Mendia ezagutzea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 21 2005/05 »  Mendia ezagutzea

Eskolarteko mendi lehiaketak eta ikastaroak antolatzen ditu Gipuzkoako Mendi Federazioak. 8 eta 17 urte bitarteko 10.000 gaztetxo inguruk hartzen dute parte mendi lehiaketetan


Igor Uranga

Alberto Iñurrategi, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Jon Beloki... Euskal Herriko mendizale aipagarrienetako batzuk dira horiek, eta guztiak txikitatik joaten omen ziren mendira. Hasieran mendia gustuko zutelako joaten ziren soilik, baina pixkanaka beste helburu batzuk jarri zituzten aurrean, eta hala, euren zaletasuna ogibide bihurtu dute gaur egun.

Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak mendizaletasuna eskola kirolaren barnean sartzeko hitzarmena sinatuta dute, eta ondorioz, ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatu ohi dira ikasleen artean hura sustatzeko. Tetxus Barandiaran Gipuzkoako Mendi Federazioko kideak azaldu digunez, «bi zatitan banatuta dago ikasturteko mendizaletasun-kanpaina: batetik, eskolen arteko mendi lehiaketak daude; eta, bestetik, ikastaroak».

Lehiaketei dagokienez, asteburuetan egiten dira, «eta gaztetxo bakoitzak ikasturtean zehar Euskal Herriko bost tontor igo behar ditu. Gipuzkoako zidor bat ere egin behar du eta martxoan antolatzen den Bost Ibilaldi Neurtuak izeneko ekitaldian ere parte hartu behar du. Horiek guztiak eginez gero, finalista izango da». Finalista Eguna urriko hirugarren igandean izaten da.
Ikastetxe bakoitzak antolatzen ditu ikasturtean zehar irteerak asteburuan, «eta horien partea ematen digute. Hala jakiten dugu nork igo dituen tontorrak eta zein izango diren finalistak», dio Barandiaranek.

Aipatu lehiaketaz gain, ikastaroak ere antolatzen dira ikasturtean zehar. Tetxus Barandiaranek argitu digunez, «sustapen-jarduera bat egiten da, mendia eta bere inguruko guztia ezagutarazteko. Begirale batzuen bitartez burutzen da, eta zera eskaintzen da besteak beste: eskalada eta orientazio ikastaroak, PR edo gure inguruko zidorretatik ibilaldiak, eta Gipuzkoako parke naturalak (Pagoeta, Aizkorri edo Aiako Harria) ezagutzeko parada».

Mendia ezagutzeko bizpahiru eguneko irteerak ere antolatzen dituzte Lizarrusti, San Adrian edo Xoxoten. «Horien helburua mendian egin daitezkeen jarduerak ezagutaraztea da: eskalada, espeleologia...». 8 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek hartzen dute parte Federazioaren eta Aldundiaren kanpaina honetan. Lehiaketetarako 10.000 lagunek ematen dute izena, «eta pare bat tontor igotzen dituztenak 4.000 ikasle dira. Bost Ibilaldi Neurtuetan parte hartzen dutenak 2.700 bat, eta 2.500 inguru sustapen-jardueretan izaten direnak. Finalistak, berriz, 1.100 gaztetxo izaten dira».