Emakumeen kirola


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 19 2005/03 »  Emakumeen kirola

Igor Uranga

Emakumeen kirola gizonezkoenarekin parekatzen ari al da? Josune Bereziartu punta-puntako eskalatzaile gipuzkoarrak zera dio, «kirola egiten dutenek emakumeen kirola baloratzen dute, badakite zer nolako lana eta ahalegina egin behar den helburu bat edo bestea lortzeko». Alabaina, kirolariak ez direnen eta, batez, ere hedabideen jarrera bestelakoa dela azpimarratu du eskalatzaile gipuzkoarrak. Hori dela-eta, emakume kirolariei ematen dieten tratamenduarekin kezkati eta haserre agertu da Bereziartu. «Lotsagarria da hedabideek eta telebistak batez ere nola tratatzen gaituzten. Kirolariak diren emakumeen inguruko albiste gutxi kontatzeaz gain, betiko kontuak errepikatzen dituzte etengabe, kirolarekin zerikusirik ez dutena: azpiko arropak ikusten zaizkiola, gorputz ederra duela... Kirol meritua ez dute ezertarako aipatzen».

Batzuen eta besteen meritua

Merituei begiratzen badiegu, ordea, –goi mailako gizon eta emakume kirolarien merituei, hain zuzen ere–, emakume gipuzkoarrak aurretik daudela konturatuko gara. Ikusi besterik ez dago zenbat emakume gipuzkoar izan ziren 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan: Eva Mirones arraunlaria; Esme Lopez eta Susana Fraile eskubaloilariak; Ainhoa Murua triatloilaria; Naroa Agirre pertika-jauzilaria; eta Maider Telleria eta Maider Luengo belar-hockeyeko jokalariak.



Edurne Pasaban. Munduko alpinista onenetarikoa da tolosarra. Zortzi mila metroko zazpi tontor igo ditu orain arte.

Zazpi emakume guztira, eta gizonezkoak lau besterik ez: Ion Belaustegi eskubaloilaria; Asier Maeztu txirrindularia; eta Iker Martinez eta Xabier Fernandez belako ordezkariak. Ia bizkoiztu egin zuten emakumezkoek gizonezkoen kopurua Olinpiar Jokoetan, nahiz eta egia den gizonezkoek emaitza hobeak lortu zituztela (belan urrezko domina eta pistako txirrindularitzan brontzezkoa).


Lehiaketetatik at, asko dira aisialdiko kirola egiten duten emakumeak Gipuzkoan.

Dena dela, kasu honetan bezala, goi mailan emakumeen kopurua gizonezkoena baino handiagoa izan arren, hori gero ez omen da islatzen emakumeen kirolari egiten zaion jarraipenean eta eskaini ohi zaizkien laguntzetan. Bereziarturen ustez, «ez zaio bati kendu behar besteari emateko, hots, ez zaie mutilei kendu behar neskei emateko, baizik eta denentzako laguntzak egon behar dute. Laguntzen banaketak zuzenagoa, bidezkoagoa izan beharko luke, laguntza publiko zein pribatuei dagokienez».



Hedabideetan beti berberak

Ildo horretatik, Mari Jose Paredes Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak nabarmendu duenez, «emakumeen presentzia hedabideetan handitzen ari da, baina agertzen diren emakumeak edo emakumeen taldeak punta-puntakoak dira beti, hau da, meritu ikaragarria egin behar dute hedabideetan agertzeko; horregatik, beti berdinak azaltzen dira. Gizonezkoekin ez da halakorik gertatzen; punta-puntakoez ez ezik, beste kirol batzuetako gizonezkoen kontuak, berriak ere errepasatzen dituzte, eta hori ez da emakumeekin gertatzen gehienetan».

Edonola ere, Paredesek dio emakumeen kirolaren partaidetza, oro har, oso handia dela Gipuzkoan Espainiako probintzia gehienekin alderatzen badugu. «Goi-mailan talde dezente dugu: eskubaloian, saskibaloian... Eskola-kirolean ere nesken partaidetza handia da. Arazoa 13-17 urte bitartean dago; zulo handia dago hor. Gaztetxoak –neskak batez ere– adin-tarte horretan kirola utziz joaten dira; hor dugu guztiok erronka handia, hori nola konpondu. Kirola nork bera txikitatik barneratuta duen ohitura bihurtzen ahalegindu behar dugu».