|
Bizkarra zaindu behar den
kirol konpletoa
|
«Dauden kirolen artean konpletoenetarikoa da arraunketa». Hala adierazi digu Hondarribiko Arraun Taldeko prestatzaile fisikoa den Juan Karlos Samaniego Tximistek. Berak nabarmendu duenez, «arraunketa finkoan gorputzaren goiko aldea lantzen da batez ere, hor egiten da indar handiena. Mugikorrean, berriz, hankak dira garrantzitsuenak. Aulkia aurrera eta atzera mugitzen denez, lanaren lehen zatia hankekin egiten da, eta amaieran egiten da gorputzarekin».
Gaztetxoak arraun klubera joaten direnean, normalean aulki mugikorrean jarduten dute, «simetrikoagoa delako». Konpletoagoa eta zuzenagoa da, eta finkoan, berriz, «betiere alde batera jotzen duzu arraun egiteko orduan. Horregatik, gorputzaren alde bat bestea baino gehiago kargatzen da». Mugikorrean, mugimendua naturalagoa da, zuzenagoa. Traineruan, aldiz, «arraunlariek gorputzaren alde bat bestea baino garatuago dute, eta gauza horiek zaindu egin behar dira. Horretarako, ababorretik arraun egiten baduzu, beste aldean ere lan egin beharko da, ondoren arazorik ez izateko».
Kirol konpletoenetarikoa dela onartu du Tximistek, baina baita gogorrenetarikoa ere. «Erresistentzia eta indarra elkarrekin nahasten dira, eta asko entrenatu beharra dago maila onera iristeko». Dena den, arraunketan edozein pertsona ibil daiteke.
|
«Fisikoki itxura handirik izan ez arren arraunlari izateko, lanean hasi eta denborarekin arraunlari bikaina bilaka daiteke. Erresistentzia eta indarra dira, batez ere, landu beharreko dohainak arraunketan, eta horiek dira gehien jorra daitezkeenak. Horregatik, lana erruz egiten baduzu eta konstantea bazara, nabarmen egin dezakezu hobera».
Ohiko lesioak
Zein diren arraunketako ohiko lesioak? Josetxo Aramendi Hondarribia taldeko medikuak dioenez, aulki mugikorreko eta finkoko lesioen artean alde handiak daude. Finkoan, arraun egiterakoan, bizkarrezurra oso behartuta joaten da, eta gerriko arazoak nabarmentzen dira. Mugikorrean, berriz, bizkarrezurra askoz zuzenago dute arraun egiteko orduan; hankekin lan gehiago egiten da. «Arraunean hasi behar duen gazteari osasun azterketa egitea gomendatuko nioke, izan ere bizkarreko arazoak baditu, aulki finkoko arraunketak arazo horiek areagotu baititzake», baieztatu digu medikuak. Bizkarreko min hori kentzeko hainbat tratamendu erabiltzen dira: atsedena, alderdi hori sendotzea, izotza jartzea, kanpo estimulazioa.... Materiala berraztertzea ere komeni da arraunkada bakoitzaren karga gutxitzeko. Arraunlariak min handia duenean, arreta handia jarri behar da herniarik sor ez dakion.
|
|
Bitxikeriak
Vega Azpiri pilotaria ontzi batean bera bakarrik sarturik, 13 arraunlariz osatutako traineru bati irabazi zion 1889. urtean, Donostian egin zen apustu batean, hain zuzen. Vega Aizpirik traineruak egin beharreko ibilbidearen erdia egin behar zuen, eta pilotariak irabaztea lortu zuen: traineruari minutu erdi eta gehiago atera zion.
Apustu honek ikusmin handia piztu zuen Gipuzkoako hiriburuan. Espainiako Erreginak ere Kontxako Hondartzatik jarraitu zuen apustua Colón izeneko bere ontzitik.
|
Deustua eta ingeniarien arteko lehia.
|
Oxford-Cambridge estropadaren euskal bertsioa.
Oxford eta Cambridgeko unibertsitateko arraunlariek urtero egin ohi duten estropada ezagunaren antzera, arraunketa mugikorreko antzeko estropada egiten dute Bilboko Ingeniarien Goi Mailako Eskola eta Deustuko Unibertsitateko ikasleen artean. Bilboko errioan 1981az geroztik antolatzen den afizionatuen estropada da, eta urtero udaberrian jokatzen da.
Apirilaren erdialdean izango da aurten, eta ingeniariek iazko arantza atera eta garaipena erdietsi nahiko dute. Orain arte, Deustuak 13 bider irabazi du estropada hau, eta ingeniariek, ostera, 9 aldiz. Estropadaren errekorra deustuarrek jarri zuten 1995ean, 23 minutu eta 32 segundoko denbora eginda.
|
|