Kirola eta osasuna


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 21 2005/05 »  Kirola eta osasuna

Kirola eta osasuna

Errespetua, elkartasuna, kiroltasuna...

Luis Mari Zulaikaren Kirola egiteko 25 arrazoi liburuxkatik azken hamar arrazoiak azalduko dizkizuegu:




Eskolako errendimendua (16. arrazoia): kirola neurri egokian egiteak eskolako emaitzak hobetzen laguntzen du.

Aisialdia (17. arrazoia): kirolari esker, ohitura egoki, osasuntsu eta positiboak ikas daitezke aisialdirako.

Kiroltasuna (18.arrazoia): joko garbia eta gizalegezko portaerak ikasten dira.

Elkartasuna (19. arrazoia): besteenganako jarrera hobetu egiten da; laguntzeko joera areagotzen da.

Errespetua (20. arrazoia): kirola eginez arauak, epaileak eta besteak onartzen, errespetatzen ikasten da.

Ardura (21. arrazoia): besteen aurrean hartutako konpromisoek (tokira joatea, puntualtasuna, gogoz saiatzea...) ardura-zentzua garatzen laguntzen dute.


Saiatzea, ahalegina (22. arrazoia): kirola egiteak erakusten digu epe luzera helburu bat lortzeko beharrezkoa dela egunero lana egiten jarraitzea.

Hobetze-sena (23. arrazoia): dugun mailarekin ez konformatzen laguntzen digu kirolak eta, maila hori hobetzearren, lan egiteko grina pizten digu.

Autokontrola (24. arrazoia): kirol-jardueran esperimentatzen ditugun bizipenei esker, gure gorputzaren eta portaeraren autokontrola hobetzen dugu.

Autodiziplina (25. arrazoia): geure buruari arau batzuk ezartzen eta horiek betetzen ikasiko dugu, eta eguneroko eginkizunak aldez aurretik antolatzen eta lehentasunak finkatzen.