Andres Vilariño


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 26 2006/02 »  Andres Vilariño

Mitoa

Andres Vilariño Auto Gidaria
Sasoikoa, ipurtarina... eta auto-gidari aparta


17 urterekin hasi zen Andres Vilariño auto-lasterketetan. Urte asko egin ditu lehian,
eta besteak beste, lau aldiz irabazi du Mendiko Europako Txapelketa.
Vilariño abizena entzun bezain laster, autoak etortzen zaizkigu burura. Andres Vilariño pilotu donostiarrak palmares oparoa lortu du, mendiko automobilismoan bereziki.
Sorlekua : Donostian jaio zen 1952ko irailaren 28an; 53 urte ditu, beraz.

8 urterekin, gidatzen ikasi : Andres Vilariñok aitortu digunez, «nire aitak automobilismorako zaletasun handia zuen, eta zortzi urte besterik ez nituela autoa gidatzen erakutsi zidan».

Ziria sartu : 17 urterekin hasi zen lehiatzen. «Hasieran kopilotua nintzen, eta nire lehen lasterketan familiari gezur txiki bat esan nion. Patin-hockeyko partidua nuela esan nien, baina hori egin beharrean, auto-lasterketa batean parte hartu nuen». Geroago jakin zuten hori egin zuela, «baina ez pentsa asko haserretu zirenik!».

Istripu larriak : 1999an, Murtzian, 235 km/h-ko abiaduran istripua izan zuen Espainiako Mendiko Txapelketan ziharduela. Orkatiletan bakarrik hartu zuen min. «Urtebete lehenago, Italian, beste ezbehar batean autotik airean irten nintzen metro batzuetan». Zorionez, bietan ere zorte handia izan zuen.

Seme-alabak, pilotuak : Ander eta Angela Vilariño bere seme-alabak pilotuak ateratzea «saihestezina zen; hala behar zuen»

Ametsa : Bat Formula alde batera utzita, Ander bere semea «Superturismoen Munduko Txapelketako auto bat pilotatzen ikustearekin amesten dut».

Geldiezina : hegazkineko pilotu pribatua, merkataritza-ontzien kabotaje-patroia, turismo ikasketak eginda... Denetarik pixka bat egin du Andres Vilariñok, «geldirik egon ezin duen pertsona bainaiz».

Kirolaria : «Ordu eta erdiz gimnasioan aritzen naiz egunero: ergometroan 20 minutuz, abdominalak indartzeko 330 ariketa...»

Semearekin nahastu : Andresi gertatu izan zaio pertsona nagusi bat etorri eta zera esatea: «Ander, nik zure aita ezagutzen nuen, eta oso azkar gidatzen zuen». Eta Andresek, albotik: «Barkatu, baina ni Andres naiz, Anderren aita». «Harrituta geratzen dira –dio Andresek–, sasoian nagoelako eta gazte itxura hartzen didatelako».

Palmaresa : besteak beste, Europako Mendiko Txapelketan lau aldiz garaile suertatu da.
Vilariño familia . Ander eta Angela seme-alabak, Andres euren aitarekin. Andresek aitortu digunez, «saihestezina zen nire seme-alabak lasterketetako auto gidariak izatea. Hala behar zuen...».