Mikel Alonso


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 18 2005/02 »  Mikel Alonso

2005eko otsaila



Igor Uranga

– Tolosarra zara, baina zure lehen urteak Bartzelonan pasa zenituen. Barηa zalea izango zara, beraz...

– Pixka bat. Bi urterekin joan nintzen Bartzelonara bizitzera eta zortzi egin arte han bizi izan ginen. Camp Noura partidak ikustera joaten ginen, eta Donostiara itzuli ginenean, F.C. Barcelonari dream-team taldea deitzen zioten garaia zen, hots, futbol ikusgarria egiten zuen garaia. Horrek guztiak eragin zuzena izan zuen niregan, eta horregatik guztiagatik maite dut Bartzelona.

– Zure aitak Barcelonan jokatzen zuen, eta bere partidak ikusten zenituenean lo hartzen omen zenuen. Hala al da?

– Amak hala esaten dit, bai. Zelaira eramaten ninduen, eta epaileak partida hasiera adierazteko txilibitua jotzen zuenean lo hartzen omen nuen, eta partidaren amaiera adierazteko berriro jotzen zuenean esnatzen omen nintzen berriro. Hiruzpalau urterekin gertatzen zitzaidan hori.

– Txikitatik, beraz, futbola izan duzu bizilagun. Nahigabe ere futbolaria atera behar zenuen orduan, ezta?

– Nire aita futbolaria izateak eragin handia izan du niregan. Etxean beti futbola presente zegoen, Xabi eta ni beti futbolean ibiltzen ginen. Gurasoek zuten edozein bazkari edo afaritan beti baloia eramaten genuen anaiak eta biok jolasteko. Baloia gure txikitako jolasa, lagun artekoa zen, eta gurasoekin baloia edo futbola beti presente zegoen...

– Ekintza zure ikastolan hasi, eta ondoren, Antiguokon urte asko eman zenituen futbolean. Garai hartaz nolako oroitzapenak dituzu?

– Denetarik bizi izan nuen. Jubeniletako azken urtea oso ona egin genuen Antiguokorekin, Espainiako Errege Kopako finalerdietara iristea lortu baikenuen; Real Madridek kanporatu gintuen orduko hartan. Taldean, Xabi eta nirekin batera, Athleticeko Iraola, Aduriz, Eibarreko Fagoaga... jokalari on asko zegoen. Lehiaketa hartan, Valencia eta Celta kanporatu genituen; eta hori ikaragarria zen Donostiako auzo bat ordezkatzen zuen taldearentzat. Oso giro ona genuen gure artean, eta futbol ikusgarria egiten genuen.

– Agian askok ez dute jakingo Athleticen ere jokatu zenuela jubeniletan. Nola gertatu zen hori?

– Antiguokon nengoela, udako torneo baten ondoren iritsi zitzaidan eskaintza, eta hamazazpi urterekin onartu egin nuen. Aukera ona zela iruditu zitzaidan, eta urtebetez izan nintzen han.

– Eta zer moduzko urtea igaro zenuen?

– Ona. Egoitza batean izan nintzen han, Antiguokon baino askoz entrenamendu gehiago nituen... Aldaketa handia izan zen, eta jende jator asko ezagutu nuen. Athleticen dagoen Del Hornorekin jokatzen nuen talde berean, eta egoitzan Aranzubia eta Yeste jokalariak ere ezagutu nituen.

– Eskaintzarik egingo balizu, itzuliko al zinateke talde zuri-gorrira?

– Realean pozik nago, baina ezin da inoiz ezer baztertu; ez dut Athleticen aurkako gorroto sentimendurik.

– Denboraldi honetan, Realeko ustekabe handienetakoa zara. Horrela izatea espero al zenuen?
– Denboraldi berriari beti ilusio berriekin ekiten diozu. Iaz ez nuen aukerarik izan kasik Realean, eta Numancian lagata jokatzeko aukera sortu zitzaidanean ez nuen bitan pentsatu. Denboraldi honetan, etxera itzuli naiz, entrenatzaile berriarekin, eta zerbait gehiago jokatzea espero nuen. Inoiz baino gehiago jokatzen ari naiz, ordea, eta hori niretzat pozgarria da.

