|
Azken urteotan gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari den modalitatea da honako hau. Surfaren anaia txikia da; surfak baino bizitza laburragoa du, 70ko hamarkadan sortu baitzen Hawaiien. Boogie edo ohol txiki bat, lycrazko kamiseta edo neoprenozko trajea jantzi, hegatsak oinetan jarri eta olatu gainean gozatzera! Surfarekin alderatuta, bodyboarden maniobrak bizkorragoak dira eta potentzia nahiz abiadura handiagoan egin daitezke. Euskal Herrian, bodyboardeko artista asko dugu, Bizkaian batez ere. Sopelako David Perez, adibidez, modalitate honetako munduko zirkuituko txapeldun bihurtu zen iragan denboraldian.
|