Itsaso Arake atleta


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 24 2005/12 »  Itsaso Arake atleta

Protagonista

ITSASO ARAKE 800 METROKO ATLETA
«Oso proba sufritua da neurea, ordu asko entrenatu behar dira bakarrik»
800 metrotako euskal espezialista onenetakoa da Itsaso Arake donostiarra, onena ez bada. Euskadiko txapeldun izan zen distantzia horretan iaz pista estalian nahiz atari zabalean. 1.500 metroko lasterketak probatu nahi ditu aurten.
– Iraupen erdiko korrikalaria zara, baina zein distantziatan jarduten duzu, 800 ala 1.500 metrotan?

– 800 metrotan. 400 metroko distantzia ere probatu nuen, eta denboraldi honetan, 1.500 metroko lasterketak ere ezagutu nahi ditut.

– Aspalditik zabiltza atletismoan?

– Bederatzi urterekin hasi nintzen. Nire aita xabalina-jaurtitzailea izan zen, eta berak erdi behartuta-edo sartu ninduen atletismoan, baina gero, arra barruraino niri sartu zitzaidan.

– Eta aita ez al da kexatu xabalinarekin ez zarelako saiatu?

– Ez dakizu aitak zenbat aldiz esaten didan oraindik garaiz nabilela xabalina probatzeko! Ez du etsi, gainera!

– Eta atletismoa alde batera utzita, beste kirolik egiten al zenuen?

– Atletismoan nabil buru-belarri, txikia nintzenenean krosetan ere lehiatzen nuen, hesi-lasterketetan ere bai... Denetarik egin dut, baina orain 800 metrotan nabil. Saskibaloia ere ikaragarri gustatzen zait, futbolean ere jokatu nuen, baina berehala jabetu nintzen atletismoa zela nire kirola.

– Zer da garrantzitsuena mota honetako lasterketetan: azkarra, iraunkorra izatea, argi ibiltzea lasterketan?

– Denetarik pixka bat: iraunkorra, abiadura, eta beti kontzentratuta izan behar duzu; zeure aurkariak nola doazen ikusi behar da, adi egon... Baina garrantzitsuena beharbada, fisikoki puntu-puntuan egotea da. Atletismoko modalitate gogorrenetakoa dela diote 800 metroko lasterketa.

– Eta telebistaz ikusten den bezala, ukitu eta bultzada handiak izaten al dira lasterketetan?

– Puf! Asko, bai. Gogoan dut iaz Espainiako Txapelketan ukondokada pila izan zirela, eta korrikalari batek, horien ondorioz, odoleztatuta amaitu zuen. Beste batzuk ere lurrera erori ziren lasterketan ibili zen zalapartaren ondorioz.

– Eta zuk ere ematen al zenituen ukondokadak?

– Eman behar direnean eman egin behar dira, baina egia esan behar badut, eman baino gehiago, jaso egiten ditut.

– Zure adineko iraupen erdiko korrikalari asko al dago Gipuzkoan?

– Gipuzkoan ez dago askorik. Oso kirol sufritua da, askotan bakarrik entrenatu behar duzu, kilometro asko egin behar dira, eta diziplina hori onartzen duen jende askorik ez dago. Asko gustatu behar zaizu hori egiteko.

– Idolorik ba al duzu?

– Idoloak baino, miresten ditudan kirolariak ditut, eta Euskal Herrikoak izaten dira horiek normalean. Maite Zuñiga arabarra eta Amelia Lorza gipuzkoarra oso gustuko atletak izan ditut, esate baterako.


NOR DA?

Izena: Itxaso Arake.
Adina: 17 urte.
Taldea: Atlético SS.
Entrenatzailea: Oskar Ezker orain; Fernando Moliner, lehen.
Ikastetxea: Usandizaga institutua, Bigarren Batxilergoa.
Emaitza onenak: Euskadiko txapeldun pista estalian eta atari zabalean, 800 metrotan (2004-05); Espainiako Txapelketan finalista 800 metrotan (2004-05).