– Espainiako selekzioaren kontzentrazio batean izan zara oraintsu. Txapelketaren bat prestatzeko asmoz?
– Datorren urteko udan Europako Txapelketa jokatuko da, eta horri begira, kontzentrazio batzuk egingo ditugu tarteka, eta ikusiko dugu azkenean txapelketa horretan jokatzen dudan edo ez.
– Zer dela eta aukeratu zenuen kirol ezezagun hau?
– Betidanik deigarria egin zait oso, eta udan hori ezagutzeko irrika nuen. Azkenean nire egungo entrenatzailea dena nire ikastetxera etorri zen sofbola erakustera, eta lehiatzeko talde bat osatu genuen.
– Neska askok egiten duzue kirol hau. Mutilak baino gehiago zabiltzate?
– Ez dakit, agian bai. Mutilak betiko kiroletan gehiago ibiltzen dira (futbolean, eskubaloian, pilotan...), gehiago interesatzen zaizkie kirol horiek; neskok, berriz, agian jakin-min handiagoa dugu kirol berriak ezagutzeko.
– Sofbolean gainera, neska-mutilek elkarrekin joka dezakete, ezta?
– Bai. Bateatzeko orduan, esaterako, txandakatuz joaten dira neskak eta mutilak: aurrena mutilak bateatzen du, gero neskak... Neska-mutilak batera jokatzea
|
oso ondo ikusten dut, hala mutilen erritmora eta indarrera ohitzen garelako. Horrela, gero neska batek bateatu behar duenean, errazagoa egiten zaigu pilota hartzea.
– Ezberdintasun gutxi daude beisbol eta sofbolaren artean?
– Ia kirol berdinak dira. Sofboleko pilota handiagoa da eta pilota behealdetik jaurtitzen da, ez goitik beisbolean bezala. Sofbolean jaurtitzaileak base edo oinarritik ezin du atera eta zelaia txikiagoa da. Beisbolean jaurtitzaileak tontortxo batetik egiten du jaurtiketa. Horiez gain, beisboleko bateak ere sofbolekoak baino pixka bat handiagoak dira.
– Sofbolean jokatzeko zelai berezia behar al da?
– Futbol zelai batean joka daiteke, baina atzealdean egoten den sarea behar da –pilota zelaitik ez ateratzeko. Zelai bat egingo baligute primeran, baina oraingoz ez dugu halakorik, eta hartxintxarrezko futbol zelai batean jarduten dugu.
– Zehaztasun handiko kirola al da sofbola?
– Ez nuke bereziki halakoa denik esango. Hasieran nahiko nahasgarria gerta daiteke arauak ondo ulertzea, baina behin horiek guztiak ondo ikasita, jokatzeko kirol oso ederra dela esango nuke.
|