Gaurko eta biharko pilotariak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 22 2005/10 »  Gaurko eta biharko pilotariak

Gaurkoa eta biharkoa

Errematatzailea bata, jotzailea bestea

Mikel Unanue eta Gorka Agirrezabalaga



Mikel Unanuek urte asko daramatza pilotari profesional bezala. Aurrelari ausarta, errematatzailea da, inondik ere, añorgatarra. Gorka Agirrezabalaga 16 urteko oiartzuarra, berriz, errematatzailea baino, jotzailea da gehiago.
Takoak jartzen ari zela aurkitu genuen Gorka Agirrezabalaga Añorgako pilotalekuan; entrenamendurako prestatzen. Nolako pilotaria, aurrelaria, den bera? Hona bere erantzuna: «Denetarik egitea gustatzen zait, baina egia esan behar badut, boteko jokoan gustura ibiltzen naiz. Ez dakit jotzailea naizen, baina botean gustura aritzen naiz». 16 urte ditu, eta entrenamenduak dituen egun guztietan Añorgara joaten da jokatzera. «Izan ere, Oiartzunen bakarrik geratu naiz, ezin dut norekin jokatu, eta Añorgara jotzea besterik ez zait geratu».

Mikel Unanue 37 urteko pilotari profesionalari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. «Ni neu ere Añorgan, nire auzoan, hasi nintzen esku pilotan zortzi bat urterekin. Gogoan dut Jose Mari Bakero futbolari ohia eta egun Realeko kirol zuzendaria dena ere nirekin ibiltzen zela, eta primeran, gainera!». Añorgan hasi, baina 14 urterekin bakarrik geratu zen auzoan Mikel, «eta Lasarte-Oriara joaten hasi nintzen, hango esku pilota eskolara. Geroxeago, pilotari profesionalak Añorgara entrenatzera etortzen hasi ziren, eta horiekin hasi nintzen neu ere».

Zortzi urterekin, lehen pilotakadak 8 urterekin hasi zen jokatzen pilotan Gorka Oiartzunen. «Neu ere adin horrekin hasi nintzen», dio albotik Mikel Unanuek. Biek ere txikitatik ezagutu dute esku pilota, baina futbolean ere jardundakoak dira. «Pilotan ibiltzen zena nire garaian futbolean ere aritzen zen eta, badirudi, orain ere horrela izaten jarraitzen duela», nabarmendu du Unanuek.

Azken urteotako aurrelari erasokor eta ausartenetakoa izan da Unanue. Asegarce enpresarekin dihardu, eta egun apur bat partida handietatik at utzi badute ere, jokatzen duen bakoitzean bere trebezia eta ezker gantxo bikaina agerian uzten ditu. «Izan ere, ezkerti itxia naiz, eta ez pilotarako bakarrik, baita beste edozertarako ere. Ezkerti itxia naiz, itxia burutik ere! (kar, kar)». Gorka, berriz, eskuineko eskuarekin hobe moldatzen da pilotan, «baina futbolean, berriz, ezkerrarekin aritzen naiz».

18 urte profesionaletan 18 urte daramatza Unanuek pilotari profesional gisa, eta Gorkak, berriz, horrekin amesten du. «Badakit asko eskatzea dela, baina horixe da nire ilusioa, nire ametsa: profesionala izatea, eta egunen batean Binakako Txapelketa irabaztea». Horra iristeko, zorte ona izan eta lana erruz egiteaz gain, «zerbait ezberdina eskaini behar du pilotariak. Enpresak eta, batez ere, pilotazaleak harrituko dituen zerbait erakutsi behar du», azpimarratu du Unanuek. «Horrekin batera, burua betiere lepo gainean ondo jarrita izan behar du!».

Mikel Unanuek dioenez, «aurrelari ona izateko gantxo ona izatea ezinbestekoa da, edo bestela eskuin kolpe apurtzailea izatea, baina hori oso zaila da. Egungo goi mailako aurrelariek gantxo ona ez ezik, pilota ondo atzeratzen dute. Oreka hori aurkitzen ahalegindu behar du aurrelariak». Zeinek daki, agian urte gutxiren buruan, biak, Gorka eta Mikel, elkarren aurka jokatzeko moduan izan daitezke. «Ezta pentsatu ere, ez naiz ni gazte honen zain geratuko. Hobe du bizkor ibiltzea!», abisatu du ondotik Mikel Unanuek.


Gorka Agirrezabalaga Mikel Unanue

Sorlekua : Oiartzun.
Adina : 16 urte.
Ikastetxea : Haurtzaro, DBH4 (Oiartzun).
Iruzkina : Oiartzundarra bada ere, bere herrian bakarrik geratu da, «eta gaur egun topoan edo autoan Añorgarako pilota eskolara joan behar izaten dut pilotan jokatzera».

Sorlekua : Añorga.
Adina : 37 urte.
Debut eguna profesionaletan : 1987ko abuztuaren 1a.
Iruzkina : Lau t’erdiko Txapelketa irabazi zuen 1999an eta Binakako Txapelketa, 1998an. Gipuzkoak eman duen azken urteotako aurrelaririk ausartena da, ezker gantxo beldurgarriarekin.