Kirola egiteko 25 arrazoi - 2


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 19 2005/03 »  Kirola egiteko 25 arrazoi - 2

Kirola eta osasuna



Hersturatik etorkinen integraziora

Kirola egiteko 25 arrazoi liburuxkatik, seigarren arrazoitik hamargarrenera bidaiatuko dugu oraingoan. Herstura, depresioa, adimena, sozializazioa eta etorkinen integrazioa kirolean aztertuko dugu.



Gure bizitzako uneren batean denok izaten ditugu hersturarekin lotutako arazoak. Ariketa aerobiko edo erresistentziakoak herstura jaisteko eragin zuzena dute, korrika, dantza eta yoga, esate baterako.



Herstura mailan, lortutako jaitsierak ariketa amaitu eta 30 minutura jotzen du gailurra; eta 24 orduren ondoren, berriz lehenagoko mailetara itzultzen da. Ondorioz, egunero egindako ariketa fisikoa baliagarria izango dugu herstura kronikoari aurre egiteko.

Depresioa arintzeko ere bizitzeko era aktiboak, kirolak, asko laguntzen du. Onuragarria izateko, lehendabizi pertsona horrek ariketa fisikoaren aldeko jarrera izatea lortu behar da. Eragin antidepresiboa nola azaltzen den? Sasoi fisikoa hobetzearen ondorioz, gorputz-irudia hobetzearen ondorioz eta ariketa fisikoaren eraginez, gaitasunak hobetu egin direla sumatzen dituenean.

Adimenari dagokionez, ikerketek erakutsi dute ariketa fisikoak onurak ekartzen dituela gaitasun kognitiboan. Hirugarren adinean, bizitzeko era aktiboa dutenek sedentarioek baino gaitasun-galera gutxiago dute.
Haurtzaroan, berriz, jarduera psikomotor egokia eginez gero, eremu horri lotutako gaitasunak areagotuko ditu: orientazio espaziala, gorputz-eskema... eta gaitasun horiei esker, hainbat trebetasun menderatu ahal izango ditu, irakurketa-idazketa prozesua, adibidez.

Kirolari esker ere harreman sozialak sustatzen dira. Jarduera askok harreman horiek sendotzen laguntzen dute: elkarrekin dutxatzea, aldageletako giroa, joan-etorriek sortzen duten elkarbizitza, partidan gertatutako bizipenak partekatu eta komentatzea... Kirolak hainbat trebetasun eta portaera lantzen ditu. Joko garbiko portaera eskuratzen da eta porrotak onartzeko eta frustrazioak jasateko gaitasuna areagotzen du, besteak beste.

Gizatalde ezberdinak elkartzeko baliagarria da, bestalde, kirola. Kulturarteko fenomenoa da, guztientzat komuna. Arau berriak ditu herrialde nahiz kultura guztientzat, eta guztientzat parte hartze irekia da, jatorri sozial eta kulturala edozein izanik ere. Berdintasunaren printzipioan oinarritzen da, hierarkia berriak sortzen ditu eta hizkuntza ez da parte hartzeko muga.



Kirola egiteko 6-10 arrazoiak

Herstura: ariketa fisikoak estres-egoerei aurre egiten laguntzen duenez, herstura ez agertzeko edota gutxitzeko baliagarria izango dugu.

Depresioa: kirola erregulartasunez egiteak (bizi-poza eta alaitasuna eragiten duenez) depresioak saihesten eta leuntzen laguntzen du.

Adimena: zenbait gaitasun kognitibo hobetzen ditu: haurrari garapenean lagunduz eta zaharrari gainbehera atzeratuz.

Sozializazioa: kirolean ibilita barneratzen ditugun balio eta jarrerei esker, lagun berriak egiteko dugun gaitasuna hobetzen dugu.