Kirola egiteko 25 arrazoi - 1


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 18 2005/02 »  Kirola egiteko 25 arrazoi - 1

2005eko otsaila

Kirola eta osasuna

Kirola egiteko 25 arrazoi

Kirola zertarako egin, zergatik ez utzi, bere onurak... horri guztiari eta beste hainbat galderari erantzuteko argitaratu du Luis Mari Zulaika zarauztarrak Kirola egiteko 25 arrazoi liburuxka. Edonorentzat argitalpen interesgarria da; baita zuretzat ere, gazte. Testu gutxi eta marrazki koloretsuekin, kirola egiteko arrazoi horietako batzuk azalduko dizkizugu.


Kirola egiteko 25 arrazoi liburuxkaren helburu nagusia jendea kirola egitera animatzea da. Luis Mari Zulaika SHEE-IVEFeko irakaslea eta Pedagogian doktorea da egilea. Berak aipatu digunez, «liburu honekin nahi izan dut jendea konturatzea, kirola ona izateaz gain, gehiago egin behar dela». Kirola egitearen onurak aldarrikatu nahi ditu, «eta 25 arrazoi azaltzen baditut ere, kantitateak ez du garrantzirik, kalitateak baizik». Kirolaren ikuspegi alternatibo bat aldarrikatu nahi du liburuxkan. «Hedabideetan eta gure gizartean kirolaren ikuspegi bat bakarrik dagozabalduta, goi-mailakoa, profesionala dena. Kirola, ordea, osasuntsua, hezitzailea izan daiteke; eta alde hori hedabideetan ezkutatuta badago ere, ezagutarazi eta sustatu egin nahi izan dut». Interesa duen edonorentzako liburuxka da, eta Kirola egiteko 30 arrazoi lehen argitalpenaren jarraipena da. «Zorroztasun zientifikoari ahal den neurrian eutsiz –dio Zulaikak–, kaleko jendearentzat liburuxka irakurterraza, erakargarria kaleratzea zen nire asmoa; irudi askorekin eta testu gutxirekin egindakoa». Kirola egin ondo pasatzeko.

Egungo gizartean kirola lehiakortasunarekin, norgehiagokarekin, lotzen da, «baina, liburu honen bidez, haurrei eta gaztetxoei erakutsi
nahi zaie kirola eginez ondo pasatu daitekeela. Argi utzi behar da kirola zerbait ludikoa dela, gozatzeko eta lagun berriak egiteko balio duela; azken batean, kirola jolasarekin lotu eta era horretan saldu behar da».

Izan ere, Luis Mari Zulaikak onartu du gizarte sedentario batean murgilduta gaudela; eta, haurrek ere, kotxea, autobusa edo beste garraiobide batzuk erabiltzen dituzte batera edo bestera joateko. Horrez gain, «aisialdiko jolasak erabat aldatu dira, estatikoak dira: telebista, ordenagailua, jolasteko makinak, telefono mugikorrak... Horrek guztiak sedentarismo-maila igoarazi egin du. Lehen, aldiz, aisialdiko ekintzek gorputza mugiarazten zuten, motrizitatea lantzen zen: harrapaketan jolasten zen, jauziak egin... ».



Hortaz, kirolaren alde ludikoa sustatu nahi du liburuxkak, baina egileak aitortu du «arlo horretan ere lehiakortasun-giroa hedatzen ari dela. «Kirola egin, egiteagatik –besterik gabe–, premisa hori galtzen ari da, eta ahalegindu beharko genuke gozatzeko egiten kirola», dio Zulaikak. Askok kirolean duten gainditzearen, hobetzearen printzipioa «positiboa da psikologia eta pertsonaren ongizatearen aldetik –adierazten du–, baldin eta obsesio edo patologia bihurtzen ez bada».


Kirola egiteko

lehen bost arrazoiak



Bizi-kalitatea eta ongizate psikologikoa: kirola egiteko gure bizimoduaz dugun pertzepzio subjektiboa hobetzen lagunduko digu kirolak: osasuna, lagunak, gaitasunak, sentimendu positiboak...
Gogo-aldartea: ariketa fisikoa maiz egiten dutenek sedentarioek baino gogo-aldarte positiboagoa eta umore hobea azaldu ohi dute.
Autoestimua: kirolari esker, geure buruaz dugun iritzia hobetzen da, honako ezaugarri hauei buruzko ideia hobetuta: geure sasoi, trebetasun fisiko, gorputz-irudi eta onespen sozialari buruzkoa.
Osasun mentala: ariketa fisikoa erregulartasunez egitea osasun mental positiboa garatzeko giltza dugu; eta egokia da buruko hainbat arazo saihestu edo leuntzeko ere.
Estresa: sasoi hobea dutenek estres-maila baxuagoa dute, arriskuen aurrean erantzun apalagoa; eta normaltasuna azkarrago berreskuratzen dute.