Txirrindularitza: Eider Mendizabal


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 25 2006/01 »  Txirrindularitza: Eider Mendizabal

Protagonista

Eider Mendizabal Pistako Txirrindularia
Neguan pistako txirrindularitzan buru-belarri, eta martxotik aurrera, errepidean aritu ohi da Eider.
«Oso kontzentratuta egon behar da erorikorik ez izateko»
16 urterekin, Espainiako onenen artean dago Eider Mendizabal Lasarte-Oriako pistako txirrindularia. Azken bi urteetan podiumera igo da pistako Espainiako Txapelketan.


– Oker ez banago Eider, iragan udan brontzezko domina lortu zenuen Espainiako Txapelketan pistan, jazarpeneko proban. Aurreko urteko emaitza bera, ezta?

– Hala da, bai. Bi urtetan jarraian emaitza bera lortu arren, nire aurretik sailkatutako txirrindulariak ezberdinak suertatu ziren. Matxura batek kalte handia egin zidan azken txapelketan.

– Jazarpena al da zure gustuko proba pistan?

– Nire ezaugarriei ondoen doakion proba dela esango nuke.

– Zer da garrantzitsuena modalitate honetan ondo ibiltzeko, espezialista ona izateko?

– Bizkorregi hastea kaltegarria da oso. Bi kilometroko saioa da, eta bizkorregi ekiten badiozu, azkenean hori ordaindu egiten da. Erritmo onean joan behar da proba guztian zehar, gorabehera handirik gabe.

– Beste modalitateren batean ere parte hartzen al duzu?

– Pistan jazarpenean nabil aurten, baina iaz puntuazioan ere jardun nuen. Aurten ere parte hartu nuke puntuazioan, baina ez dut horretarako aukerarik izan.

– Pistako txirrindularitza errepideko txirrindularitza prestatzeko egiten duzu?

– Ez. Belodromoan sartzen naizenean, horretan nabil buru-belarri, ez diot errepideko txirrindularitzari begiratzen. Pistako txirrindularitza errepidekoa baino gehiago gustatzen zait une askotan. Zenbaitek diote monotono samarra gerta daitekeela, baina niri ez zait hala iruditzen.

– Balaztarik ez da erabiltzen belodromotan. Horrek hasieran sustoren bat edo beste eragin al zizun?

– Oso gutxitan erori izan naiz, baina oso kontzentratuta joan behar duzu erori eta min hartzea erraz samarra gerta daitekeelako. Peraltean mantsoegi joateagatik erortzen dira asko, goian zaudela norbait ukitu duzulako... Niri ez zait gauza handirik gertatu, eta hala jarraitzea espero dut, gainera!

– Maeztu, Aitor Alonso... gipuzkoar asko eta onak daude pistako txirrindularitzan, baina neskatan ere emaitza onak lortzen hasi dira. Zure adineko neska asko al dabil pistan?

– Lehen gutxiago zeuden, baina orain neska gehiago animatu dira pistan korritzera. Nire adineko bi gaude Gipuzkoan jubenil mailako lehen urtean; bigarren urtekoak, gehiago dira. Jubeniletan dozena erdi bat izango gara. Neska asko ez garenez, kadete, junior eta elite mailako neska guztiak elkarrekin lehiatzen dugu. 13-14 bat neska ibiliko gara guztira.


NOR DA?

Izena: Eider Mendizabal.
Adina: 16 urte
Taldea: Luma-Donosti Berri
Ikastetxea: Lasarte-Usurbil institutua, Lehenengo Batxilergoa.
Emaitza onenak: zilarrezko domina Espainiako Txapelketako errepideko erlojupekoan (2005); brontzezko domina pistako jazarpen proban (2004, 2005); Euskadiko txapeldun pistan, 18 urtez azpiko mailan (2004).