 |
|
 |
 |
Elkarrizketa
|
Iker Fernandez Snowboardeko Kirolaria
|
|
|
«Ez dut erabat baztertzen podiumera igotzea Turinen»
|
|
Iker Fernandez rider donostiarrak bere bizitzako susto handiena jaso zuen iaz. Elur-jausi batek aurretik eraman zuen, baina zorionez, onik atera, eta hil honetan (otsailak 10-26), Turingo Neguko Olinpiar Jokoetan ariko da.
|
Igor Uranga
Zure hirugarren Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duzu hil honetan. Aurrekoetan baino presio txikiagoarekin al zoaz?
Nire azkeneko Olinpiar Jokoak izango dira ziur aski, eta aurreko bi jokoetan baino presio txikiagoarekin abiatuko naiz, bai, Turinera. Punta-puntan ibiltzeko aukera txikiagoak ditut oraingoan, nahiz eta ondo entrenatzen ari naizen. Eta nork daki, agian aurreko bi Joko Olinpikoetan baino hobeto ateratzen zaizkit gauzak!
Naganon, 1998an, baina batez ere 2002ko Salt Lake Cityko Olinpiar Jokoetan domina lortzera joan zinen. Gauzak, ordea, ez zitzaizkizun uste bezala atera. Zer gertatu zen?
Naganok oso oroitzapen onak ekartzen dizkit. Duela zortzi urte izan nintzen han, nire kanporaketak ondo egin nituen, finalean izan behar nintzen, baina... Salt Lake Cityko duela lau urteko jokoen inguruan, aldiz, ez dut oroitzapen ona. Denboraldi hartan oso indartsu hasi nintzen, baina gero ukondoan lesio garrantzitsu bat izan, eta azkenean jokoetan ezin izan nuen nire maila erakutsi; oso presionatuta nengoen.
Hortaz, zein helburururekin zoaz Turinera?
Lehen hamabien artean, finalean sartzea nahiko nuke nire azken Joko Olinpikoetan. Oso zaila da, baina helburu hori jarri diot nire buruari. Behin finalean sartuta, edozer gerta daiteke, eta podiumera igotzea oso konplikatua bada ere, ez dut hori baztertzen.
Half pipe modalitatean aritzen zara. Zertan datza zehazki modalitate hori?
Skatekoaren antza duen hodi erdi batean jarduten dugu; ehun metro luze ditu hodi horrek, eta alde batetik bestera zortzi bat bider salto egin behar da. Trukuak, biraketak, txiribueltak... egiten dira.
Eta zer da epaileek baloratzen dutena?
Bakoitzak egiten duen ariketa baloratzen dute bere osotasunean: jauzietan hartzen den altuera, truku edo jauzien zailtasuna... Epaileen lana zaila da, ez baitugu derrigorrezko ariketarik egiteko, askatasun osoa dugu, eta hori gero behar bezala baloratzea, ondo epaitzea, ez da erraza.
Lau urterekin hasi zinen joaten zure familiarekin eskiatzera, eta ia hasieratik snowboarda aukeratu zenuen. Zergatik?
Donostian skatea egiten nuen, surfean ere aritzen nintzen, eta zaletasun horiek guztiek eragin zuzena izan zuten snowboarda aukeratzeko orduan. Nire anaia zaharrenek ere egiten zuten snowboard, eta horrek guztiak bultzatu ninduen.
Edonola ere, txikitatik Realeko futbolaria izatearekin amesten omen zenuen. Zer gertatu zen, bada, hala ez gertatzeko? Jokalari txarra al zinen?
Futbolean ondo samar jokatzen nuela esango nuke, baina hamabost bat urterekin-edo, snowboard egiten gehiago gozatzen nuen. Oharkabean gauzak ondo joaten hasi zitzaizkidan neguko kirol horretan... Añorgan aritu nintzen futbolean, eta ezkertia naizenez, ezker hegalean, zelai erditik gora jarduten nuen. Txiki samarra nintzen, eta hori futbolerako ez zen aproposa garai hartan.
