|
Inguruak ezagutzeko aukera apartak
|
|
Mendian ibiltzea gustatzen bazaizue, jarrai iezaiozue pista Club Vasco de Camping-i. Oraintsu egoitza berri eder askoa ireki dute Gros auzoko Iparragirre kalean.
Berriki, gainera, liburuxka interesgarria argitaratu dute, Donostiatik Pasai San Pedrorainoko ibilbidearen berri emateko. Hiru orduko ibilbide honek (horren zati bat erakusten digu argazkian elkarteko buru Jesus M. Alquézarrek) Ulia mendiko paraje zoragarriak korritzen ditu itsasertzetik urrundu gabe; ondo seinaleztatuta dago eta oso egokia izan daiteke gure ingurua hobeto ezagutzeko eta goiz edo arratsalde ederra igarotzeko.
Horrez gain, beste mendi irteera asko antolatzen ditu Club Vasco de Campingek igandero, eta beste ekitaldi ugari ere antolatzen dituzte. 8-15 urteko haur eta gaztetxoentzako irteera bereziak ere antolatu ohi dituzte.
Antolatzailea: Club Vasco de Camping
Informazio gehiago: 943 271 866
|
|
|
Zuen berri eta iradokizunen zain gaituzue
Honako atal hauetarako egin ditzakezue zuen ekarpenak:
Agenda: Antolatzen dituzuen ikastaro, irtenaldi, ikuskizun eta gainerakoen berri eman dezakezue.
Merkatu txikia: Eskiak saldu nahi dituzu? Beisbolean aritzeko batea erosi? Eskaintzak zein eskariak argitaratuko dira ARBELA atalean.
Lagunartean: Kirola ardatz hartuta, aldizkariaren irakurleen arteko harremanak sendotzea du helburu atal honek. Mezu guztien egiazkotasun eta zintzotasuna egiaztatuko dugu argitara eman aurretik.
Nork daki? Ba al duzu kirolaren inguruko zalantzarik? Bidali galdera ARBELAra, eta hortxe jasoko duzu erantzuna.
Iradokizunak. Erreportaje eta elkarrizketa proposamenak badituzu, horien zain gaude. Zeuk ere erabaki ditzakezu, noski, MUGI!ren edukiak.
NORA BIDALI?
(MUGI! erreferentziaz):
Faxez: 943 317 817
Postaz: MUGI! Portuetxe bidea, 2
20018 DONOSTIA.
E-postaz: erredakzioa@zabalik.com
|
|
Mendi Federazioaren eski ibilaldia
Martxoaren 9an egingo du aurten Gipuzkoako Mendi Federazioak eski ibilaldia, Huescako Aisa haranean. Izan ere, bi ibilaldi egingo dira: bata txapelketa kutsukoa eta bestea lehiatzeko asmorik ez dutenentzat. Izena martxoaren 7a baino lehenago ematen bada, 20 eurokoa da kuota. Azken egunerako utziz gero, 25 eurokoa. Ibilaldi amaierako bazkaria ere ordaintzen du kuota horrek. Izan kontuan ibilaldiotan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa dela federatuta egotea.
Arduradunak: Gipuzkoako Mendi Federazioa
Informazio gehiago: 943 461 440
|
Kirol prestakuntzarako euskarazko materiala
Kirola Euskaraz Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoaren baitan, Debarroko Euskara eta Kirol zerbitzuek hiru fitxa didaktiko argitaratu dituzte oraindik orain, oinarrizko soin hezkuntzari, natur ekintzei (eskalada, orientazioa eta mendizaletasuna) eta xakeari buruzkoak. Fitxa horiek oso erabilgarriak dira entrenatzaile eta irakasleentzat, eta 6 euroko prezioa du bakoitzak. Arrasateko Musakola kiroldegian (943 771 677), Bergarako Kirol Zerbitzuan (943 458 357) eta Anoetako Kirol Etxean (943 458 357) eskura daitezke.
www-gipuzkoa.net/kirolaeuskaraz web gunean ere ematen da horien berri.
|
|
|
Mendiko surfean, segurtasun osoz
|
|
Gero eta jarraitzaile gehiago ditu mendiko surfak. Modalitate guztiz zirraragarri honetan, ordea, garrantzi handikoa da teknika menderatzea eta, batez ere, segurtasuna erabat bermatzea. Hori ikasiko dute martxoaren 15 eta 16an Panticosan egingo den ikastaroan parte hartuko dutenek 82,42 euroren truke (56 euro federatuentzat). Nork bere arropa eta oinarrizko materiala (taula, botak, raketak...) eraman behar du, baina ostatua (gosaria eta afaria barne) prezioaren barruan daude, baita asegurua ere federatuta ez daudenen kasuan.
Ikastaroak parte-hartzaile kopuru mugatua du: hamabost ikasle hartuko dituzte soilik, irakasle bakoitzak bost lagunen ardura izan dezan. Izena martxoaren 6a baino lehen eman behar da, eta ezinbestekoa da snowean maila ona izatea, ez baita pistako snow ikastaro bat, segurtasun ikastaro bat baizik.
Arduraduna: Mikel Troitiño Berasategi
Informazio gehiago: 656 785 225
|
Argazki lehiaketa
|
Inor gutxi animatu da oraingoz MUGI! aldizkariak antolatu duen argazki lehiaketan parte hartzera. Horren oinarriak gogoraraziko dizkizuegu, beraz.
Kirola ardatz hartuta, egile bakoitzak nahi adina argazki bidal ditzake, paperean zein formatu digitalean. Argazki onenak MUGI! aldizkarian argitaratuko dira, eta jasotako argazki guztien egileen artean eskarmentu handiko argazkilariz osatutako epai-mahai batek erabakiko du nork irabaziko duen, ikasturtearen amaieran, sari nagusia den argazki kamera digitala.
|
|
|
|
|
| |
 |
 |
|