Mitoa: Belen Azpeitia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 22 2005/10 »  Mitoa: Belen Azpeitia

Mitoa: Belen Azpeitia atleta

Kroslari gipuzkoar onenetakoa


Garaipen handiak lortu zituen Azpeitiak. Donostiako Nazioarteko Krosa irabazi duen emakume gipuzkoar bakarra izan da.
Espainiako Kros Txapelketa eta Elgoibarko lasterketa lau bider, Uliako Erregetako Krosa bost bider... Gipuzkoak eman duen kroslari onenetakoa izan zen Belen Azpeitia.

Bizitza: Donostian jaio zen 1952ko abenduaren 21ean, eta aurten, abuztuan hil da, 52 urterekin.

Ezaugarriak: oso gazterik hasi zen emaitza bikainak eskuratuz, eta 16 urterekin jada Espainiako Kros Txapelketan bigarren postuan sailkatu zen. Oso emakume lehiakorra zen, eta izaera sendokoa.

Espainiako Kros Txapelketa: bigarren geratu ostean 1968an, hurrego lau tituluak berak bereganatu zituen.

Elgoibar, Ulia eta Donostiako krosak: goi mailako garaipen handiak erdietsi zituen. Elgoibarko Mugerzaren Oroimenezko Krosa lau bider irabazi zuen (1972-75); Donostiako Nazioarteko Krosean gailendu zen 1972an, eta horrenbestez, emakumeetan hori lortu duen atleta gipuzkoar bakarra da. Uliako Erregetako Krosa bost urtez jarraian irabazi zuen (1971-76 artean).
Pistan: 800 eta 1.500 metrotan nabarmendu zen. Lehenengo distantzian Espainiako txapeldun izan zen (1971-72); eta 1.500 metrotan, pista estalian, ere titulu bera erdietsi zuen bi urte horietan.

Olinpiar Jokoak: Olinpiar Joko batzuetan parte hartzen zuen lehen emakume espainiarra izateko atarian geratu zen. 1972an Municheko Olinpiar Jokoetan egoteko marka bikaina egin zuen 1.500 metrotan, baina Nazioarteko Batzorde Olinpikoak ez zion korritzen utzi. Edonola ere, Municheko Hiri Olinpikoan sartu eta aurkariak harrituta geratu ziren ez zuela lehiatu behar jakin zutenean.

Erretiroa: 1976ko Olinpiar Jokoak prestatzen ari zela, belauneko ebakuntza bat gaizki atera eta lehiaketak utzi behar izan zituen.