Izan ditut bai. Gurpilak irrist egiten duelako edo, halakoetan ikaratzea normala da, baina pistan behin bakarrik erori izan naiz. Ia geldirik nengoela erori nintzen, gainera, izan ere oso mantso zoazela ziztu batean zoazenean baino errazagoa da lurrera erortzea.

Ez al zara aspertzen belodromoari hainbeste itzuli ematen?

Normalean proba laburrak eta azkar samarrak egiten ditugu, eta ez dugu aspertzeko denborarik izaten.
Zein probatan zaude espezializatuta?

Oraintxe bertan, guztietan aritzen naiz, ez nago inon espezializatuta. Puntuazioan ibiltzea asko gustatzen zait, eta abiaduran ere momentuz ondo moldatzen naiz.

Asier Maeztu donostiarrak Atenasko Olinpiar Jokoetan domina bat lortu zuen. Inbidiarik bai?

Nik neuk nahiago nuke errepidean lortzea dominaren bat, baina bide guztiak zabalik izan nahi ditut, badaezpada ere.

Zure kategorian txirrindulari asko al zabiltzate?

Pistan jubenil mailako 50 bat txirrindulari ariko gara; gehienak gipuzkoarrak gara, baina badira bizkaitar batzuk ere.

Eta normalean bizkaitarrak gipuzkoarren atzetik ibiltzen al dira?

Ez, normalean bizkaitarrak aurretik izaten ditugu. Zergatik? Etortzen diren txirrindulari bizkaitar gutxi horiek hango onenak direlako.

Euskadiko Sei Orduetara joango al zara?

Saiatzen naiz urtero joaten, eta egiten diren lasterketa guztietatik proba amerikarra da gehien gustatzen zaidana.


Nor da?


Izena: Martin Barandiaran.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Taldea: Donosti Berri.
Ikastetxea: Usandizaga.

« Bizikleta ondo menperatzea eta beldurrik ez izatea oso garrantzitsuak dira pistan »

« Pistako txirrindularitzan baino nahiago nuke errepidekoan eskuratzea dominaren bat »