Snowboarden ez zinen ondo hasi, eski-estazioetan kirol hori praktikatzen ez baitzuten uzten, ezta?
Hala da. Kirol honi heldu nionean, oso jende gutxik egiten zuen snowboarda, baina zorte handia izan nuen nire anaiek praktikatzen zutelako. Espainiako eski-gune askok ez zuten uzten snowa egiten, baina ni Astunera joaten nintzen; han ez nuen arazo handirik izaten.
Oraindik ere snowboarda egiteko sukar handia al dago gazteen artean?
Zeharo finkatuta dagoen neguko kirola da. Eski-estazioetako arduradunek zioten moda bat besterik ez zela izango snowaren kontu hau, baina ikusten duzu, kirol bat, kirol olinpiko gainera, eta zale asko dituena bihurtu da. Bultzada handia jaso zuen 1990eko hamarkadan, eta orain, oso finkatuta dago. Surfak eta skateak ere zale asko ditu egun, eta horretan aritzen direnak eski-guneetara doazenean, horien antza duen snowboarda aukeratzen dute.
Euskal Herritik gertu snowboarda egiteko instalazio egokiak ba al ditugu?
Kostata, baina pixkanaka hobetzen ari dira, eta ni neu behintzat, lehiatzeari uzten diodanean, instalazioen alderdi hori hobetzen ahaleginduko naiz. Eski-estazioetan snowboarda egiteko instalazio egokiak lortzen saiatuko naiz behetik datozen gaztetxo horiek guztiek behar bezala jarduteko aukera izan dezaten. Instalazioak hobetu ahala, harrobia ere hobetuz joango da, eta azkenean, goi mailako riderak aterako dira.
Iragan martxoan, hiltzeko arriskuan izan al zinen?
Antzeko zerbait, bai. Hiltzeko moduko sustoa hartu nuen Austrian, elur-jausi batek harrapatu baininduen. Hasieran harkaitz batzuk kolpatu nituen, ez nekien elur azpian geratuko nintzen edo ez... Elurrak harrapatu ninduen unean, elur azpian geratuko nintzen beldurrez nengoen, baina gelditu nintzenean, burua elur azpian ez nuela konturatu nintzen. A zer nolako lasaitua hartu nuen! Beso batean eta mokorrean min handia nuen, baina gaitz erdi hori bakarrik nuenean!
|
|
MOTZEAN
Eski-estazio bat : Astunen ikasi nuen; hortik aparte, Baqueira Beret eta Boí Taüll.
Pelikula bat : Pulp Fiction.
Kirolari bat : Kelly Slater surflaria.
Realeko futbolari bat : Mikel Aranburu.
Zer egingo duzu domina olinpiko bat irabazten baduzu? Nire taldekideekin, familiarekin eta adiskideekin behar bezala ospatu; parrandan joango nintzateke, jakina!
Leku bat : Donostia, St. Moritz, Alaska.
Plater bat : kokotxak saltsa berdean.
Edari bat : ura eta garagardoa.
Bizio bat : irakurtzea eta surf egitea.
Eta erretiratzen zarenean, zer? Erretiratzen naizenean, kirol hau bultzatzen lagundu nahi nuke etxetik hurbil, eta ziur nago snowboardeko marka bat edo beste saltzen ariko naizela.
|
|
NOR DA?
Sorlekua : Donostia.
Adina : 28 urte.
Altuera eta pisua : 1,85 metro eta 80 kilo.
Kirola : snowboard (half-pipe).
Palmaresa : otsailean Turinen egingo diren Olinpiar Jokoak hirugarrenak izango dira beretzat; Salt Lake Citykoetan (AEB, 2002) eta Naganokoetan ere (1998) lehiatu zen donostiarra.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |