Zubiri Manteo institutua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 17 2005/01 »  Zubiri Manteo institutua

Ikastetxez ikastetxe,

ZUBIRI MANTEO institutuan

Sergio Fernandez, Huelvan egin zen eslalomeko Espainiako Txapelketan.
Sergio Fernandez minusbaliatua, Espainiako txapeldun eslalomean; Olatz Edroso, txapeldunordea piraguismoan; eta Iñigo Martin, Gipuzkoako txapeldun xakean. Zubiri Manteo institutuko ikasleak dira hirurak ere.


Sergio Fernandez, Iñigo Martin eta Olatz Edroso Zubiri Manteo institutuko hiru txapeldun handi dira. Ikastetxe horretan ez dute ikasturtean zehar kirol ekitaldi aipagarririk antolatzen, baina, hori bai, kirolari aipagarri bat baino gehiago dute ikasleen artean.

Iñigo Martin Gipuzkoako txapeldun da xakean, Olatz Edroso Espainiako txapeldunordea piragusmoan, eta Sergio Fernandez minusbaliatua, berriz, Espainiako txapeldun eslalom izeneko modalitatean. Azken honek 19 urte ditu, donostiarra da eta hiru urte daramatza Zubiri Manteo institutuan ikasten. Paralisi zerebrala du, eta institutuan beste ezintasunen bat duten ikasleekin dabil. Etorkizunean aurrean izango duten lan-merkaturako prest egotea dute helburu horiek guztiek, eta horretarako gogor lanean ari dira.

Sergio Fernandezek aitortu duenez, «institutuan sartu nintzen lehen urtean, ohikoak gerta daitezkeen arazoak izan
nituen hasieran jendearekin, baina pixkanaka elkar ulertzen joan ginen, eta orain primeran nago hemen, adiskide asko ditut gainera». Gazte hau ezagutzen dutenek oso kaskagorra dela diote eta horregatik lortu omen ditu kirolean ere hain emaitza onak.

Azken arrakasta ekainean erdietsi zuen, Huelvan. «Hainbat makil edo oztopori ahalik eta denbora laburrenean izkin egitea da helburua eslalomean; erlojupekoa da, eta makil guztiak ukitu gabe zirkuitua osatzea ez da erraza», dio Sergiok. Aspaceko egoitzan astean bitan entrenatzen da donostiarra, eta berak azpimarratzen duenez, «kirolak poz handia emateaz gain, beste gauza askori aurre egiteko oso lagungarria egiten zait». Institutuan bertan asko animatzen omen dute txapelketa bati ekin aurretik, «baina gehienetan ezin izaten dute lehiaketara joan, eslalomeko probak Donostiatik urrun antolatzen baitira normalean; atsekabetuta nago horregatik».


Iñigo Martin Xakelaria. 15 urte Olatz Edroso Piraguista. 16 urte
«Xakelariak gure munduan bizi gara pixka bat»

– Gipuzkoako txapeldun zara xakean. Zein mailatan?

– 20 urtez azpiko txapelduna izan nintzen 2003ko Eguberrietan. Banekien ondo ibiliko nintzela, baina irabaztea betiere zaila da.

– Zure ikastetxean antolatzen al da xake txapelketarik?

– Ez. Espainiako torneo askotan jokatzen dut, Galizian adibidez behin baino gehiagotan aritu naiz. Espainiako Txapelketan parte hartzen dut urtero, eta 2002an bederatzigarren sailkatu nintzen; aurten, berriz, hogeigarren. Azken honetan, nire aurkari gehienek 16 urte zituzten, eta nik 14 bakarrik; adinen arteko alde hori asko nabaritzen da.

– Xakea eta ikasketak biak uztartzea erraza egiten al zaizu?

– Asko kostatzen da. Xakeak egunero bizpahiru ordu kentzen dizkit, izan ere ordenagailuan eta liburuekin xakearen inguruko gauza ugari ikasten aritzen naiz.

– Gipuzkoako txapeldun izanda, orain Euskadiko tituluaren bila al zoaz?

– Ahaleginduko naiz, apirilean jokatuko da kadete mailakoa, eta hura irabazteko gogor saiatuko naiz.

– Xakeko maisua izatea al da zure helburua?

– Dudarik gabe. Xakea asko gustatzen zait, lehiatzea batez ere, baina baita xakeko gauzak ikastea ere, besteen partidak aztertzea. Lehiaketetan urduri jartzen nintzen lehen, baina orain jada ez.

– Xakelariak arraro samarrak zaretela diote, beti pentsakor zaudetelako. Hala al da?

– Egia da pixka bat gure munduan bizi garela, eta oso despistatuak gara oro har; ni ere halakoa naiz.
«Espainiako Txapelketa irabazten saiatuko naiz»

– Espainiako txapeldunordea izan zara, zein modalitatetan?

– Jubenil mailan sailkatu nintzen bigarren K2 modalitatean. Kadetea nintzela lortu nuen hori iaz; aurten, berriz, jubenila naiz, urtebete gehiago dut eta maila horretan titulua eskuratzen ahaleginduko naiz.

– Eta hemendik aurrera zein helburu dituzu?

– Eguberrietan ekingo diogu denboraldiari. K1ean ariko gara denboraldi hasieran, baina hori prestakuntza gisa hartzen dut K2ari buru belarri heldu aurretik.

– Beste piraguistarik ba al dago zure gelan edo ikastetxean?

– Nik dakidala bakarra naiz.

– Eta hemendik aurrera zer, Olinpiar Jokoetan eta halakoetan pentsatzen al dezu?

– Egia da noiz edo noiz horrekin amestu izan dudala, hau da, Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin, baina hankak lur gainean ditut, eta jakin badakit oso zaila dela horra gora iristea.

– Kanpotik esaten den bezain gogorra al da piraguismoa, piraguismoko entrenamenduak?

– Dudartik gabe. Uretan entrenatzeaz gain, gimnasioan ordu asko sartzen ditugu eta korrika ere egin beharra dago.

– Piraguismoak denbora asko kentzen al dizu ikasketetarako?

– Astelehenetan izan ezik, gainerako egun guztietan entrenatzen dugu. Arratsaldeko 17:00etan hasten gara eta 20:00ak arte gutxi gorabehera ez naiz etxera itzultzen. Eta pentsa dezakezun bezala, gero liburuak hartzeko ez dut gogo handirik izaten, baina tira, ahal dudana egiten saiatzen naiz.