Billarra: Iker Etxeberria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 22 2005/10 »  Billarra: Iker Etxeberria

Protagonista


Iker Etxeberria Billarreko Jokalaria





«5.000 euro baino gehiagoko billarreko makilak daude»



Zure adineko billarreko jokalari asko al dago, hemen, Gipuzkoan?

Uste dut bakarra naizela Gipuzkoan, baina nire adin ingurukoak diren pare bat adiskide konbentzitu ditut billarrean jokatzen hasteko.

Eta nola moldatzen zara entrenatzeko?

Errenteriako Madison taldearekin aritzen naiz hilero kuota bat ordainduta. Ondo entrenatzeko aproposena norbera bakarrik aritzea da; orduan ikasten da behar bezala billarrean jokatzen.

Lagun artean jokatzen hasi eta ondoren heldu al zenion serioago kirol honi?

Ez. Nire aitak billarrean jokatzen zuen, eta bere txapelketak ikustera joaten nintzen sei urte besterik ez nituela. Hala, egun batean berekin partida batzuk jokatzen hasi eta, ordutik billarrean nabil. 9 urterekin, ordea, utzi egin behar izan nuen ezbehar batengatik, baina 2004ko udan, berriro ekin nion billarrari. Harra barru-barruraino sartu zitzaidan.

Oker ez banago, pull izeneko modalitatean jarduten duzu. Nola jokatzen da modalitate honetan?

Bola 8 eta bola 9 izeneko modalitateak dira ezagunenak. Bola 8 taberna guztietan jokatzen den modalitatea da: bakoitzak bere bolak sartu behar ditu. Bola 9an, berriz, hiruki bat eratzen da bolekin 1 zenbakidun bolatik 9 zenbakiduna arte; erronbo baten moduan jartzen dira bola horiek (1 zenbakiduna aurrean, eta 9 zenbakiduna erdian). Bola horiek, gainera, ordenean sartu behar dira: 1 zenbakiduna lehenbizi, gero 2a, 3a... Maila profesionalean gehien pratikatzen den modalitatea da Bola 9 izenekoa.

Halako zehaztasuna behar den kirol batean, zer da garrantzitsuena: teknika, burua hotz izatea ala kontzentrazio maila handia izatea?

Kontzentrazio maila ona izatea eta urduritasuna uneoro kontrolpean izatea; eta azken hori lortzea da, ziur aski, gauzarik zailena.

Jokalari lasaia izatea, beso luzeak izatea... Zer behar da billarreko jokalari ona izateko?

Ordu asko entrenatzea. Espainiako txapeldunek sei, zazpi orduz entrenatzen dute egunean; nik udan egunero zazpi orduz aritu naiz entrenatzen, eta berehala nabaritu nuen nire maila asko hobetu zela. Hasieran, etxera iritsi eta afaltzen ari nintzela lo geratzen nintzen, baina gero ohitu egiten zara. Orain, berriz, asteazken eta ostiral arratsaldetan entrenatzen dut.

Materialak garrantzirik ba al du ala makila eta bola guztiak berdinak dira?

Makila batzuk neurrira eginda daude; beste batzuk, aldiz, estandarrak dira. Neurrira egindako makila horiek oso garestiak dira, zuk esaten diezu egileei nolako makila nahi duzun, eta horien arabera egiten dizute. Horietako bakoitzak 5.000 eurorik gorako kostua izan dezake; nire makila estandarrak, berriz, mila euro balio du. Neurrira egindako makiletan diamanteak edo urrea ere izaten dira, batzuetan.


NOR DA?

Izena: Iker Etxeberria.
Sorlekua: Irun.
Adina: 15 urte.
Taldea: Madison (Errenteria).
Ikastetxea: Irungo La Salle, DBH4.