Euskal Herriko Itzulia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 20 2005/04 »  Euskal Herriko Itzulia

Haimar Zubeldia, Iban Mayo eta Samuel Sanchez, Euskalteleko hiru talde-buruak. Aurten bat gehiago izango da taldean, Aitor Gonzalezen etorrerarekin.


Igor Uranga

Apirilaren 4tik 8ra korrituko da Euskal Herriko Itzulia. Nazioarteko txirrindulari onenak ez ezik, euskal txirrindulari ugari ariko dira bertan, tartean Euskaltel-Euskadi taldekoak.

Euskaltel-Euskadi euskal zale nahiz txirrindulari gazteen erreferentziazko taldea bihurtu da. 1994an Euskadi taldea sortu zenetik, behe mailako eta afizionatu mailako karreristentzat profesionaletara jauzia emateko bide aproposena bihurtu zen, baita gipuzkoarrentzat ere.

Lehen denboraldi hartan hamabost txirrindulari zeuden Euskadi taldean, eta estreinako denboraldi hartatik txirrindulari bakar batek jarraitzen du oraindik taldean, Roberto Laiseka bizkaitarrak. Migel Madariaga izan da talde honen arima eta bihotza. Berak sortu eta berari esker biziraun eta hazi da taldea. Lehen aldiz errepidera atera zenetik, aldaketa handia jasan du talde honek. 1994an Perurena eta Laka ziren zuzendariak, eta donostiar bat, Peio Ruiz Cabestany, zen talde-buru. Orduko 127 milioi pezetako aurrekontua zuen taldeak.

Taldearen bilakaera

2005eko zenbakiekin alderatuz, datu horiek txiki geratu dira. Euskaltel-Euskadi goi mailako taldea bihurtu da, 25 txirrindulari ditu, hiru talde bururekin (Mayo, Zubeldia eta Aitor Gonzalez). Aurrekontua, berriz,
zazpi milioi euro eskasekoa da (garai bateko 1.164 milioi pezetatik gora).

Eta zenbakiak hainbeste handitu arren, euskal txirrindulari afizionatuentzat irtenbide egokienetarikoa izaten jarraitzen du, baita gipuzkoarrentzat ere. Sei txirrindulari gipuzkoar daude Euskaltelen gaur egun: Aitor Gonzalez urretxuarra, Haimar eta Joseba Zubeldia anaia usurbildarrak, Gorka Gonzalez zarauztarra, Joseba Albisu azpeitiarra eta Markel Irizar oņatiarra. Sei horiei, beste talde batzuetan diharduten hamalau gipuzkoar erantsi behar zaizkie: Gipuzkoako 22 txirrindulari profesional guztira.

17 euskal txirrindularik debutatu dute profesionaletan aurten, horietatik lau gipuzkoarrak: Iker Leonet oiartzuarra (Illes Balears), Joseba Zumeta aizarnazabaldarra (Orbea), Joseba Agirrezabala anoetarra (Orbea) eta Xabat Otxotorena hernaniarra (Paul Versan). Txirrindularitza gipuzkoarra eta bertako txirrindulariak sasoi onean daudela esan genezake, hortaz. Aitor Gonzalez, Joseba Beloki eta Haimar Zubeldia dira izar nagusiak, baina hortik at beste makina bat txirrindulari gipuzkoar dago maila onean. Euskaltel-Euskadi taldeaz gain, gainera, Orbea (Euskaltelen filiala) eta Kaiku beste euskal talde batzuk ere sortu dira aurten profesionaletan, txirrindulari gipuzkoarrentzat irtenbide aproposa gerta daitezkenak.


Euskaltel-Euskadiz gain, aurten beste bi euskal talde daude profesionaletan: Orbea eta Kaiku