Goitibehera


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 20 2005/04 »  Goitibehera

Egin ezazu saioa

Maldan goitik behera

Herri askotako jaietan ikusi ohi ditugu goitibeheren jaitsierak, hau da, pneumatikoak edo errodamenduak dituzten ibilgailu horien jaitsierak. Eta ez pentsa txantxetako jarduera bat denik; Euskal Herrian goitibeheren denboraldia otsailean hasi zen.


Ba al dakizu goitibeherak 1920ko hamarkadan jada erabiltzen zirela Euskal Herrian? Bere sorrera hamarkada horretan finkatzen da. Garai hartan, umeek jostailurik ez zutenez ia, irudimenari asko eraginez eta gurasoek lan egiten zuten lantokietako kamioi-hondakinen errodamenduak erabiliz, goitibeherak eraikitzen zituzten.

Jolas-jarduera izatetik kirol bihurtzeko nahia azaldu dute honetan dabiltzanek. Hala, Bobsleigh Federazioaren barnean sartu nahi dituzte goitibeherak, baina momentuz ez dute aldeko erantzunik jaso. Dena dela, lehen urrats gisa, denboraldi honetarako pilotuek asegurua izatea erdietsi dute.

Euskal Herrian, goitibeheren hainbat txapelketa antolatzen dira, eta otsailean eman zitzaion hasiera aurtengo denboraldiari, Idiazabalen. Estreinako proba horretan, lehen hamar sailkatuen artean zortzi gipuzkoar izan ziren. Guztira, berrogei bat proba jokatuko dira. Uztailaren 30ean Euskadiko Txapelketa jokatuko da Zallan eta iragan urteetan
bezala, irailean Munduko Txapelketa jokatuko da Iruñean.

Munduko Txapelketa

Iazko Munduko Txapelketan Galizia, Asturias, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ordezkariak bildu ziren. Izan ere, geure artean tradizio handia badute ere goitibeherek, hemendik kanpo ere goitibeheren jaitsierak antolatzen dira. Galiziatik hasi eta Kataluniaraino, iparralde osoan egiten dira, baina goitibeherak beharrean carros, carritos, carrilanas, cars de coixinets... izena hartzen dute lurralde horietako ibilgailuek. Hori dela-eta, Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Herria eta Kataluniako goitibeherak arautuko dituen federazio komun bat eratu nahi da. Alabaina, beste leku batzuetan ere badira halakoak. Izan ere, Kanarietan, Jamaikan, Uruguain eta Frantzian ere antolatzen dira goitibeheren probak. Jarduera honi buruzko informazio gehiago nahi duenak, honako posta elektronikora mezu bat bidali dezake: goitibehera@hotmail.com. Berehala erantzungo dizuete.


Goitibehera mailak
Errodamenduak

Bi eta zazpi parte-hartzaile artean jaisten dira maila honetan goitibeheran. Batek gidari-lanean dihardu bolante aurrean eta gainerakoek inertziak kontrolatzen dituzte euren gorputzen pisuarekin. Gurpilak errodamenduak dira, metalikoak.
Pneumatikoak

Goitibehera bakoitzean bi parte-hartzaile joaten dira. Batek gidatu eta balaztei eragiten die; besteak, berriz, irteeran goitibehera bultzatu eta kontrapisua egiten du bihurguneetan. 110 Km/h-ko abiadura har daiteke, eta gurpilak pneumatikozkoak dira.
Librea

Aurreko bi modalitateetan sartzen ez direnak, eta berariaz egindakoak. Irudimenak agintzen du kasu honetan, era guztietako apaingarriak jartzen zaizkio goitibeherari eta parte-hartzaileen umore ona garrantzitsua dela esan beharrik gabe doa.