Arku tiroa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 17 2005/01 »  Arku tiroa

Egin ezazu saioa

Areto barruko arku-tiroa praktikatzen hasteko, komenigarria da irakasle egoki batekin ikastaro bat egitea.


Robin Hooden antzera ibili nahi?

Indiar eta cowboyen pelikulak eta, batez ere, Robin Hoodi buruzko filmak ikusita ezagunak zaizkigu arkuak eta geziak. Baina jarduera hori ere kirol bezala praktikatzen da, baita Gipuzkoan ere. Hala, bost urtetik aurrera arku-tiroa ikasten has zaitezke.
Urtarrilaren erdialdean, Euskadi eta Frantziako Nimes hiriko selekzioek euren trebezia agerian jarriko dute arku-tiroan elkarren aurka jokatuko duten norgehiagokan. Cowboy eta indiarren eta, batez ere, Robin Hooden inguruko filmetan ikusita egingo zaizue gehienoi ezaguna arku-tiroa; asko eta asko agian arku eta geziekin jolasean ibiliko zineten txikitan. Zenbatek jarduten dute, ordea, horretan kirol gisa? Gipuzkoan nahiz Euskal Herrian ez dira asko. Edonola ere, jarduera hau historian ezagutzen den zaharrenetarikoa da, 20.000 urte baino gehiago omen ditu eta aspaldiko pinturetan ere ikusten dira gizaki primitibo asko tresna haiekin ehizan. Arku eta geziekin egiten den kirola izan arren, oso gazte has daiteke praktikatzen, 5 urtetik aurrera. Hori bai, behar bezala eta arriskurik gabe ikasteko, arku-tiroko irakasle batekin ikastea komeni da, eta horretarako Gipuzkoako Arku-Tiroko Federazioarekin harremanetan jartzea izango litzateke egokiena edo bestela, Donostian bertan dauden klubekin.

Arku-tiroa ikasten hasteko, potentzia gutxiko arku birkurbatu bat erabili behar da, eta horren bitartez, teknika eta gorputzaren jarrera ikasiz joango zarete. Hori lortu ondoren eta zuen trebezia areagotzen doan heinean, arku konplexuagoak erabiltzeko moduan izango zarete: arku zuzena, ehizakoa, zehaztasun handiko arku birkurbatuak eta poleadun arkuak edo mekanikoak. Arku-tiroa, gainera areto barnean edo atari zabalean egin daiteke, eta modalitate ezberdinetan praktika daiteke.


Ez egin inoiz!
Behar dena baino gezi arinagoa ez da jaurti behar, ehizako arkuekin batez ere, potentzia handikoak baitira.
Behar dena baino gezi laburragoa ez erabili, eskuan sar daiteke-eta. Pixka bat soberan egotea komeni da, batez ere arkularia hasiberria bada.
Ez jaurti inoiz gezia gora. Arkutik atera den abiadura berarekin lurreratuko da eta oso arriskutsua gerta daiteke.
Gezia jaurtitzerakoan ituan asmatzen ez bada, ingurua segurua dela baieztatu, ezbeharrik gerta ez dadin.
Helbideak


Jaurti Kirol Elkartea. Marcelino Soroa plaza, 7, 3.A. 20.011. Donostia.

Klub Diarco. Anoeta ibilbidea, 54 (Karmelo Balda pilotalekuaren azpian). 20014. Donostia.

Arku-Tiroko Gipuzkoako Federazioa. Anoeta ibilbidea, 5-46. bulegoa. 20014. Donostia. Tlf: 943-460124.


Aretoko arku-tiroa: udazken-neguan asko egiten da. 40 cm-ko diametroa duen ituari edo dianari jaurtitzen zaio 18 metroko distantzia batetik. 30 gezitako bi tiraldi egiten dira hiru txandatan banatuta.
Atari zabaleko arku-tiroa: Olinpiar Jokoetan egiten den modalitatea da. 70 eta 90 metroko distantzia batetik 36 gezi jaurtitzen dira tiraldi bakarrean. 122, 80, 50 eta 30 cm-ko ituei jaurti behar diete tiralariek.
Basoko ibilbidea: 3-5 arkulariz osatutako taldeek basoko ibilbidean aurkitzen dituzten animalien irudiak dituzten ituei jaurtitzen diete.
Mendiko ibilbidea: aurreko bi modalitateen nahasketa da. 16 edo 24 ituz osatutako ibilbideetan, pikatxoi beretik hiru gezi jaurtitzen dituzte, eta talde bakoitza hiruzpalau arkularik osatzen dute.