Erremontea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 18 2005/02 »  Erremontea

2005eko otsaila

Egin ezazu saioa

Eta zergatik ez erremontean?

Esku-pilotaren oihartzunik ez izan arren, zale dezente du erremonteak Nafarroan eta Gipuzkoa aldean. Pilota-modalitate hau ikasi nahi duen gaztetxoak badu aukera Azpeitian bertan edo Hernaniko Galarreta frontoian dauden eskoletan.


Hedabideen eta batez ere telebistaren eraginez, esku-pilota da gaur egun jaun eta jabe pilota-modalitateen artean. Ikusle, zale eta pilotari gehien dituena da, baina Gipuzkoan, beste modalitate batek, erremonteak, indar handia du, Hernani eta inguruetan batez ere.

Saskia pilotako erreminta gisa erabiltzen den modalitateen artean, beharbada zesta-punta izango da ezagunena, baina Gipuzkoan erremonteak indar dezente du. Hernaniko Galarreta frontoian antolatzen diren erremonteko partidetara zenbat jende joaten den ikustea besterik ez dago.

Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikariak aipatu digunez, «Galarretan jaialdiak antolatzen diren edozein egunetan, jende dezente egoten da, eta txapelketako partidak jokatzen direnean jende asko biltzen da. Zesta-puntan, berriz, askoz jende gutxiago ibiltzen da. Munduko txapelketa Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan egiten zenean, ikusle gutxi biltzen zen partidak ikustera».

Teknika ezberdinak

Erremontea eta zesta-punta saskiarekin jokatzen dira, horixe dute komunean, baina jokoaren teknika oso ezberdina da bietan. Erremontean, pilota saskiaren behealdetik sartzen da eta puntatik irteten du etengabeko mugimendu batean. Zesta-puntan, berriz, lehendabizi
pilota hartzen da, eta gero, bultzada batekin frontisera jaurtitzen da; pilota une jakin batean geldi dago saski barruan. Zesta-puntako saskiak erremontekoak baino konkordura handiagoa du, gainera.

Erremontean, Galarreta 2000 enpresa arduratzen da profesional-mailako jokoaz, baina Etxeberriak aditzera eman duenez, «enpresa berak ere umeentzako erremonteko eskolak ditu Azpeitian eta Hernanin, Galarreta pilotalekuan; 12 urte inguru dituztela hasten dira eskola horietan umeak ikasten, eta 20 urte inguru dituztenean, etorkizunik handiena dutenak profesionaletara pasatzen ditu enpresak».

Etxeberriak dioskunez, «Azpeitiko eskolan 12-15 bat gazte ibiliko dira eta Hernanin, 10-12 bat. Azpeitian, bertako eta inguruko herrietako zaleak biltzen dira, eta Galarretan, Hernani eta ingurukoak, baina baita Goizuetatik datozen batzuk ere». Hortaz, asko ez badira ere, erremontean ere harrobirik badagoela esan daiteke, «eta eskola horiei esker, etorkizun ona duen modalitatea dela iruditzen zait, trinkete-modalitatearekin edo palarekin alderatuz gero behintzat». Edonola ere, Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikariak onartu du egungo gazteek nahiago dutela esku-pilotaria izan, beste edozein modalitateko pilotaria baino. Hots, nahiago dute Titin, Aimar Olaizola edo Barriolaren antza izan, eta ez Koteto Ezkurra edo Lizaso erremontista apartena.


Pilotalekua

Bestelako erremintekin jokatzen den pilotalekuen antzeko dimentsioak ditu erremonteko frontoiak ere.
Kantxak 14 koadro ditu eta sakea 12,5 koadrotik egin behar da.

- Kantxaren luzera: 54 metro.
- Zabalera: 12 metro.
- Altuera: 11 metro.
Saskia
Luzera: 67 cm. Pisua: 770gr, gutxi gorabehera. Pisua aldakorra da frontoiko hezetasunaren edo tenperaturaren arabera.
Pilota
Pisua: 115-119 gr bitartean.
Diametroa: 6,2 cm.
Aldaketa: lehen, pilotaren nukleoa latex-gomazkoa zen; orain berriz, blokean datorren material sintetikoz egindakoa da.