 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
Ixiar Urdangarin Euskadiko eta Gipuzkoako kros txapelduna
|
Korrikalari hernaniarra Azpeitiko lasterketan korrika.
|
|
Ixiar Urdangarin atleta hernaniarra da Euskadiko kros txapelduna. Titulu hori du aurten ere jomuga, haatik oraindik ez du erabaki Elgoibarko eta Donostiako nazioarteko krosetan lehiatu ahal izango duen.
|
– Donostiako edo Elgoibarko Nazioarteko Krosetan parte hartzeko asmorik bai?
– Ez dakit, Euskadiko Kros Txapelketa prestatzen ari naiz, eta azken ordura arte ez dut erabakiko korritu edo ez.
– Inoiz korritu al duzu Elgoibarren edo Donostian ?
– Donostian txikia nintzenetik, askotan. Gogoan dut 9 urte besterik ez nituela parte hartu nuela bertan. Elgoibarren, berriz, duela bizpahiru urte jardun nuen, eta oso lasterketa gogorra iruditu zitzaidan duen maldarengatik, batez ere. Baina bai Donostiako bai Elgoibarko krosa Euskadiko Kros Txapelketaren aurretik izaten dira, eta horregatik, ezin izaten dut dudan guztia eman.
– Bien artean, zein zirkuitu doakizu ondoen?
– Donostiakoa lokatzez betetzen bada, korrika egitea oso zaila da. Elgoibarkoa, aldiz, aldapatsua da, eta hor ere kostatzen da korrika egitea, ez pentsa. Biak korritzeko oso indartsu egon behar duzu.
– Zure kirol ibilbidea ez da batere ohikoa gertatu. Urte batzuetan atletismoa utzita izan zenuen. Zergatik?
– Entrenatzailearekin haserretu nintzen, egoskor jarri eta uztea erabaki nuen; 14 urte nituen orduan gutxi gorabehera. Utzi nuenean, ordurako bost urte neramatzan lasterketetan lehiatzen.
– Eta gero, 27 urterekin, berriro heldu zenion atletismoari. Zergatik?
– Nire auzoko gizon batek eskatu zidan berekin korrika egiteko Zarauzko kros mistoan. Han aritu, eta Fortuna taldean sartzera animatu ninduen. Handik pixka batera, Zumarragan lasterketa bat korritu eta-gero, Goierri-Garaia klubak bertako emakumezkoen taldean sartzeko eskatu zidan, eta han nabil. 24, 25 urterekin hasi nintzen berriro korrika egiten, eta duela hiruzpalau urtetik, serio-serio nabil.
– Bidean galdutako urte haietan lehiatzen jarraitu izan bazenu, urrutirago helduko al zinateke?
– Hala dirudi, eta hala esaten didate zenbaitek. Pena handia ematen dit, baina galdutakoa galduta dago. Galdu nituen urte haiek oso garrantzitsuak gertatu ziren, gorputza bere onenean zegoen, sasoian, baina tira, gauzak horrela joan dira, eta zer egingo diogu, bada!
– Hala ere, erakusten ari zara gogoa eta lanarekin onenen artean ibil daitekeela. Dohain handiak dituzulako gertatu da hori ala benetan gogor lan egin duzulako?
– Bietatik pixka bat. Halako probatarako ezaugarri fisiko jakin batzuk izan behar dira, baina gogoa ere garrantzitsua da, eta hori baino gehiago, agian, uneoro ondo eramango zaitun entrenatzaile aproposa izatea.
– Lasterketetan atzetik dituzun eta urte askotan gogor entrenatzen ari direnentzat ez da etsigarria izango zu aurretik ikustea, urtetan atletismoa alde batera utzita egon eta-gero?
– Alderantziz, beste korrikalariak harrituta geratzen dira nirekin, eta meritu handia dudala esaten didate. Korrika egiteak poz handia ematen dit, gustura sentitzen naiz, eta hori ez baduzu sentitzen, alferrik zabiltza. Hori bai, gogoa eta ilusio handia izatea ezinbestekoa da, bestela, hobe uztea. Korrika egitea da nire droga.
|
|
NOR DA?
Izena: Ixiar Urdangarin.
Sorlekua: Hernani.
Adina: 33 urte.
Taldea: Goierri-Garaia.
Palmaresa: besteak beste, Gipuzkoako eta Euskadiko kros txapelduna (2005).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |