Saskibaloia: Gallis eta Oli


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 24 2005/12 »  Saskibaloia: Gallis eta Oli

Gaurkoa eta biharkoa

Gallis eta Oli, saskibaloiko artistak
Jose Luis Galilea Gallis eta Beñat Oliveira Oli belaunaldi ezberdinetako bi saskibaloilari dira; biak, joko-antolatzaileak. Lehenak punta-puntako taldetan jardun du urte askoan, eta Beñatek, berriz, punta-puntara iristea du helburu.
Jose Luis Galilea donostiarrak Espainiako selekzioarekin jokatu zuenean, bere antzeko izen konposatuak zituzten saskibaloilari askorekin egin omen zuen topo. «Jose Luis, Jose Antonio, Jose ez dakit zer... Antzeko izen pila zeuden selekzioan. Hala, bakoitza zein zen bereizteko, goitizenak jartzen hasi ziren batzuk, eta niri Gallis egokitu zitzaidan, garai hartan modan zegoen Greziako saskibaloilari bikain baten omenez». Beñat Oliverirari ere Oli deitzen diote, «baina nire kasua ez da Galilearena bezain konplikatua. Besterik gabe, nire abizena Oliveira delako, laburdura gisa, Oli deitzen didate».

Jose Luis Galilea Donostian jaio arren Gasteizera joan zen bizkor, eta Corazonistas hango ikastetxe batean ikasi zuen. «Bertako talde batekin jokatu nuen estreinakoz saskibaloi partida bat. Zortzi urte nituen, eta kasualitatez, Donostiako Mundaiz ikastetxean jardun genuen; bi puntuko berdinketarekin amaitu zen neurketa. Nik sartu nuen gure taldearen saskiratzea eta zelai erdian hori ospatzen ari ginela, donostiarrek euren saskiratzea egin zuten».

Beñatek, hasieran, eskupilotan aritzen zen, «baina larunbatetan saskibaloi partida asko ikusten nituen, eta halako batean, Aitzol Almandozen bitartez saskibaloian jokatzen hasi nintzen. Pare bat urtez eskupilota eta saskibaloia tartekatu nituen, baina duela bi urte saskibaloiari heldu nion buru-belarri».

Real Madrid, Barcelona eta Kinder Bolonia talde handietan jokatu du Galileak urte hauetan. Palmares zabala du donostiarrak: besteak beste, bi ACB Liga irabazi ditu Barçarekin eta beste bat Madridekin. Berak aipatu duenez, «jokatu dudan talde guztietan oso gustura aritu naiz. Barcelonan izan nintzen denbora gehien, eta agian talde hark utzi zidan arrasto handiena. Hala ere, leku berrietara oso ondo moldatzen naiz, eta leku bakoitzeko gauza onenekin geratzen naiz betiere».

Beñatek aitortu digu Galileaz ez zekiela gauza handirik. «Zerbait entzunda nuen, banekien saskibaloilaria zela, baina hortik aurrera, elkarrizketa hau egin aurretik ikasi dut: non ibili zen, nola jokatzen zuen...». «Kar, kar, kar», hori esan eta berehala, Galilea alboan algara batean hasi da. Lehen aipatu talde horietatik, Beñatek Barçan jokatzearekin amesten du. «Txikitan nire osabak Barcelonako futbol taldeko elastiko bat oparitu zidan, eta ordutik talde horren jarraitzailea naiz. Donostiako Bruesa Gipuzkoa Basket taldean aritzea ere gustatuko litzaidake, nola ez, baina amesten hasita, Barcelonan».

Hainbeste urte goi mailan igaro eta gero, azken denboraldietan LEB mailan dihardu Galileak, eta aurten, Bruesa Gipuzkoa Basket talde donostiarrean. Eskarmentu handia du, eta ildo horretatik, Beñati zera aholkatu dio: «Gora iritsi nahi baduzu, ilusio handia izan eta lana erruz egin behar duzu. Hori eginez gero, norberak pentsa ezin ditzakeen gauzak lor daitezke. Horrekin batera, asko galdetu eta beste jokalariak nola jokatzen duten ikusi. Belaki baten antzerakoa izan behar duzu ahalik eta informazio gehien barneratu eta gero hori zure ezaugarrietara moldatzeko». Baietz dio Beñatek buruarekin. «Askotan esaten digute bai, beste jokalariek egiten dutena ikusi eta ikasteko, hori dela askotan eskola onena», nabarmendu du Beñat Oliveirak.


Beñat Oliveira

Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Ikastexea: Santo Tomas Lizeoa ikastetxea, Bigarren Batxilergoa.
Ametsa: «Gipuzkoa Basketen jokatzea gustatuko litzaidake, baina nire ametsa Bercelonan aritzea da».
Jose Luis Galilea

Sorlekua: Donostia.
Adina: 33 urte.
Kirol ibilbide profesionala: Barcelona (1990-96); Kinder Bolonia (Italia, 1996-97); León (1997-99); Real Madrid (1999-2000); Ourense (2000-01); Ionikos (Grezia, 2001-02); Club Baloncesto Murcia (2002-04); CAI Zaragoza (2004-05) eta Bruesa Gipuzkoa Basket (2005-).

Argazkiak: Sara Santos