Gipuzkoa Kirolak saria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 19 2005/03 »  Gipuzkoa Kirolak saria

Ikastetxez ikastetxe

Herrera Ikastetxean



Herrera ikastetxeko plaierotako futbol talde bat Kontxako hondartzan.

Gipuzkoa Kirolak saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero urtero banatzen dituen Gipuzkoa Kirolak sariek kirola bultzatzea dute helburu. Sarituen artean, Herrera Ikastetxea izan da aurtengoan.



Abenduaren 23an egin zen Gipuzkoa Sariak aurtengo ekitaldiko sari-banaketa Donostiako Kursaal jauregian. Kirola bultzatzen laguntzen duten talde, elkarte eta bestelako erakundeak saritzen dira, eta atal ezberdinetan sailkatuta dago. Atal horietako bat ikastetxeei dagokie, eta aurtengo edizioan Herrera Ikastetxeak jaso du saria.

Mertxe Gil Herrera Ikastetxeko zuzendariak sari honen garrantziaz hitz egin digu. «Jaso dugun hau oso sari garrantzitsua da guretzat; guk egindako lanaren errekonozimendua da, eta errekonozimendu hori halako sari baten bidez lortzea hunkigarria izan da. Egiten ari garen lana ondo bideratuta dagoela esan nahi du, bultzada handia suposatzen du guretzat».

Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek hartzen dute parte kirol-jardueteran Herrera Ikastetxean eta bederatzi kirol-talderekin dute elkarlanerako hitzarmena. Horrez gain, eskolako orduetatik kanpo antolatzen diren ekintzetako hamabost begiraleak tituludunak dira, «denak ere Felipe Gómez irakasleak koordinatzen ditu». Urtez urte kirol-ekintza
ezberdinetan parte hartzen duten ikasle taldeen kopurua handituz doa, eta aurten 24 izan dira. Ikastetxe horretako 6-12 urte bitarteko ikasle guztiek erabateko partaidetza dute ikastetxean eta ikastetxetik at antolaturiko kirol-jardueretan. «Horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoa Saria jasotzearen arrazoi nagusia», azaldu digu zuzendariak.

Betiko kiroletatik aldenduz

Herrera Ikastetxean eskola-orduetan kirola bultzatzen dute, eta soinketa-eskolen barnean, betiko kirolez gain hain ezagunak ez direnak ezagutarazten ere ahalegin handia egiten dute. «Eskrimako irakaslea, gurpil gaineko hockeyekoa... Hain ezagunak ez diren kiroletako irakasleak ekartzen saiatzen gara. Kirol berriak txikitatik ezagut ditzaten nahi dugu; baina, hori bai, kirola jolas bezala hartuta, denok parte hartzeko moduan». Ildo horretatik, xakea, patinaje artistikoa, gimnasia erritmikoa, hipika, aikido, mendizaletasuna, eskalada rokodromoan, urpekaritza eta hain ezagunak ez diren antzeko beste kirol batzuk irakasten dituzte.


Sexista ez den kirola

Mertxe Gil zuzendariak eta Felipe Gomez ikastetxeko kirol-koordinatzaileak nabarmendu digute, ikaslearen oreka mentala lortzeko, kirola oso garrantzitsua dela. Gilek dioenez, «eskolako lanaz gain gauza gehiago era badago, eta kirolak pertsonari asko laguntzen dio oreka hori lortzeko orduan. Beren ezaugarri edo gaitasunengatik ikasle batzuk besteak baino hobeto moldatzen dira kirolean, baina gu saiatzen gara guztiek bere lekua aurki dezaten». Herrera Ikastetxearentzat premiazkoa da sexista ez diren eta lehiakortasunik ez duten kirol-ekintzak sustatzea. Era berean, ikasleen arteko harremanak sendotu nahi dira kirol-taldean denak integratuz eta bakoitzaren ahalmen fisikoak errespetatuz. Gainera, lagunarteko aisialdiko kirola bultzatu nahi da, eta horretarako,
Ikastetxeko ordezkari eta ikasleak Gipuzkoak Kirolak sariaren garaikurra eskutan dutela.

eskola-orduetatik kanpo ikasleen artean taldeak antolatzen dira kirol-jarduerak egiteko asteburuetan (mendizaletasuna bereziki).