– Eta horrek jendeak gehiago errespetatzea eragin dizu?

– Jokatzen duenari jokatzen ez duenari baino garrantzi handiagoa ematen zaio. Baina asko jokatzen baduzu eta gaizki ibiltzen bazara, azkenean hori zure kalterako da.

– Harrobiko jokalari gazte askok protagonismo handia duzue aurten. Zer nolako harremana duzue Kovacevic, Nihat edo Karpin bezalako jokalari ospetsuekin?

– Harreman ona dugu. Aldagela barnean ez dago taldetxo edo koadrilatxorik. Guztion artean harreman handia dugu oro har; aldagela barnean ez du axola jokalari bat hangoa edo hemengoa den, beteranoa edo gaztea den. Hor barruan denak berdinak gara, guztiok daramagu elastiko bera.

– Futbol profesionala uzterakoan mundu honetan jarraituko duzula uste al duzu?

– Ez dut pentsatu. Futbol mundua asko gustaten zait, betidanik futbola izan da nire bizitzaren erdigunea, eta profesional izateari uzten diodanean ez dakit hain erraza izango den futbola goitik behera alde batera uztea.

– Lagun asko egiten al dira futbolean ala bakoitza bere kasa joaten da?

– Denetarik egongo da. Nire kasuan eta nik ezagutzen dudan jendearekin ez da hori gertatzen. Horixe da, hain justu, entrenamenduetara joatearen alde pozgarriena: adiskideen artean egingo duzula; harreman ona duzu taldearekin. Izan ere, futbolean adiskideak irabazi ditut, batik bat.

– Iaz Numancian lagata jokatu zenuen. Hara joan zinenean, zure Realeko garaia bukatzen ari zela pentsatu al zenuen?

– Nire kontratua luzatuta joan nintzen Numanciara. Realekoek esan zidaten beste bi urtez taldean egotea nahi zutela, eta alde horretatik, lasai joan nintzen Soriara. Numancian asko jokatu nuen, eta han bizitako guztia ez dut ezergatik aldatzen. Une hartan Numancian bakarrik pentsatzen nuen; gauzak ondo joanez gero, banekien Realera itzuliko nintzela. Numanciaren elastikoa janztea pozgarria izan zen, zeharo; eta gainera, Lehen Mailara igotzea lortu genuen. Jendeak uste du Realean bukatzen dela mundua, baina hortik kanpo beste futbol-talde asko dago, errespetu bera merezi dutenak, eta ez dute zertan izan Reala baino talde txikiagoak.

– Zertan ematen duzue hainbeste denbora aldageletan, entrenamendu bat hasi aurretik eta baita amaitu ondoren ere?

– Aldagela gure lantegia bezalakoa da. Materiala, muskulazioko gela, gimnasia, baloiak, ariketak egiteko aretoa... Hor dugu gure intimitatea, hor ditugu gure arteko kontuak... Horregatik guztiagatik, normala da pixka bat luzatzea hor barruan. Zelaira atera eta hortik kanpo gero arte esatea bakarrik izango balitz, akabo. Gure artean, hor jorratzen dugu batez ere taldekideen arteko harremana.


Futbolaria ez bazina zer izango zinateke?
Ez dakit, edozer gauza.

Zer moduzko ikaslea zinen txikitan?
Ona, nota onak ateratzen nituen.

Gehien miresten duzun futbolaria?
Zidane frantsesa.

Realean ez bazeunde, zein taldetan gustatuko litzaizuke jokatzea?
Oraintxe bertan, nola jokatzen ari den ikusita, Barcelonan.

Donostian galtzeko leku bat?
Igeldo.

Desio bat:
Realari aurten gauzak ondo joatea.

Plater bat:
Xerra, pare bat arrautzekin.

Pelikula bat:
Big Fish.

Musika talde bat:
Led Zeppelin.

Bidaiatzeko leku bat:
Cadaques.